Kearen zirrikitu berrien aurka

Hamar urte bete dira Hegoaldean tabakoaren aurkako legeak leku publiko itxietan erretzea debekatu zuenetik. Eragileen arabera, oraindik urrats gehiago egin daitezke.

Tabakoaren kontsumoa eta horren ondoriozko osasun arazoak apaltzea lortu zuen legeak lehen urteetan. MARCELO SAYÃO / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Hamar urte bete dira aurten Hego Euskal Herrian zigarroen kea haizeak hartu zuenetik. Hain zuzen, 2011ko urtarrilean leku publiko itxietan erretzeko erabateko debekua ezarri zen, Espainiako Kongresuak tabakoaren kontrako legea gogortu ondoren. Zalaparta handia eragin zuen neurriak, batik bat ostalaritzan —aurrez partziala izan zen debekua, eta taberna eta jatetxe askok egokituak zituzten instalazioak—; eta orduko Osasun ministro Leire Pajinek ere aitortu zuen zaila izango zela: «Ohitura aldaketek denbora behar dutela badakigu, baina, azkenean, merezi dute». Eztabaidagai izan zen neurria Hego Euskal Herriko txoko guztietan, baina, apurka, zalaparta haren oihartzuna apaltzen joan zen. Hamar urteren ondoren, badago egin beharreko beste azterketa bat, funtsezkoa: nolako eragina izan du legeak? Kontsumo joerak aldatu ditu? Erretzaile gutxiago daude egun?

Argi hitz egin du Joseba Zabala mediku eta ENTAE Euskadiko eta Nafarroako Tabakismoari Aurre Egiteko Elkarteko kideak: «Kontsumoan eragina izan zuen. Hasieran, egundoko aurrerapausoa izan zen, eta oso onuragarria. Bihotzekoen tasa jaitsi egin zen; jazoera kardiobaskularrak apaldu ziren, tabakoaren eragina itzela zelako. Ez soilik erretzaile aktiboentzat, baita pasiboentzat ere». Harrezkero, baina, hamar urte pasatu dira, eta topatu ditu ñabardurak: «Ez da neurri berririk ezarri. Aldaketak egin dituen bakarra Eusko Legebiltzarra izan da. Adizkioen Legea ezarri zuen 2016an. Eta, horren ondorioz, pare bat urrats interesgarri egin ziren: kirol leku irekietan erretzea debekatzea eta tabakoa eta zigarreta elektronikoa parekatzea. Baina ez da nahikoa». Egungo egoeraren diagnostikoa egiteko konparaketa bat egin du: «Geltokietan zaharkitzen utzitako tren zahar horietako bat bezalakoa da. Hori da legearekin gertatu dena».

Tabakoaren industria gazteekin konektatzen saiatzen ari dela uste du Zabalak, «erreleboa ziurtatuta» izateko. Eta, horretarako, haren esanetan, hainbat tresna baliatzen dituzte; batetik, sare sozialak: «Frogatuta dago enpresa multinazionalek influencer-ei ordaintzen dietela erretzen agertzeko, eta erakusteko zer glamourosoa den erretzea». Bestetik, berriz, «kalamua» litzateke. «Egun, gazteak oso goiz hasten dira erretzen. Eta asko, porruaren bitartez».

Tabakismoaren inguruan kontrol neurri zorrotzagoak behar direla iritzi du Zabalak. Ez du urrutira jo: Ipar Euskal Herria jarri du adibide, Frantziako Estatuan araututakoa aintzat hartuta. Han, tabako pakete generikoak dituzte, hau da, marka guztietakoek kanpotik itxura berbera dute, eta kolore batekoak dira, «marroixkak». Neurri eraginkorra dela uste du, erakargarritasuna galtzen duelako, besteak beste. Australia izan zen neurri hori indarrean jartzen lehena, eta bide hori jarraitu dute beste hainbatek.

Tabakoaren prezioari ere erraparatu dio: Hegoaldean, bost eurotik behera eskura daiteke tabako pakete bat; aldiz, Ipar Euskal Herrian hamar eurotik gorakoa da prezioa, hau da, bikoitza. «Zer gertatzen da, beraz, Euskal Herriko errealitatean? Iparraldeko erretzaileak Hegoaldera pasatzen direla tabakoa erostera». Industriarekin kontrol estu bat izatea galdegin du, tabakorekin komertzializazioa erraztea eragotziko duena; baita prebentzioan eta tratamenduan zentratzea ere.

Neurriak, urgentziaz

Hala, lege berri bati begira, hainbat gauza eskatu ditu elkarteak, eta neurri batzuk premiaz hartu beharrekoak direla uste du, hala nola tabako pakete generikoak sortzea, prezioak igotzea eta adingabeak eta gazteak tabakoaren kontsumotik babestea. «Ez badugu gelditzen gazteen sarbide hori, tabakoaren kontsumo tasak ez du behera egingo».

Arretaz neurtu beharreko kontu bat da, hain justu, tabakoaren kontsumoak izan duen bilakaera. Duela hamar urte tabakoaren kontrako legea gogortu zenean, inpaktu positiboa izan zuen kontsumoan, eta beherako joera bultzatu zuen. Eusko Jaurlaritzak adikzioei buruzko inkestan 2017an bildutako datuen arabera, ordura arte tabako erretzaileak urritzea lortu zen, eta apaldu egin zen haien kontsumoa ere.

Hala ere, joera aldaketa bat antzeman du Zabalak: «Azkenaldian, estatistika guztiek adierazten dute, nolabait, kontsumoa igotzen hasi dela berriro. Eta kezkagarriena zer da? Gazteen artean erretzen dutenen kopurua mantentzen dela. Gutxi gorabehera, biztanleriaren laurdenak erretzen du». Horrek osasunean eta osasun sisteman bertan uzten duen arrastoaz gain, albo kalteak ere aipatu ditu; esaterako, familien ekonomian sortutakoa. «Erretzaile batek bere gastuetan lehentasuna ematen dio tabakoari, adikzioa delako. Tabakoak jendearen pobrezian eragiten du».

Badago azken puntu bat ere, «inportantea dena», eta beste herrialde batzuek dagoeneko egin dutena: «Tabakoa amaitzeko epe muga bat jartzea». Finlandiak, adibidez, esan du 2030erako bukatu nahi duela. Hortik aurrera, ziurrenik, ez dute tabako gehiago salduko. Endgame estrategian oinarrituta dago neurri hori. «Tabakorik gabeko belaunaldia sortzea ere asmo du. Guztion konpromisoa behar da horretarako». Nabarmendu du hori dela jarraitu beharreko bidea.

Gogor kritikatu du tabakismoa: «Tabakoak osasun arazoak sortzen ditu, pobrezia eragiten du, ingurumena kaltetu... Giza eskubideen aurkako norabidean doa, eta, beraz, ezin da mantendu tabakoaren komertzializazioa. Horren kontra borrokatu behar da, eta ez bakarrik osasun esparrutik, baita gizarteko beste sektore guztietatik ere». Gogora ekarri du, gainera, The Lancet aldizkariak argitaratu zuela koronabirusaren izurritea une ona dela tabakoaren industriaren aurka borrokatzeko. Beraz, galdegin du pandemia aitzakia gisa ez erabiltzea gaia alboratzeko: «Osasun publikoaren politikarik txarrena egiten ez dena da. Eta horretan daude: ez dira ezer egiten ari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.