Sindikatuen kexak ez du gelditu enplegu publikoaren legegaia

Eusko Jaurlaritzak aurrera egingo du proiektuarekin, eta urtea amaitu baino lehen bidali nahi du legebiltzarrera. Guraso baimenak funtzionario guztientzat parekatzea jasoko du

Sindikatu abertzaleek joan den urtean Eusko Jaurlaritzaren aurrean egindako protesta, lan baldintzen harira. JUANAN RUIZ / FOKU.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak aurrera egingo du enplegu publikoa arautzeko lege proiektuarekin. Atzo, testua eraman zuen Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilura, eta baimena lortu zuen tramitatzeko prozedurarekin jarraitzeko. Bilera horrek, hala ere, bestelako ondorio bat utzi zuen: EAEko administrazio orokorrean ordezkaritza duten lau sindikatu nagusiak aurka daude. Gobernuak ez du langileen ordezkarien artean inor konbentzitzea lortu.

Lege proiektuari bidea eman aurretik, beharrezkoa da Funtzio Publikoaren Kontseiluaren oniritzia jasotzea. Baimen hori atzo lortu zuen Jaurlaritzak. Organo horretan hiruna ordezkari dituzte gobernuak, foru aldundiek eta Eudelek, eta sei ordezkari sindikatuek. Nahiz eta sindikatu guztiek aurka bozkatu eta Eudeleko ordezkari batek abstentzio eman,legegaia onartu egin zuten.

Lehen galbahea igarota, enplegu publikoaren lege aurreproiektuari atxiki beharreko txosten juridikoak egingo dituzte. Gobernuak aurreikusi du testu artikulatua urtea amaitu baino lehen bidaliko duela Eusko Legebiltzarrera, talde politikoekin negoziazioei ekin ahal izateko.

Kostatzen ari zaio Eusko Jaurlaritzari EAEko funtzionarioen lan esparrua arautzen duen legedia eguneratzea. Indarrean dagoen testua 1989. urtekoa da. Aurreko bi agintaldietan saiakerak egin ziren eguneratzeko, baina bertan behera geratu ziren, ez zegoelako behar adina babes politikorik.

Gobernua prestatzen ari den testua azken sei urteotan ganberatik pasatuko den hirugarrena da. Kontuan hartu behar da lege horrek sektore publikoan lanean ari diren 110.000 langileren oinarrizko baldintzak finkatzen dituela, administrazioaren maila guztietakoak: gobernua, foru aldundiak eta udalak.

Josu Erkoreka gobernuko bozeramaile eta Gobernantza Publikoko saiburuaren arabera, indarrean dagoen legeak gaurkotze «integrala eta berritzailea» behar du, eta behar hori lotu zuen administrazioa «arrazionalizatzeko, modernizatzeko eta digitalizatzeko» prozesuekin. Azken finean, zerbitzu publiko «eraginkorragoak eta gardenagoak» ahalbidetzeko pauso modura defendatu zuen.

Kontziliazio neurriak

Kontziliazio neurri berriak legearen parte izatea nahi du Jaurlaritzak. Hain zuzen ere, gobernuak bere manupeko funtzionarioentzat eta lan legepeko beharginetzat onartu dituen baldintza berriak sektore publiko osora hedatzea eragingo luke lege batean finkatzeak. Hots, foru aldundiko eta udaletako langile publikoek ere legezko eskubidea lukete baimen horiek hartzeko.

Aitatasun eta amatasun baimen kontzeptuak alde batera utzi, eta guraso baimenak ezarri nahi ditu gobernuak. Bi gurasoek hamasei asteko baimen ordaindu baterako eskubidea izango lukete. Baimen horiek ezingo lirateke eskualdatu, eta jarraian hartu beharko dira, gehienez ere lau astean baimena batera hartuta. Gaur egun, amak hemezortzi asteko baimen bat hartzeko eskubidea dauka, eta beste gurasoak, lau astekoa, lehen hemezortzi aste horien barruan hartu beharrekoa.

Horrekin batera, edoskitze baimena moldatuko dute. Aurrerantzean, 150 orduko baimena izango da urtebetetik beherako haurrak zaintzeko. Guraso baimenari gehituko zaio, eta gurasoetako edozeinek hartu ahalko du. Txandakatuz gero, bi gurasoak langile publiko diren kasuetan gurasoetako bat haurrarekin egon ahalko litzateke jaio osteko lehen 36 asteetan.

Lege proiektuak gaixorik dauden haurrak eta senideak zaintzeko bestelako baimenak ere jasotzen ditu. Era berean, etika publikoaren alorrean admistrazio bakoitzak gobernu onari dagokion kode bat onartu beharko du, bere langileei ezarriko zaizkien baldintzekin. Erkorekak ukatu zuen kode horien ezarpenarekin funtzionarioek administrazioaren jarduna publikoki kritikatzeko aukera galduko dutela.

Sindikatuei ez zaie gustatu

Funtzio publikoaren kontseiluan sindikatuen oniritzia ez du jaso aurreproiektuak, baina nekez da hori ezustea. Andres Zearreta sailburuordeak ordezkariekin izandako bileretan ere aurkakotasuna agerikoa izan zen. ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk egitasmoaren aurka bozkatu zuten.

ELAk boto partikularra aurkeztu zion testuari, Igor Eizagirre Gizalan federazioko idazkari nagusiak sinatuta. Haren ustez, lege proiektuak estatuko legedia bere egiten du. «Ez da euskal erabakitze esparrua babesten». Halaber, negoziazio kolektiborako eskubidea «ukatzen» dela salatu du, «unean uneko administrazioak erabakitzen dituelako lan baldintzak alde bakarrez».

LABeklegea atzera botatzen laguntzeko eskatu zien «langileei eta parlamentuko taldeei». Haren arabera, legeak «esku batekin hainbat neurri ikusgarri ozenki aurkezten ditu» beste eskuan ezkutatuz «benetako izaera neoliberala eta atzerakoia».

CCOOk ere uste du aurreko legegaiek zituzten okerrak ez direla zuzendu. UGT izan zen aurrerapenak ikusi zituen sindikatu bakarra, baina «asko» hobe daitekeela iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.