Tubos Reunidosek galerekin jarraitzen du

34,4 milioi galdu zituen iaz, petrolio industriaren eskaerei esker salmentak %10 handitu arren. Lanaldi murriztuarekin ari dira Amurrion, baina lan karga lortu dute Trapagaranen

Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Jada lau urte iraun duen basamortuaren zeharkaldian jarraitzen du Tubos Reunidosek. Azaleko begirada batean, 2018. urtean egoera larria are gehiago okertu zaio, 34,4 milioi euro galdu baititu, aurreko urtean baino %6 gehiago. Galera horren erdia bere aktibo batzuen balioaren txikitzeari dagokio. Hori kontuan hartu gabe, galerak erdira txikitu ditu (32,4 milioitik 16,5 milioira), hodi gutxiago saldu arren (-%3), prezioek gora egin dutelako eta horri esker salmentak %10 handitu dituelako.

Amurrioko taldea 2015. urtean hasi zen galerak izaten, petrolioaren prezioaren jaitsierak bere hodien eskaria zeharo jaitsi zuenean. Horri batu zaio bere bezero nagusietako batek, AEBek, altzairuzko produktuen inportazioei %25eko muga zerga jarri diela. Ekaitz perfektu horren ondorioz, 132,8 milioi euroren galerak pilatu ditu Tubos Reunidosek azken lau urteetan. Horren ondorioz, 2018 amaieran 218,3 milioi euroren zorra zuen. Zor horri aurre egiteak dakartza galerak, emaitza operatibo positiboa izan baitu enpresak: 18,6 milioi (+%58).

Iaz, galeren berri ematean, Trapagarango Productos Tubulares filialean 157 langile kaleratzeko asmoa azaldu zuen Tubos Reunidosek, baina langileen protesta biziek erregulazioa bertan behera uztera behartu zuten zuzendaritza. Edonola ere, kostuak txikitzeko neurriak indarrean jarri ditu enpresak. Urtarrilean, Amurrioko 750 langileetatik 660ri lanaldia erdira murriztu zien. Asmo hori zuen Trapagaranen ere, baina eskaera handi bat sartu zaie, eta normal ari dira lanean.

2019an, eskaerak ongi

Kontratu horrek lagun diezaioke Tubos Reunidosi 2019an espero duen salmenten igoera sendotzen. Berez, urte hasiera kaskarra izan da AEBetan —negozioaren zati handi bat du hango fracking-aren industriarekin—, baina Arabako enpresak espero du urteko bigarren hiruhilekoan negozioak goranzko erritmoa hartzea, eta Amurrioko fabrikan «ekoizpen gaitasun» handiagoa erabiltzea.

Hobekuntza Europako Batasunetik etor daiteke. Izan ere, otsailaren 4an Bruselak indarrean jarri zituen bere industria babesteko neurri batzuk, AEBetara ez doazen hodiek ez dezaten bere merkatua gainezka eginarazi. «Eskaintzaren eta eskaeraren arteko oreka handiagoa izango da Europan, eta horrek prezioen gaineko presioa txikituko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.