Pentsioen erreforma geratu arte greba egiteko prest dira sindikatuak

Gaur bertan erabakiko dute zer segida eman Frantziako Gobernuaren erreformaren kontrako greba mugimenduari. Urte bukaera arte luzatzea dago aukeren artean

Manifestari bat, joan den apirilean, «Macron lapurra, itzuli nire pentsioa» dioen pankarta eskuan duela. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Iritsi da eguna. Ez zuten gau luzea izanen Frantziako Gobernuko agintariek. Azken hamarkadetako mugimendu sozial handienetakoa iragarria da gaurtik aitzina, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ezarri nahi duen pentsioen erreforma oztopatzeko. Itxura guzien arabera, oihartzun handia izanen du. Helburua argi adierazi dute sindikatuek: ekonomia blokeatu nahi dute. Zerbitzu anitzetan eragozpenak izanen dira, eta mota guzietako mobilizazioak antolatu dituzte. Baionan, 10:30ean abiatuko da manifestazioa, Lan Burtsatik, FSU, CGT eta FOk osatutako intersindikalak deituta. Gainerako sindikatuek ere parte hartuko dute.

Sam Hourrescos CGTko Baionako koordinatzailearen iritziz, «jende anitz» izanen da gaurko protestan. Funtzio publikoan erantzun handia izanen dela dio, eta garraioetan eta EDF energia enpresan ere grebalari mordoa izanen dela. «Eskuorriak banatzen ere aritu gara sindikatuek presentzia urriagoa duten enpresetan, eta, orokorrean, biziki harrera ona izan dugu». Sektore anitzetan greba iraunkorra egitera deitu dute jadaneko. «Gaur ez da trenik izanen Ipar Euskal Herrian», Peio Dufau trenbideetako CGTko kidearen hitzetan, eta iragarri du gutxienez astelehen arte greban segitzeko asmoa dutela.

Euskal Elkargoak agiria bidali zuen herenegun, greba mugimenduaren eraginez bere zerbitzuetan izanen diren ondorioen berri emateko. Garraio publikoan izanen du eragin handiena. Autobus gehienak normaltasunez ibiliko dira, baina ordutegiak murriztu dituzte; 07:00 eta 20:00 artean baizik ez dira ibiliko —23:00 arte T1 Trambus linea nagusiarentzat—. Haatik, Baiona, Angelu eta Miarritzeko hiri barneetako joan-jinkariak ez dira ibiliko. Hondakinen biltzeari begira lausoago hitz egin du elkargoak, «nahasmenduak» izanen direla adierazita. «Abenduaren 5ean segurtatuak izanen ez diren zakar biltzeak ondoko pasaian segurtatuak izanen dira».

Indar batuketa

Abenduaren 5eko data atera bezain laster, gainerako sindikatuei idatzi zien Eñaut Aramendi LABeko koordinatzaileak, Ipar Euskal Herrian elkarrekin zer egin zezaketen aipatzeko bilkura bat antolatzea proposatuta. Baina, intersindikaletik kanpo utzi dute sindikatu abertzalea, beste behin. Mobilizazioa iragartzeko prentsaurrekoan, blokeoaren iturri haiek direla aitortu zuen Herve Larrouquert FO sindikatuko departamendu idazkariak. «LAB ez da sindikatu bat, eta ez ditu errepublikaren balioak errespetatzen. Beste sindikatuek nahi badute, haiekin lan egin dezatela, baina gu gabe izanen da».

Gorabeherak gorabehera, Aramendik ere espero du mobilizazio jendetsua izanen dela, eta langile guziak deitu ditu parte hartzera. «Erreforma hori, elkartasunean oinarritutako gaur egungo sistema apurtu, eta kapitalizazioan oinarritutako sistema ezartzeko egiten dute. Helburua da hemendik urte batzuetara pentsioen sistema osoa ezabatzea. Laburbilduz: dirudunek pentsioak izanen dituzte; dirurik ez dutenek hil arte lan eginen dute». Greba mugimenduak luze jo dezakeela iradoki du, eta, beraz, ezinbestekoa izanen dela sindikatuen artean koordinatzea. «Gaur egungo zatiketa giroak ez du laguntzen».

Gaur gauean batzarrak eginen dituzte langileek enpresa anitzetan, eta sindikatuek ere biltzea aurreikusi dute, segidaz gogoetatzeko: LABeko afiliatuak manifestazioaren ondotik bilduko dira; CGTk kontseilu sindikala eginen du 18:00etan; Solidairesek herri batzarrera deitu du, sindikatuetan ez direnek ere parte har dezaten.

Pirinio Atlantikoetako intersindikala gaur arratsean bilduko da, eta Frantziakoa, bihar goizean. «Ez da ohikoa segida erabakitzeko bilkurak hain fite egitea», Hourrescosen arabera. Frantziako legediaren arabera, enpresa pribatuetako langileek ez dute greba eginen dutela abisatu beharrik; funtzio publikoan, ordea, bai. Lurralde agenteen CGT sindikatuak, langileak urte bukaera arte babesten dituen greba abisua emana duela azpimarratu du Hourrescosek.

Frantzia, geldirik

1995eko protestak oroitu ditu batek baino gehiagok; hiru aste iraun zuen orduan pentsioen aldeko greba mugimenduak. Orain arteko datuek hein bereko mobilizazioa iradokitzen dute Frantzian. Hezkuntza Ministerioaren arabera, eskolen %55 itxi egingo dituzte —%70 SNUipp-FSU sindikatuaren arabera—. Air Francek barne hegaldien %30 bertan behera utzi ditu, eta Easyjet konpainiak 233 hegaldi ezeztatu ditu. Trenen %90 geldirik egonen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.