Brahim Galik Fronte Polisarioko buruzagi karguan jarraituko du

Sahararren %69ren babesa jaso du Galik, Fronte Polisarioak Dakhlan egindako XVI. Kongresuan. Europarlamentuak Maroko gaitzetsi du giza eskubideak urratzeagatik

Fronte Polisarioko idazkari nagusi Brahim Gali, buruzagitzari buruzko bozketan, atzo, Dakhlako kanpalekuan. MAHFUD MOHAMED LAMIN BECHRI / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Brahim Galik, Mendebaldeko Saharako askapen mugimendu nazionalaren sortzaileetako batek, erakundeko buruzagi izaten segituko du. Sahararren %69ren sostengua jaso zuen Galik atzoko bozketan, Fronte Polisarioak Dakhlako kanpalekuan egindako XVI. Kongresuan. Galirena, hortaz, hirugarren agintaldia izango da —Mohamed Abdelazizen heriotzaren ostean hartu zuen kargua, 2016an—. SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente ere izango da Gali.

Kongresuan ezusteko bat izan da: lehen aldiz, bi hautagai lehiatu dira erakundeko idazkari nagusi izateko. Batxir Mustafa Saiedek kongresuaren atarian iragarri zuen ildo kritikoa ordezkatuko zuela, eta buruzagitzarako lehiatu. Antza, gazteei lekukoa pasatzea babesten dutenen alde dago. Hortaz, agintaldi bakar batez aritzea hitzeman zuen bere diskurtsoan.

El Uali Mustafa Saied lider historikoaren anaia da Batxir, eta, egungo idazkari nagusiaren aholkulari lanetan aritu da orain arte. Biak dira gerrillari historikoak, guardia zaharraren ordezkariak, mugimenduaren sorreratik gerra frontean aritutako militar trebeak. Duen estrategiagatik eta errebeldea izateagatik da ezagun Mustafa, eta hizlari handia dela aitortzen dute askok, bereziki nazioarteko aliatuak limurtzeko. Haren arrakasta diplomatikoa da horren erakusle: Nazio Batuen Erakundeko bake plana idatzi zuen taldean aritu zen, eta 1989an, Hasan II.a Marokoko erregearekin bildu zen ordezkaritzaren buru izan zen. Atzerri ministro eta Lurralde Okupatuetako ministro izandakoa da. Galiren sendotasun militarra aitortu du, baina oso kritikoa da haren kudeaketarekin.

Borroka armatua

Galiren eskarmentua ere zabala da. Defentsa ministro izan zen, eta askapen mugimenduaren ordezkaria izandakoa da Madrilen eta Aljerren. Gudu zelaian aparta omen da: 1973ko maiatzaren 20ko Al Jangako borrokaren buruzagi militarra izan zen; Espainiaren kolonialismoaren aurkako lehen ekintza armatua izan zen.

Kongresuan, Marokoren kontrako borroka armatua gogortzea adostu du Fronte Polisarioak. Galik adierazi du gerra ez dela helburu bat, bitarteko bat baizik, eta sahararren presioari erantzunez hartu dutela gerran «guztia emanda» aritzeko erabakia: «Garai bateko borroka metodoetara itzul gaitezela eskatzen digute. Orduan, armak berreskuratu eta soldaduak preso hartu genituen. 1986 eta 1989 artean, gudu handiak izan ziren. Marokok uste zuen harresia gaindiezina zela, baina borrokek kontrakoa erakutsi zuten. Horrelako guduetara itzultzeko exijentzia dago». Presidentearen hitzetan, beharrezkoak diren «bitarteko guztiak» jarriko dituzte borroka armatuaren eskura: «Garai historiko honetan, sakrifizioak, prestakuntza eta batasuna behar ditugu. Fronte Polisarioa saharar bakoitzarena da, herriaren arima baita». Su etena hautsi ostean, gerran beste urrats bat egitea adostu du mugimendu independentistak. Horixe izango da taktika politikoa. Mendebaldeko Saharako askapen mugimendu nazionalaren kongresuaren erabakia duela bi urte abiatutako estrategiaren barruan dago. Mohamed Sidati XVI. Kongresuko bozeramaileak hau adierazi du: «Borroka armatua ardatz nagusi duen ekintza plan nazionala onartzeak berretsi egiten du saharar herriak eta haren ordezkari legitimoak borroka armatuaren alde egiten duen apustua».

Gerra estrategian sakontzeko erabakia espero izatekoa zen. Fronte Polisarioa eta Maroko higatze gerra batean ari dira 2020ko azaroaren 13an ia hiru hamarkadaz indarrean egona zen su etena hautsi zenetik; Maroko Guerguerat eremuan sartu ostean, gerrilla independentistak gerrara itzultzea erabaki zuen.

Kongresua gaur da amaitzekoa. Zuzendaritzako kideak izendatuko dira, eta ordezkari kopurua murriztea espero da. Kongresuan, erakundearen «oinarrizko legea» berritu dute, eta, haren arabera, hemendik aurrera «borrokarako esperientzia» derrigorrezkoa izango da mugimendu independentistaren buruzagitzaren hautagai izateko. Estatutuek jasotzen dute 40 urtetik gorakoa izan behar duela.

Berez, asteartean zen amaitzekoa kongresua, baina bitan luzatu da. Alde horretatik, bide diplomatikoa eta komunikazioa indartzea ere adostu dute batzarrean elkartu diren 2.200 sahararrek; besteak beste, lurralde okupatuetara eta kanpalekuetara baliabide gehiago bidaltzea. 170.000 saharar errefuxiatu bizi dira Tindufen (Aljeria) 1976tik.

Kongresua egiten ari ziren bitartean, kanpalekuetatik milaka kilometrora, sahararrekin zerikusi zuzena duen auzia eztabaidatzen ari ziren Europako Parlamentuan. Marokok egindako giza eskubideen urraketen gaitzespen historikoa onartu zuten europarlamentariek ostegunean. Jazarpen judiziala, espioitza eta espetxeratzea salatu zituzten. 25 urtean lehen aldiz, onartutako ebazpenak eskatzen du ordezkari marokoarrei erakundean sartzea debekatzea, Marokogate ikerketak irauten duen bitartean.

Kazetarien kontrako jazarpena ere salatu zuen ganberak. «Marokok etengabe urratzen du prentsa askatasuna». Rifen egoera aipatzen du bereziki, berriemaile sahararren egoera aipatzeak Marokok Mendebaldeko Sahararen gainean duen subiranotasuna aitortzea esan nahi baitu.

Bozketak aldeko 356 boto izan zituen, eta kontrako 32; azken horietako hamazazpi, PSOErenak. Sozialistek eskuin muturrarekin batera bozkatu zuten. Antza, Espainiako Gobernuak uko egin dio Maroko gaitzesteari, otsaileko goi bilera arriskuan ez jartzeko. Moncloa Rabatekin lerratu da. Iaz, Madrilek jarrera aldatu zuen, eta autonomia plana sostengatu, gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena» dela argudiatuta. Espainia Mendebaldeko Saharako potentzia administratzailea da egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.