«Froga sinesgarriak» daude Saudi Arabiako printzea Khaxoggiren hilketarekin lotzeko

NBEk dio Mohammed bin Salmanek eta herrialdeko goi kargudunek hilketaren planifikazioan parte hartu zutela. Turkiako Gobernuak «babesa» adierazi dio txostenari
Bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoa, artxiboko irudi batean.
Bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoa, artxiboko irudi batean. G20 / EFE

Ander Perez Zala -

2019ko ekainak 20
Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, «froga sinesgarriak» daude Mohammed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoa eta herrialdeko goi kargudunak Jamal Khaxoggi kazetari saudiarabiarraren hilketarekin lotzeko. 101 orrialdeko txosten batean, kasu hori ikertu duten NBEren hiru behatzaileek ondorioztatu dute Saudi Arabiako goi kargudunek «zerikusia» izan zutela hilketa horretan, eta dei egin dute ikerketa haiei ere zabaltzeko. Iazko urriaren 2an, Khaxoggi Saudi Arabiaren Istanbulgo (Turkia) kontsuletxean sartu zen, eta ez zen inoiz handik atera; eraikinean sartu eta hemezortzi egunera, Riadek aitortu zuen kazetaria kontsuletxean hil zela.

Saudi Arabiako Fiskaltzaren arabera, Khaxoggi «eraikinean zeuden pertsona batzuekin borrokatu ostean» hil zen. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, aldiz, beste bertsio bat zabaldu zuen: kazetaria «modu basatian» hil zutela, eta haren heriotza «aldez aurretik planifikatu» zutela; eta, beraz, Saudi Arabiako printze oinordekoak planifikazio lanetan parte hartu zuela.

NBEren lantaldea Turkian izan zen urtarrilean —Saudi Arabiak ez zion utzi bere eremuan sartzen—, eta, Agnes Callard ikerlariak atzo jakinarazi zuenez, hilabeteotan bildutako frogek iradokitzen dute Saudi Arabiako printze oinordekoak eta goi kargudunek parte hartu zutela hilketaren planifikazioan: «Khaxoggi hiltzeko hamabost laguneko misioak gobernuaren koordinazioa, finantzaketa eta baliabideak behar zituen». Hortaz, Callardek gogorarazi zuen Riad «epaiz kanpoko exekuzio baten arduraduna» dela.

Saudi Arabiak ustezko errudunak atxilotu zituen, eta hasia dute haien aurkako epaiketa. Saud al-Moyeb Saudi Arabiako fiskal nagusiak heriotza zigorra eskatu zuen ustezko hiltzaileetako bostentzat, eta Bin Salman absolbitu egin zuen, adieraziz hark «ezer ez» zekiela krimenaren inguruan; fiskal nagusiak kontuak eskatu zituen beste sei errudunentzat ere.

Baina, NBEren lantaldearen arabera, epaiketa horrek ez du errespetatzen nazioarteko eredua, eta, horregatik, beharrezkotzat jo du prozesua etetea. «Saudi Arabiako printzeak ikerketa bati egin behar dio aurre», adierazi zuen Callardek.

Turkiak berehala erreakzionatu zuen, eta Mevlut Çavusoglu Atzerri ministroak Twitter sare sozialaren bidez egin zuen txostenaren alde: «Guztiz babesten ditugu gomendioak». Riadek, aldiz, ezbaian jarri zuen NBEren ondorioen sinesgarritasuna, argudiatuz «kontraesan argiak» dituela eta «oinarririk gabeko akusazioak» egiten dituela.

Hiru adituk parte hartu dute NBEk aginduriko ikerketan: Callardek, Helena Kennedy abokatuak eta Duarte Nuno Vieira patologian adituak.

Errepresioa disidentziari

Saudi Arabia monarkia absolutu bat da, eta xaria lege islamikoa da sistema juridikoaren oinarria. Salman bin Abdelaziz 2015eko urtarrilean iritsi zen tronura, haren anaia zendu ostean, eta iazko ekainean izendatu zuen haren semea printze erregegaia —Defentsa ministro izan zen—. Bin Salmanek hainbat neurri iragarri zituen herrialdearen izaera hertsia eta kontserbadorea leuntzeko, baina neurriok —emakumeek gidatzeko zuten debekua kentzea, ekonomia eraldatzeko neurria hartzea eta ustelkeriaren aurkako politikak ezartzea— ez dira aski izan haren jarrera autoritarioa ezkutatzeko.

Alderdi politikorik ez dago herrialde horretan, eta oposizio xiita erabat jazarrita dago; printzearekin, areagotu egin da disidentziaren kontrako errepresioa. Khaxoggi da disidentziaren adibideetako bat.