Mohamed Ali. Eraikitzailea

«Beldur naiz Al-Sisik sikario bat bidaliko duen ni hiltzeko»

Egiptoko armadako jeneralen oparotasuna agerian utzi zuen bideo sorta batekin. Erbestean egonagatik, jarraitzen du «injustizia» salatzen. «Asmoa da herrialdea demokratiko bihurtzea».

Ricard Gonzalez.
Tunis
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Mohamed Ali (Kairo, 1974) eraikitzaile eta aktore amateurra da, hamabost urte igaro dituena Egiptoko buru militarrei luxuzko palazioak eta hotelak eraikitzen. Tratu umiliagarriez eta ordaindu gabeko fakturez nazkatuta, bere mendekua aurrera eramatea erabaki zuen joan den irailean. Herritarren heren bat pobrezia larrian bizi den bitartean Egiptoko jeneralak inguratzen dituen oparotasuna salatu zuen xehetasun osoz, biral egingo ziren bideo sorta batean. Milaka pertsonak erantzun zuten haren protestarako deia. Lehenak, Abdel Fattah al-Sisi mariskalaren lau urteko diktadura ankerrean. Erregimenari eginiko desafioa errepresio orokorrarekin amaitu zen: 4.300 atxilotu inguru. Alik BERRIArekin hitz egin du telefonoz, Bartzelonan erbesteratuta dagoela.

[youtube]https://youtu.be/IsNST8d_-GQ[/youtube]

Nola funtzionatzen du ustelkeria sareak?

Obrak nahieran adjudikatzen dira, lehiaketa publikorik gabe: «Zu, egidazu jauregi bat». Ez dago ez kontraturik, ez sinadurarik: dena eskura ordaintzen dizute, eta, gutxi gorabehera erdia, beltzean. Arkitekto militar bat dago bizileku bakoitzaren kargu, eta komisio bat izaten du; obraren kostuaren %15 ere izan daiteke. Ezin duzu ezetzik esan, komisio hori ordaintzen ez baduzu ez duzulako lortzen obra egiteko beharrezko sinadura. Triumph hotela egiteko lanek balio zuten 110 milioi euroen %1,5 ordaindu nuen, militar baten sinadura lortzeko bakarrik. Eta ez dago arazorik: gainkostu guztia Defentsa Ministerioaren aurrekontutik ateratzen da [hori sekretua da Egipton].

Luxuz inguratuta bizi direla esaten duzunean, zer esan nahi duzu?

Al-Sisi Defentsa ministro zela, harentzat lau solairuko jauregi bat eraikitzea agindu zidaten, bakoitza 600 metro karratukoa, eta hotel batekoa zirudien sukalde batekin. Zortzi gune pribatu zituen, suit, jacuzzi eta haurrentzako gune eta igerileku eta guzti. Guztira, sei milioi euro inguruko kostua izan zuen.

Aktibista politikotzat daukazu zeure burua?

Egiptoko herritar bat naiz, apolitikoa. Nire familiak ez du sekula parte hartze politikorik izan. 2011n, Tahrirren protestak zeudenean, pentsatu nuen hura ez zela nire kontua; eraikitzera eta pelikulak egitera emana nengoen. Lehen bideoa publikatu aurretik, ez nuen inongo kontakturik oposizioko alderdiekin. Orain denek babesten naute, iraultzaileetatik liberaletara, baita Anaia Musulmanek ere. Izan ere, lehen bi bideoen ostean, erregimenak nire Facebook orria hackeatu zuen, eta beste oposiziogile batzuek ireki zuten berriz. Helburua Egipto herrialde demokratiko bihurtzea da.

Hain zuzen, zuk zeuk eraiki zenuen disidentzia kontrolatzeko zaintza elektronikorako zentro bat.

Sei edo zazpi solairuko eraikin bat egitea agindu zidaten, normala ez zen azpiegitura informatiko bat zuena. Arabiar Emirerri Batuen finantzaketa zuen. Ironia da ondoren erregimenak nire kontra egin duela.

Orain dela sei hilabete, Egipton inork ez zekien nor zen Mohamed Ali. Nola azaltzen duzu ospea hain azkar hartzea, eta hainbeste jendek zure bideoak ikustea?

Jendeak badakielako egia esaten dudala, baita injustizia nire larruan sufritu dudalako ere. Militarrek 12 milioi euro zor dizkidate. Horrela kontrolatzen dituzte eraikitzaileak: obra bat ez duzu kobratzen harik eta hurrengoarekin zorpetzen zaren arte.

Zure bideoekin irailaren 20ko eta 27ko protestak bultzatu zenituen, eta errepresio ikaragarriarekin amaitu ziren. Gutxienez 4.000 atxilotu daude. Merezi izan du?

Dudan informazioaren arabera, gutxienez 8.000 atxilotu daude. Ez naiz damutzen egiptoarrak kalera ateratzeko deia egiteagatik; baina penatzen nau hainbeste jende espetxean egoteak. Erregimenaren aldeko telebista aurkezle batek ere esan zuen, iturri judizialak aipatuta, nire bideoak partekatzen dituztenak edo sakelakoan gure gazteen iraultzaren logotipoa dutenak arriskuan daudela hiru milioi lira egiptoarreko isuna jar diezaieten [60.000 euro inguru]. Niretzat, hau guztia ikasketa bat da.

Eta, orain, zein da plana?

Ni eta beste jende asko plan bat prestatzen ari gara, mobilizatzeko forma berriak barnean hartzen dituena, protestatzen duen jendearen osotasun fisikoa bermatzeko. Denek ez dute zertan manifestazioak izan. Bi edo hiru aste barru argituko dugu hori.

Egiptoko armada barrutik ezagutzen duzu. Dirudien bezain bloke monolitikoa da, edo barne zatiketak daude?

Denbora da zatituta dagoela, batez ere erdiko eta beheko mailetan. Kupula bakarrik da solidoa. Al-Sisiren gertukoek osatzen dute; hainbat haren familiakoak dira. Badakite beren artean zatiketak badaude dena eroriko dela. Ez da egia armadako arrain handiren baten babesa dudanik: maila apaleko ofizialekin bakarrik nuen harreman ona. Horiek ere eskandalizatuta zeuden, baina, ahoa irekiz gero, gerra kontseilu bat egingo liekete, eta agian heriotza zigorrera kondenatu.

Mehatxatuta sentitzen zara?

Ziur naiz Espainiako agintariek ez nautela deportatuko, hemen giza eskubideak errespetatzen direlako. Badut beldurra, ordea, Al-Sisiren inguruak sikario bat bidaliko ote duen ni hiltzeko. Jendetzak saihesten saiatzen naiz, nora noan zaintzen dut, eta agerian ez geratzen saiatzen naiz.

Egiptoko agintariren bat zurekin harremanetan jarri da?

Lehen bideoa publikatu ostean, pertsona anonimo batek hitz egin zidan, eta esan Al-Sisi presidenteak bazekiela zertan ari nintzen; eta zorra ordainduko zidatela bideoa sare sozialetatik ezabatuz gero. Elkarrizketa bat eskaini zidaten Madrilgo enbaxadan, baina ez zitzaidan burutik pasatu ere egin han agertzea. Gero, mehatxuak egin zizkidaten telefonoz, burua moztuko zidatela esanez. Berehala eten nuen kontaktua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.