«Ongi atera zen jokaldia»

Burgosko Prozesua hasi zela mende erdi bete zen atzo, eta, horren karietara, hainbat epaitu eta abokatu bat elkartu ziren atzo, Eibarren egindako mahai inguruan.
Eibarren egin zuten, atzo, Burgosko Prozesuari buruzko hitzaldia. Elixabete Garmendiak eta Josu Chuecak gidatu zuten solasaldia.
Eibarren egin zuten, atzo, Burgosko Prozesuari buruzko hitzaldia. Elixabete Garmendiak eta Josu Chuecak gidatu zuten solasaldia. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Maider Galardi F. Agirre -

2020ko abenduak 4

Jada mende erdi pasa izanagatik, bizi-bizi dago egun horietan sentitutakoa Burgosko Prozesuan izandako auzipetuen eta abokatuen aho eta begietan. Atzo bete ziren 50 urte epaiketa hasi zenetik, baina epaiketan zirenek oraindik ere ahots urratuarekin kontatzen dituzte orduan bizi izandakoak. Eta, ahots urratuarekin bezainbeste, determinazioz, «frankismoaren epaiketa» egin izanaren sentsazioa baitute. Bai behintzat atzo Eibarren (Gipuzkoa) elkartutakoek. Elixabete Garmendia kazetariak eta Josu Chueca historialariak gidatuta, mahai-inguruan bildu ziren Pedro Ibarra abokatua eta Arantxa Arruti, Antton Karrera, Itziar Aizpurua eta Enrique Gesalaga auzipetuak —Francisco Letamendia Ortzi abokatua eta Jon Etxabe epaitua ezin izan ziren egon, baina haien testigantzak irakurri zituzten Garmendiak eta Chuecak—.

Prozesuak luze iraun zuen, Unai Dorronsoro lehen atxilotua 1968ko abenduaren 7an atzeman baitzuten. Orduan hasi, eta, 1969ko apirilaren 11ra bitarte, beste hamabost kide atxilotu zituzten, guztiak Burgosko Prozesuan auzipetuak. Epaiketak, ordea, sei eguneko iraupena izan zuen: abenduaren 3tik 9ra arte —BERRIA epaiketaren zuzeneko kontaketa egiten ari da, mende erdi atzera, Twitterreko kon- tu berezi baten bidez: @berria1970, eta ebazpena abenduaren 28an jakinarazi zuten; besteak beste, hiru heriotza zigor bikoitz ezarri zizkieten Eduardo Uriarteri, Jokin Gorostidiri eta Xabier Izkori; eta Mario Onandiari, Unai Dorronsorori eta Xabier Larenari heriotza zigor bana. Besteek espetxe zigor handiak jaso zituzten. Eta, handik bi egunera, abenduaren 30ean jaso zuten heriotzaz libratu zituen indultua. «Ongi atera zitzaigun jokaldia», esan du Ibarrak solasaldia hasi bezain pronto. Haraino heltzeko bidea, ordea, malkartsua izan zen: lan handikoa, auzipetuek eta abokatuak berak azaldu dutenez.

Ibarrak oroitarazi du presoek diseinatu zutela epaiketaren estrategia: «Haien erabakia izan zen epaiketa salaketa eta aldarrikapen politikorako erabiltzea. Ez zuten ohiko defentsa estrategia erabili nahi: epaiketa politiko bat egin nahi zuten».

Hala baieztatu du Karrerak: «Egun asko eman genituen epaiketa prestatzen». Haiek esan zieten abokatuei zer galdera egin behar zizkieten, eta baita zer erantzungo zuten ere. Helburua zen hainbat aldarrikapen eta salaketa egitea, abokatuen galderak erantzun ahala, gero, epaiketa amaitu ostean, liburuxka gisa jaso ahal izateko, gainera.

Hainbat gai landu zituzten; besteak beste, euskara. Ongi gogoan du Aizpuruak: «Gaur Euskararen Eguna da. Ezin nuen militarren aurrean euskara erabili, baina haien aurrean euskara defendatzea ohore handi bat izan zen». Arrutik badu pena, halere: «Aldarrikatu ez genuen bakarra izan zen andreen askatasuna eta berdintasuna; hori ez dut ahaztuko nire bizitzan. Frantzian dagoeneko bazegoen mugimendu feminista, eta hori ez aipatu izanak tristatzen nau. Gauzak kokatu behar dira garai konkretu batean, baina emakumeok aspalditik ginen borrokan». Zailtasunak zailtasun —emakumeak bakartuta zeuden; ezin zuten estrategia gainontzekoekin prestatu—, bide orria eginda ailegatu ziren abenduaren 3ra, eta lortu zuten xedea: nazioartean haien ahotsa entzutea eta herritarrak mobilizatzea.

