Rohingyen «genozidioa» salatu dute Hagan, epaiketa hasieran

Gambiak Rohingyen aurkako erasoa eteteko neurriak eskatu dizkio Nazioarteko Justizia Auzitegiari. Myanmarrek bere burua defendatzeko txanda izango du gaur

Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Myanmarko armadak rohingyen kontra egin zituen erasoak genozidioa izan ziren ala ez argitzeko epaiketa hasi zen atzo Nazioarteko Justizia Auzitegian. Gambiak aurkeztu du Myanmarren aurkako salaketa, eta Afrika ekialdeko estatu horren ordezkaritzak izan zuen lehen hitza, auziaren hasierako ahozko saioan. Myanmarri egotzi zion rohingya gutxiengo etniko musulmanaren kontrako genozidioa egitea. Myanmarko Gobernuak gaur izango du bere defentsa aurkezteko txanda. Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunak hartu du horretarako ardura. Suu Kyi Myanmarko Energia, Atzerri eta Hezkuntza ministro eta estatu aholkulari ere bada, eta atzo bertatik bertara entzun zituen rohingyen kontrako genozidio salaketak.

Auziaren lehen saioan, Myanmarko gutxiengo musulmanaren eskubideak babesteko eskatu dio Gambiak NBEren auzitegiari: «Eskatzen dizuegun bakarra da Myanmarri esateko gelditu ditzala hilketa zentzugabe hauek. Gure kontzientzia astindu duten ekintza ankerrak gelditu behar ditu. Bere herritarren aurkako genozidioa gelditu behar du», zuzendu zitzaion Abubacarr Tambadou Gambiako Justizia ministroa hamazazpi kidez osatutako epaimahaiari.

Lehen aldia da herrialde batek beste baten aurkako salaketa aurkezten duela Nazioarteko Justizia Auzitegian, eta hirugarren aldia da II. Mundu Gerraz geroztik genozidio baten inguruko auzi bat epaituko dela bertan.

Salaketak 2016ko urritik 2017ko abuztura arteko gertaeretan du jatorria. Hilabete horietan, Myanmarrek operazio militar bati ekin zion, eta, haren ondorioz, 700.000 rohingya inguruk herrialdetik ihes egin behar izan zuten Bangladeshera. «Etnia osoa edo zati bat suntsitzen ahalegindu ziren, talde hilketak eta bortxaketak erabiliz eta baita euren herriei su emanez ere, inor etxe barruan zegoen inporta gabe», dio akusazioaren txostenak. Gambiaren esanetan, Myanmarrek «garbiketa operazio hedatu eta sistematikoa» ezarri zuen.

Myanmarko Gobernuak, berriz, behin eta berriz ukatu ditu genozidio akusazioak, eta argudiatu du «eraso terroristak» zapuzteko egin zituzten operazioak zilegi izan zirela, rohingyen talde armatuek segurtasun indarrei egin zietelako eraso.

NBEren txostena oinarri

Akusazioak aurkeztu dituen frogen oinarri nagusia NBE Nazio Batuen Erakundeak eginiko ikerketa bat da. Haren arabera, Myanmarrek «genozidioa» izan zuen helburu rohingyen aurkako erasoetan. Txostenak jasotzen dituen eskubide urraketak nabarmendu ditu Gambiako ordezkaritzak: bortxaketa masiboak, bizirik erretako familiak eta dozenaka haur labanaz sastakatuak, besteak beste.

Hainbat biktimaren testigantza grabatuak ere bildu zituzten NBEko ikerlariek, eta horietako zenbait ekarri zituen gogora akusazioak atzo. «Etxera sartu ginenean, soldaduek atea itxi zuten. Soldadu batek bortxatu egin ninduen. Lepoaren atzealdean eta sabelean sastakatu ninduen. Nire haurra babesten saiatzen ari nintzen. 28 egun zituen, baina lurrera jaurti zuten, eta hil egin zen», dio biktimetako batek.

Auziak iraun artean, behin-behineko neurriak ezartzeko eskatu du Gambiak, gutxiengo musulmanaren eskubideak errespeta daitezen. Besteak beste, rohingyei mugitzeko askatasuna bermatzea, Rajine eskualdera giza laguntza bidaltzeko «beharrezkoak ez diren oztopoak» kentzea eta etnia horretako kideen oinarrizko eskubideak urratzen dituzten praktikak amaitzea. Gambiak kalte-ordainak ere eskatu ditu, eta errefuxiatuen itzulerarako baldintzak sortzea.

Nazioarteko Justizia Auzitegia ez ezik, Nazioarteko Zigor Auzitegia ere ari da Myanmar ikertzen, gizateriaren aurkako krimenak egin ote zituen argitzeko.

Myanmarko Rakhine eskualdean —herrialdearen mendebaldeko kostaldean—, 1,1 milioi rohingya bizi dira. Eskualdeko populazioaren heren bat. Musulmanak izanik, baztertuta daude Myanmarko gehiengo budistaren aldean. Bi komunitate erlijiosoen arteko gatazkak II. Mundu Gerran du jatorria, eta gerraren ondotik areagotu egin zen zatiketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.