Karabakh Garaiko itunak kolokan jarri du Paxinianen etorkizuna

Armeniako lehen ministroak aitortu du «oso mingarria» izan dela Azerbaijanekin eta Errusiarekin menia sinatzea. Erevanek kontrolpean dituen eremu asko galduko ditu

Karabakh Garaiko itunak kolokan jarri du Paxinianen etorkizuna.
ander perez zala
2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Akordioaren berri eman eta berehala Armenian izandako protestek agerian utzi dute porrota erabatekoa izan dela Karabakh Garaiko aurtengo gerran: Nikol Paxinian lehen ministroak, bere armadaren gomendioari jarraituta, eta Azerbaijangoaren aurrerapauso etengabeak kontuan hartuta, su-eten iraunkor bat finkatzeko akordio «oso mingarria» sinatu du Bakurekin eta Moskurekin. Armeniar askorentzat umiliazio bat izan da, baita traizioa ere, irail amaieratik hona galdutako eremuez gain beste batzuen kontrola emango baitiote Azerbaijani, bere garaipen handiago bat eragoztearen truke. Aldi berean, Paxinianen etorkizuna kolokan geratu da.

«Ez da garaipen bat, baina ez dago porrotik garaitua sentitzen zaren arte», idatzi zuen Armeniako lehen ministroak Facebook sare sozialean, atzoko ordu txikietan. Erabaki horrek hainbat armeniarren amorrua eragin du, eta haren bizilekuaren inguruan bildu ziren atzo protesta egiteko, Erevan hiriburuan, baita gobernuaren eraikin batzuetara sartu ere protesta egitera. Oposizioan, bien bitartean, alderdi batzuek —kontserbadoreenek— iragarri zuten menia ekiditeko sinadura bilketa hasiko dutela parlamentuan.

Adosturiko akordioaren arabera, Armeniak kontrolpean zituen hiru eskualde emango dizkio Azerbaijani: Karabakh Garaiaren mendebaldean dagoen Kalbakhar, hilaren 15a baino lehen; ekialdeko Aghdam ere bai, hilaren 20a baino lehen; eta azkenik hego-mendebaldeko Lachin, abenduaren 1a baino lehen.

Hain justu, Lachinen inguruan bost kilometro zabal izango den korridore bat sortzea adostu dute, Armenia eta Karabakh Garaia konektatzeko; Bakuren kontrolpean dagoen eremutik pasatuko den arren, Errusiak bermatuko du segurtasuna eta horren funtzionamendua, Moskuk «bake indarrak» bidali baititu eremu horretara. Denera, 1.960 militar izango dira han, ehunka ibilgailurekin batera, eta Stepanakert izango dute operazioen zentro.



Hori bai, soldaduen presentziak luze iraungo du: itunak dioenez, datozen bost urteetan Errusiak presentzia militarra izango du Karabakh Garaian, eta litekeena da hamar urtera ere luzatzea. Haiek arduratuko dira itunean ezarritako beste puntuak betearazteaz: desplazatuak eta errefuxiatuak euren etxeetara itzultzea, eta hildakoen, presoen eta bahituen trukatzea egitea.

Hegoaldean beste korridore bat irekitzea ere adostu dute, Azerbaijan hegoaldea eta Azerbaijanen parte den Nakhitxevango Errepublika Autonomoa lotzeko; hango garraiobideen segurtasunaz Armenia arduratuko da, Errusiaren laguntzarekin, eta Baku Lachinekoaz, hango errepidearen eraikitze lanak amaitzean.

Datorren testuingurua

Hiru herrialdeek adosturiko akordioak Errusiaren eta Turkiaren eragina berretsi du Kaukason, eta epe ertainera begira gerrak ez jarraitzea lortu du. Halere, ikusteko dago Armeniako politikaren desegonkortasunak zer eragin izango duen; gobernu aldaketa batek eta agintari nazionalistago bat boterera iritsiko balitz, gerrara itzultzea mahai gainean egon liteke.

Bakuk, aldiz, ez du borrokara itzultzeko arrazoirik, ituna eztabaidarik gabeko garaipena izan baita beretzat; gainera, Karabakh Garaiaren iparraldean Errusiako militarrak daude egun, eta horiei aurre egitea ez litzateke Armeniakoen aurka egitea bezala izango.

Aldiz, akordioak ez du jasotzen Karabakh Garaiak eta hango Artsakheko Errepublikak zer estatus izango duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.