Beste karabana bat iparraldera

Hondurastik mila lagunez osatutako iheslari talde bat atera da, indarkeriatik eta pobreziatik ihesi. Pentagonoak irailera arte luzatu du mugan 2.350 militar gehiago izateko misioa

Iheslariak, azaroan, hesiaren parean, Mexicalin. JUAN BARAK / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
San Pedro Sulatik beste karabana bat abiatu zen atzo iparralderantz. San Pedro Sula Hondurasko hiri arriskutsuena da. Kalean, batez beste, hamabost gorpu agertzen dira egunero, tirokatuta edo sastakatuta. Milioi bat pertsona bizi dira hirian, eta, herrialde osoan bezala, gehienak pobreak dira: hamar lagunetik sei. Horietatik lau muturreko pobrezian bizi dira. Horrexegatik egunero-egunero abiatzen da jendea iparralderantz. Tantaka. Banaka. Oinez, kamioian edo autobusean. Etenik ez duen exodoa da.

Atzo, baina, iragan urriaren 13an bezala, iheslariek taldean abiatu zuten zeharkaldia. Artean gaua zela elkartu ziren autobus geltokian, talde txikietan, bakarka, seme-alabekin, familia osoak; tartean, hemezortzi kidez osatutakoa. Baziren herrialdeko beste hiri batzuetatik etorritakoak. Gauean abiatu ziren, eta goizaldean beste talde bat atera zen. Guztira mila lagun baino gehiago, jakin gabe gaua non pasatuko zuten.

Guatemalako muga zuten lehen helmuga, 120 kilometroko zeharkaldia. Tecum Umanera ondoren. Guatemalatik Mexikora, eta handik Ameriketako Estatu Batuetara. Guztira 3.947 kilometroko bidea. Tijuanan, baina, hesi bat aurkituko dute.

Hondurasen hil egiten gaituzte. Horixe izan da sareetan zabaldu den deialdiaren leloa. Hondurasko Gobernua, dena den, karabana abiatzea eragozten saiatu da. Nelly Jerez Hondurasko kantzilerordeak «engainatzen» ez uzteko eskatu die herritarrei, eta bidean «arrisku handiak» daudela ohartarazi. Juan Orlando Hernandez presidentearen gobernuak oposizioari leporatu dio karabana antolatzea ezegonkortasun itxura zabaltzeko.

Kriminalizazioa

Hondurasko Giza Eskubideen Sustapenerako eta Ikerketarako Zentroak, baina, migrazio eskubidea errespetatzeko eskatu dio gobernuari. Miroslava Cerpas erakundeko kideak kezka agertu du karabanan militarrak eta poliziak doazelako. «Gobernuak kriminalizazio kanpaina egin badu ere, ihes egiteko beharra handiagoa da». Cerpasek dioenez, hondurastarrak beldurrez bizi dira.

Jan Egeland Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseiluko idazkari nagusia bat dator iritzi horrekin. Egelandek uste du ihes egiten duten herritarren kopuruak pobrezia eta indarkeria mailen lekukotza ematen duela: «Mugetako kontrolek, guardiek eta murruek ez dituzte geldiaraziko indarkeriatik eta pobreziatik ihes egiten ari direnak».

Hondurasko Gobernuak, hala ere, poliziak bidali ditu mugara, Agua Calientera. Poliziak, berriz,jakinarazi du karabanaren ustezko antolatzailea atxilotu dutela.

Tijuanan zain

Egunero 300 lagunek uzten dute herrialdea, eta azken hiru hilabeteetan 13.000 hondurastar abiatu dira karabanetan. Urriaren 13an abiatu zen aurrenekoa, eta ondorengo egunetan beste hiru abiatu ziren Hondurastik, El Salvadortik eta Guatemalatik. Azken urteetan etenik izan ez duen exodoa klandestinitatetik atera da karabanen fenomenoarekin. Iaz arte iheslariek talde txikietan edo bakarka abiatzen zuten zeharkaldia, gauean, ezkutuan; orain, berriz, elkarrekin abiatu dute milaka kilometroko ibilbidea, egun argiz eta taldearen babesean. Aurrean, baina, mugak eta hesiak dituzte.

Tijuanan eta Mexikalin daude oraindik ere urrian abiatu ziren iheslarietako asko eta asko. Mexikoko Kalifornia Beherea estatuan daude asilo eskaera egiteko zain; 2.500 eta 3.000 hondurastar artean daude hiri horietako aterpetxeetan martxoaren amaiera arte jasoko ez duten txanda iristeko zain. Beste batzuek muga zeharkatu dute, eta beste batzuk ahalegin horretan atxilotu eta deportatu dituzte.

Pentagonoak, bien bitartean, irailera arte luzatu du mugan ezarritako operazio militar berezia. Donald Trumpek bere kabuz erabaki zuen iragan urrian mugara 2.350 soldadu gehiago bidaltzea, karabana iristear zenean. Orotara 5.800 militar daude mugan. AEBetako administrazioaren parte batek, bestalde, itxita jarraitzen du, presidenteak ez baitu lortzen demokraten babesa mugan eraiki nahi duen harresirako. Trumpek 4.700 milioi euro nahi ditu «harresi eder bat» egiteko, eta, demokraten ezezkoa dela eta, abenduaren 22an administrazioaren %25 itxi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.