Zortzi esne enpresari salaketa jartzeko eskatu die EHNEk abeltzainei

CNMCk 80 milioi euroren isuna ezarri zien 2000tik 2013ra kartel bat osatu zutenei. Sindikatuak aldarrikatu du urte horietan sektorean aritutako orok «kendutakoa berreskuratzeko» eskubidea duela

IñIGO URIZ / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Iazko uztailean, CNMC Espainiako Lehiarako Batzordeak 80 milioi euroko isuna ezarri zien zortzi esne enpresari, 2000tik 2013ra bitartean kartel bat osatu zutelako eta prezioak hitzartu zituztelako. Pascual, Central Lechera de Galicia, Corporacion Alimentaria Peñasanta, Danone, Nestle, Lactalis, Industrias Lacteas de Granada eta Schreiber Food enpresek osatu zuten kartela.«Praktika mafioso horrek» esne merkatua baldintzatu zuenez, hamahiru urte horietan esnegintzan aritu diren abeltzainei enpresa horien aurka jotzeko eskatu die EHNEk. Epaitegietako bidea luzea eta zaila dela jakin arren, arrazoia alde dutela uste du.

Horren berri emateko agerraldi bat egin zuten atzo EHNEren konfederazioa osatzen duten hiru elkarteek —Gipuzkoako eta Nafarroako EHNEk eta UAGAk—. Azaldu zutenez, abokatu talde bat harremanetan jarri da EHNErekin, nahi duten abeltzainek salaketa aurkez dezaten. «Nahiko genieke esan ekoizleei eta behi esneekin ibili den jendeari baduela aukera urte horietan kendu dieten dirua jasotzeko. Badu aukera zortzi enpresa horiei esnea eman zienak, eta badu aukera beste edozein enpresari eman zien abeltzainak ere, oligopolio horrek baldintzatu zuelako haiek jasotako prezioa», zehaztu du Imanol Ibero Nafarroako EHNEko idazkari nagusiak.

Iberoren arabera, salaketa jartzeko ez da derrigorrezkoa hamahiru urte horietan sektorean aritu izana; epe horren barruan urte batez esnea ekoitzi izana nahikoa da, eta garai hartan esnegintzan aritu baina egun jarduera utzia duten etxaldeek ere jar dezakete salaketa. Halaber, gaur egun urte haietan sektorean aritu zen baserritarra hilda badago ere, euren oinordekoek ere aurrera jo dezakete, nahi izanez gero.

Abeltzainek behar dutena

Horretarako, fakturak aurkeztu beharko dira. Eduki ezean, finantza erakundean egiaztatutako diru mugimenduekin zein Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak etxalde bakoitzaren esne produkzioaren biltzen datuekin osa daiteke informazioa. Martxorako egin behar da eskaera, eta, beranduenez, uztailaren 11rako. Edozein xehetasun argitzeko, EHNErengana jotzeko eskatu dute, eta haiek abokatuengana bideratuko dituzte.

Abokatuek azaldu diete irabazteko aukera asko dituztela, CNMCren ebazpenean kartelaren inguruko xehetasun eta datu asko ematen baitira. Dena den, esne industriak abokatu talde indartsuak izango ditu, eta horrek kezkatu egin ditu abeltzain asko. EHNEren ustez, kobratu zutenaren eta jaso beharreko diruaren arteko diferentzia 250 euro izan daiteke urtean, behi bakoitzeko. Ehun behi dituen etxalde batek hamalau urte horietan esnea ekoitzi badu, erreklamazioa 300.000 eurorena izan daiteke. Hala ere, epaitegiek ebatzi beharko dute zein den diferentzia. «Urte askoko borroka izango da», esan du Iberok.

Ohartarazi du «esne sektorearen azken urteotako dinamika etsigarria» dela eta galbidera doala. Nafarroan, adibidez, duela bost urte 200 etxalde zeuden, baina orain 150 besterik ez, eta Euskal Herri osoan ehunka abeltzainek utzi dute sektorea. «Merkatuaren logika ez da naturala, ezta bidezkoa ere. Kartelak ixtera kondenatu ditu, eta, aldi berean, intentsifikaziora. Joko arau tranpati horiekin, bizirik iraun ahal izateko gero eta gehiago ekoiztera eta inbertitzera bideratu dituzte abeltzainak, eta estutasunean bizitzera kondenatu», kritikatu du Iberok.

Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko idazkari nagusiaren esanetan, egoera bidegabea ez da konpondu. Egun ere, esne ekoizleek litroko hiru zentimo merkeago kobratzen dute, Europaren aldean. «Hamahiru urtez iraun zuen praktika bati buruz ari gara. Zer egin behar dugu, hemendik hamahiru urte barru berriro ere halako zerbait atera? 80 milioi euroko isuna ezarri diete, baina abeltzainei ez zaie iritsiko. Sektoreak joko arau argiak eta praktika leialak eskatzen dituenean, hauxe da adibiderik argiena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.