Lyes Menacer. Aholkulari politikoa

«Erregimen honek ezin du erreformatu bere burua»

Iruditzen zaio Aljeriako agintariek denbora irabazi nahi dutela, «demokraziaranzko trantsizio baten promesak» eginez. Uste du, ordea, «sektore guztiak» batu dituzten protestak ez direla baretuko.

Ricard Gonzalez.
Tunis
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Abdelaziz Buteflika presidenteak hauteskundeetara berriz aurkeztea erabaki ondoren Aljerian sortu den krisi politikoak ez du amaitzeko itxurarik. Haren dimisioak eta trantsizio kontrolatu bat egiteko promesak ez du kalea lasaitu. Atzo ere, laugarren ostiralez jarraian, milaka lagunek parte hartu zuten protestetan. Lyes Menacer (Kabilia, 1980) aholkulari politiko eta Liberté egunkariko kazetaria telefonoz elkarrizketatu du BERRIAk —herrialdeko egunkari independente nagusietako bat da Liberté—, egoeraz zer analisi egiten duen jakiteko, eta etorkizuneko balizko jokalekuak azaltzeko.

Uste al zenuen Buteflikak hauteskundeetara berriro aurkeztea iragarri izanak halako protesta mugimendu zabala sortuko zuenik?

Ez, uste dut inork ez zuela aurreikusi, ez erregimenak, ez oposizioak, ezta manifestariek beraiek ere. 2011n, Udaberri Arabiarretan, manifestazio batzuk egin ziren, baina oso txikiak. Orduan, ez zeuden behar adina baldintza. Lehenengo protestetara internauta anonimoek deitu zuten, Buteflikaren hautagaitzak min eman baitzien. Inork ez zituen serio hartu. Jendeak pentsatu zuen gazteen gauza bat zela. Uste genuen erregimenak erabat suntsitu zuela sare sozial independentea. Baina oker geunden.

Ba al dago protestak zuzentzen ari den alderdirik edo talderik?

Ez, handituz joan den eta praktikan gizarteko sektore guztiak batu dituen liderrik gabeko mugimendu bat da: ikasleak, epaileak, funtzionarioak, ekintzaileak... Protestetan oso handia da hamarkada beltza deitzen dena [1990eko hamarkadako gerra zibila] bizi izan ez zuten gazteen kopurua. Buteflika da ezagutu duten presidente bakarra, eta nazkatuta daude. Nazkatuta daude lana ez aurkitzeaz, dibertitzeko eskubiderik ez izateaz... Aljeria Ipar Korea txiki bat da, nahiz eta erregimena hemen malguagoa den.

Egiazki nork gobernatzen du Aljerian?

Ez dakigu, erabatekoa da opakutasuna, baina argi dagoena da ez dela Buteflika. Haren osasunak ez dio uzten. Hemen le pouvoir esaten zaio herrialdea gobernatzen duten instituzioek eta lobbyek osatutako koalizioari. Dirudienez, Buteflikaren anai gazteak, Saidek, botere handia du. Baina armadako hierarkiak ere badu botere handia, Ahmed Gaid Salah Estatu Nagusiko buruaren bidez, baita errusiarren estilokoak diren oligarka batzuek ere. Botere faktikoen egituraketa hori ezberdina da Buteflika boterean jarri zuenarekin parekatuta. Adibidez, neurri batean, behintzat, presidenteak zerbitzu sekretuak indargabetu zituen. Oraingo botere faktikoek, beraz, badakite Buteflikaren beharra dutela; horregatik aurkeztu zuten, nahiz eta oso gaixo dagoen.

Buteflika berriro hautatzeari uko egin ondoren, zein da erregimenaren estrategia?

Demokraziaranzko trantsizio baten promesak eginez, denbora irabazi nahi dute, eta kalea baretu. Buteflikaren bosgarren agintaldia ezartzea ezinezkoa zela ikusita, haren laugarren agintaldia luzatu nahi dute. Aurkeztu duten bide orria, konferentzia nazionalarena, aurkeztu izan dute lehenago ere; kontua da hauteskundeen ondoren aplikatu nahi zutela. Arazoa da erregimen honek ezin duela erreformatu bere burua, eta nola edo hala iraun besterik ez du nahi. Nola da posible haien demokratizazio promesak serioski hartzea, Nureddine Bedui lehen ministro berria baldin bazen manifestazioak erreprimitzen zituen Barne ministroa?

Promesa berriekin herria pozik geratuko dela uste duzu?

Ez, uste dut protestek ez dutela indarrik galduko, jendeak ez baitu sinesten erregimenaren zintzotasunean. Buteflikaren iragarpena gertatu eta ordu batzuk geroago, hura boterean mantentzearen kontrako manifestazioak egiten ari ziren herrialdeko hainbat tokitan. Bozak bertan behera uzteko eta Buteflikaren agintaldia luzatzeko ideia inkonstituzionala da. Gerra kasuetan bakarrik egin daiteke hori, eta ez da kasua.

Zein da zuk defendatzen duzun bide orria?

Oposizioko alderdiek eskatu dute Buteflikak erretiroa har dezala, eta batasun nazionaleko gobernu bat sor dadila. Hauteskundeak egin beharko lirateke gero, eta sistema demokratiko bat ezarriko duela bermatzen duen konstituzio bat idatzi beharko litzateke.

Manifestariek nola ikusten dituzte oposizioko alderdiak? Haiek ordezkatuak sentitzen dira?

Ez, kritikoak dira haiekin, urte luzez erregimenaren doinuan dantza egin dutelako. Iruditzen zait inork ez duela bere burua engainatzen, eta badaki prozesuaren fase aurreratuago batean alderdi horiek hartu beharko dutela lekukoa, eta ordena politiko berriaren eraikuntzan rol garrantzitsuago bat onartu beharko dutela.

Ba al dago protestak bereganatzen ari den alderdirik?

Ez, ez dirudi alderdi bat besteen gainetik dagoenik. Indar politiko guztiak igo ziren tren honetara, behin martxan zegoela.

1991n gertatutakoa gerta al daiteke? Hau da, islamisten garaipena bozetan, eta estatu kolpea.

Ez dut uste gertagarria denik. Alderdi islamistek badituzte jarraitzaile batzuk, baina zalantzak ditut ea bozak irabazi ditzaketen. Jendea markatuta dago gerra zibilean gertatu zenarengatik, alderdi horiek eduki zuten jokabidearengatik. Islamistak, gainera, oso banatuta daude. Horrek ez du esan nahi lehen baino erlijiozaletasun handiagoa ez dagoenik, eta predikatzaile erlijiosoak eragin handikoak ez direnik. Gainera, kontserbadoreenak, salafistak, protesten aurka daude.

Zer jokaleku aurreikusten duzu hurrengo asteetarako?

Ez dakit, erregimen hau ezin aurreikusizkoa baita. Beharrezkoa da protestak baketsuak izatea, errepresio poliziala justifikatua izan ez dadin. Garrantzitsua izango da, gainera, ikustea zer jarrera hartzen duen nazioarteko komunitateak. Oraingoz, isiltasunaren aldeko hautua egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.