Epaiketa eguna heldu zenerako, ordea, urduri zeudela aitortu du Gesalagak: «Batzorde militarrak ez zekien zein zen gure estrategia, eta gure beldurra zen ohartzea zertan ari ginen eta eskatzea ateak itxita egiteko epaiketa. Hasieran urduri ginen, baina senideek esan ziguten kanpoan zer-nolako mobilizazioak zeuden. Tranpa jan zuten. Ez zuten pentsatzen zer egiten ari ginen; gu zerekin hil, gillotinarekin ala fusilarekin, horixe zuten buruan».

«Guri protesta horiek oxigenoa ematen ziguten», nabarmendu du Karrerak, eta gehitu du: «Zuzenbide ikuspegitik, hanka sartzeak egiten zituzten. Epaiketa bertan behera utzi zutela, hausnarketa egin behar zutelako. Gogoeta egin behar zuten, eskuetatik ihes egin zielako auziak. Hori lortu genuen». Aizpuruaren ustez, «herriak» eman zuen sostengu handiena: «Herri bat zegoen zutik, benetako herri bat. Eta herria izan zen epaitua. Baina, hain justu, babes horri esker eman genion buelta auziari, eta gu geu izan ginen Francoren erregimena epaitu genuenak».

Indultura arteko bidea

Auzipetuak eta abokatuak pozik ziren egindakoarekin, baina zigorrak etorri ziren abenduaren 28an, eta sei kidek zuten heriotza begien parean. Aizpuruak ondo gogoan du bere bikotekide zenari —Gorostidiri— heriotza zigorra nola ezarri zioten: «Esan nion hil bezperan deitzeko. Nahi nuen berekin pasatu tarte bat, eta ahal banuen hari puska bat kendu, eta haurdun gelditu, ondorengoak izan zitzan. Publikoki esaten dut, hala izan zelako».

Ez zen halakorik behar izan, indultatu egin baitzituzten. Herritarren mobilizazioa eta nazioarteko babesa izan ziten gako, baina Karrerak azpimarratu du militarren gogoa aldatu, ez zela aldatu: «Egon ziren beste heriotza zigor batzuk, eta gauzatu ziren. Beraz, egiteko beldurrik ez zuten, baina egun horietan mugitu zen guztiak geldiarazi zuen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Izpegin jende andana bildu da pasabidearen zerratzea eta Frantziako indar militarren okupazioa salatzeko. ©BOB EDME

Izpegiko pasabideari, mugarik ez

Ainize Madariaga

Nafarroaren zatiketa salatzeko, berrehun lagunetik goiti bildu da Izpegiko lepoan. Frantziaren okupazio militarra ere gaitzetsi dute

Gaur eguerdiko prentsaurrekoa, Iruñean. ©Jagoba Manterola / Foku

«Ziklo bat ixteko garaia da»

Joxerra Senar

Altsasuko gazteek, haien gurasoek eta herri plataformak agerraldi bateratua egin dute Iruñean. Eskerrak eman dituzte azken lau urteetan jasotako elkartasunagatik. 

Imanol Satrustegi historialaria. Tesia egin du Nafarroako ezker iraultzaileari buruz ©Iñigo Uriz / Foku

Utopia helburu

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

NUPeko historialari Imanol Satrustegik 1970eko hamarkadako Nafarroako ezker «iraultzailea» aztertu du, hilaren 29an aurkeztuko duen tesian. «Iraultza xede hartzeak mobilizatzeko balio izan zuen».

 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Jaurlaritzak zuhur jokatu behar du»

Jon O. Urain

Anduezak uste du aurrekontu «oso orekatuak» egin dituztela. Pozik dago Eibarren eta Irunen EH Bildurekin eta EPrekin adostu dituztelako 2021erako kontuak: «Onuragarria da udaletan bide horiek esploratzea».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna