Keralan greba egin dute, salatzeko bi emakume tenplu batean sartu izana

India hegoaldeko estatuan piztu diren protestetan mila lagun inguru atxilotu dituzte. Alderdi kontserbadoreek deitu dute greba egunera, epaileek emakumeei ezarritako debekua bertan behera utzi ostean

Indiako poliziak, atzo, protestalarien aurrean, Kochin, Keralako hiriburu ekonomikoan. PRAKASH ELAMAKKARA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Antzinako tradizioak hausteko ekintza ausartari erresistentziarekin erantzun diote Keralan. India hegoaldeko estatu horretan,atzo greba egin zuten bezperan bi emakume tenplu batean sartu izana salatzeko. Bindu Amminik eta Kanaka Durgak zirrikitu bat zabaldu dute emakumeak guztiz baztertuta bizi diren herrialdean; asteazken goizaldean, mendeetan emakumeentzako debekatuta egon den tenpluan sartu ziren, Sabarimalan. Ekintza horrek talde kontserbadoreen protestak eragin ditu estatu progresista horretako hiri nagusiak ia guztiz gelditzeraino.

Eskolak, dendak eta bulegoak itxita egon ziren atzo, eta garraio publikoa ere etenda egon zen. Protestariek barrikadak jarri zituzten errepide nagusietan, eta han eta hemen, elkarretaratzeak eta eserialdiak egin zituzten. Kaleetan, berriz, apenas ikusten zen inor. Bezperan ere manifestazioak izan ziren hiri nagusietan.

Pinarayi Vijayan Keralako Gobernuko presidenteak prentsaurreko batean jakinarazi zuen«indarkeria» estatu osora zabaldu dela: «Manifestariek zazpi polizia auto eta 79 autobus hondatu dituzte, eta segurtasun indarretako 39 kideri eraso egin diete».

Thirubathapuram hiriburuan,hainbat kazetariri eraso egin zieten manifestariek, gehienak emakumezkoak. Kochi hiriburu ekonomikoan, berriz, 600 lagun atxilotu zituzten, eta ondoko barrutietan beste 300 lagun. Portu hiri horretan, borrokak izan dira manifestarien eta polizien artean, eta borroka horietan protestari bat hil zen. Poliziak negarra eragiteko gasa eta ur kanoiak jaurti zituen manifestariak sakabanatzeko. Agente emakumezko batek, berriz, sexu erasoa jasan zuen.

Indiako Auzitegi Gorenak irailean emandako epaiak eskuinaren eta ezkerraren arteko arrakala ideologikoa zabaldu du. Emakumeek Sabarimala tenpluan sartzeko zuten debekua bertan behera utzi izanak azaleratu egin du alderdi batzuek eta besteek zerjarrera duten genero berdintasunaren inguruan.

Sabotajea

Kerala estatu progresista da, herrialdeko aurrerakoiena, eta ezkerreko alderdiek osatutako fronteak irabazi zituen azken hauteskundeak. India-Marxistako Alderdi Komunista dago agintean, eta alderdiak argi utzi du gobernuaren erantzukizuna dela epaileen erabakia babestea. Vijayan presidentearen ustez, eskuin muturreko alderdiak sabotajea egiten ari dira epaileen erabakia dela eta.

Ayyappan jainkoaren jarraitzaileak dira kalera atera direnetako asko, tartean emakume ugari, eta horien atzean protestak sustatzen ari diren eskuineko talde kontserbadoreak daude. RSS Rasthriya Swayamsevak Sangh eskuin muturreko alderdi hinduista erresistentziaren ikur bihurtu da, baina badira protestekin bat egin duten beste alderdiak ere, tartean BJP Bharatiya Janata Alderdia. Narendra Modi lehen ministroaren alderdi kontserbadoreak herritarrak protestetan parte hartzera deitu izanak oposizioaren kritikak eragin ditu, bereziki apirilean edo maiatzean bozak egitekoak dituztelako. Sreedharan Pillai Keralako BJPko presidenteak «sinestunak zanpatzea» leporatu dio estatu horretako «administrazio estalinistari». Kongresuaren Alderdiak ere babestu egin ditu protestak.

Urriaz geroztik etengabeak izan dira protestak Keralan. Gorenak hilabete lehenago erabaki zuen bertan behera uztea 10 eta 50 urte arteko emakumeei —hots, hilekoa izateko adina duten emakumeei— tenpluan sartzeko debekua. Indiako Abokatu Gazteen Elkarteak duela hamar urte ekin zion santutegi hori emakumeei ere zabaltzeko borroka.

Indiako emakumeen borrokan mugarri bat izan da epaia, eta eragin dituen ondorioak erakusten dute garaipenaren neurria. Asteartean, 620 kilometroko emakume hesi bat osatu zuten estatuan emakumeek. Ez da haien azkengaraipena, eta ezta aurrenekoa ere. 2017an, Bombayko Auzitegi Gorenak Haji Ali meskitan sartzeko baimena eman zien emakume musulmanei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.