Txoria askatu du azeriak

Aritz Adurizek erretiroa hartuko du sasoiaren amaieran, 39 urterekin. Distrakzioak uxatu eta «fokua» taldearen ibilbidean jar dadin eman du orain erabakiaren berri

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Mikel Laboarekin oroitu zen atzo Aritz Aduriz, donostiarren arteko zilbor hesteak lotuko balitu bezala. «Laboak esan zuen bezala, txoriari alde egiten uzteko garaia da. Horrela, txoria benetan maite delako». Metafora argigarria da, liga bukatzean, erretiroa hartuko duela ezagutarazi berri zuelako. Futbola da Adurizen txori maitea, eta San Mameseko azeriak 2020ko ekainean askatuko du. 39 urte izango ditu orduan, eta kirolari gutxiren esku dagoen «pribilegioa» eskaini dio bere buruari: non eta noiz agur esan erabakitzea.

Ustekabean eman zuen albistearen berri. Nortasun agiriaren zama eta iragan sasoiko komeriak ikusita, pentsa zitekeen azken denboraldia izan zitekeela, baina Adurizek liga hasi aurretik zabaldu nahi izan zuen erabakia, agurraren gaia urte osoko katramila astun bihurtzea eragozteko. «Erabakia orain esatearen arrazoia, kanpoko eta neure buruarekiko distrakzioak saihestea da. Fokua taldearen ibilbidean jarri behar da, eta ahalik eta urterik onena egiten saiatuko gara».

Azken hamarkadan, Athleticen jokalaririk garrantzitsuenetako bat izan denak 21 urteko ibilbide baten ondoren gordeko ditu botak. Iragan sasoian ere izan zitekeela onartu zuen atzoko agerpenean, baina arrazoi ezberdinengatik erabaki duela hau izatea azkena: «Asko pentsatu dudan erabaki da, nire familiarekin harturiko erabaki bat izan da, eta harro nago Athleticen agur esateaz. Gaur goizera arte inork ez zekien».

Zaleek urte osoa dute aurretik aurrelariari agur esanez joateko, eta, horren jakitun, Aduriz aurrera begira jarri zen. «Ez dut iragan minik izango, uste dut entrenamendu bakoitzarekin gozatuko dudala, San Mamesen igaroko dudan egun bakoitzarekin. Oso lasai nago barrutik, eta horrek asko balio du nirekin». Lasai utziko du futbola, esan zuenez, beti bere onena eman duelako, baina iragan sasoian bere gorputzak ez zion lagundu horretan. Belaunetako bat bihurritu zuen, eta hogei partida jokatu zituen bakarrik, aurreko denboraldietako bere ohiko kopurutik urrun.

Denboraldi-aurre honetan, baina, denak ezberdin dirudi. Urteak hor daude, ez dute barkatzen, baina lesioari buelta eman diola dirudi. «Denboraldi-aurreko lana ondo barneratu ahal izan dudala da. Maila fisikoan inolako ustekabekorik ez izatea espero dut. Gorputzak ondo xurgatu du,eta gero eta hobeto sumatzen dut nire burua». Denboraldi-aurrea, gainera, ez da nolanahikoa izan, Adurizek esan zuenez «gogorra» izan zelako. Hark hogeita batgarrena du profesionaletan, badu zerekin alderatu.

Aduriz golaren sinonimoa da San Mamesen, urrunago joan gabe, herenegun sartu zuen azkenekoa, Mirandesen aurkako lagunartekoan. Denboraldi-aurrehonetan, baina, zuri-gorriak ez dira fin ibili arlo horretan. Aurrelariak garrantzia kendu nahi izan zion horri: «Garrantzitsuena orain fin egotea da. Sasoi hasieran fin egoten saiatu behar dugu». Adurizek 390 partida jokatu ditu Athleticekin, eta 171 gol sartu dituelastiko zuri-gorriarekin Lehen Mailan jokaturiko hamar denboraldietan. Seigarrena da gol gehien sartu dituzten Athleticen jokalarien zerrendan, eta zortzira du Jose Iragorri bosgarrena. Athleticekin Espainiako Superkopa bat irabazitakoa da, eta bi aldiz izan da Europa Ligako golegile nagusia (2014-15 eta 2015-16).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.