CAFek %27 handitu ditu salmentak, autobusen ekarpen handiari esker

Eskari zorroa %22 gehitu du, eta inoizko handiena da. Irabaziak, ordea, 25 milioi eurora jaitsi dira, Brasilen jarritako isunak ia 38 milioi baztertzera behartu duelako. 2020. urtea ona izatea espero du

Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Marken urtea izan da 2019.aCAFentzat. Inoiz baino kontratu gehiagorekin amaitu du (+%22), inoiz baino salmenta handiagoak izan ditu (+%27), eta inoiz baina dibertsifikatuagoa du negozioa, trenak ez ezik, autobusak ere erruz saldu dituelako. Salbuespen bakarra dago marka horietan, irabazietan hain zuzen ere: 25 milioi euro irabazi ditu, iaz baino hamabost gutxiago. Baina jaitsiera horrek badu azalpen bat: 37,9 milioi euro baztertu behar izan dituCADE Brasilgo lehia agintaritzak jarritako isun bat ordaintzeko. CADEk leporatu dio kartel bat osatu izana Alstomekin, Bombardierrekin eta beste lehiakide batzuekin. Errugabe dela dio Beasaingo konpainiak, eta itxaropena duela auzibidea amaitzen denean zigor txikiagoa edo batere ez ordaintzeko. Hori gabe, CAFek %58 handituko zukeen bere irabazia: 40 milioitik 63 milioira.

Eraldaketa bete-betean dagoen enpresa da CAF. Trenak eta tranbiak egiten zituen enpresa bat zen, eta mugikortasunaren arlo askotan aritzen den konpainia bat bilakatu da. Urratsik handiena 2018an egin zuen, Poloniako Solaris autobus enpresa handia erosi zuenean, 300 milioi euroren truke. Erosketa horrek 2.400 langile batu zituen CAFera, eta haren ordaina 2019an ikusi ahal izan da oso-osorik. Autobusen salmenta negozioaren %9 izan zen 2018an—Vectia markako autobus elektrikoak egiten zituen aurretik—, eta %25 da orain. Dagoeneko kontratuak ditu 70 hiritan.

Iaz, 650 milioi euroren salmentak lortu ditu autobusetan (+%42). Guztira, 1.487 autobus saldu zituen, %21 gehiago. Salmenten hazkundea autobus unitateena halako bi izatearen arrazoietako bat da ibilgailu elektrikoen portzentajea handitu egin dela, eta horiek garestiagoak direla. 2018an, %29 izan ziren elektrikoak eta hibridoak, eta 2019an jada %40 izan dira. Aurten 500 autobus elektriko emateko asmoa du.

Iazko inbertsio nagusia ere Europan egin du CAFek. Maiatzean, Suediako Euromaint enpresa erosi zuen, 80 milioi euroan. Trenen mantentze lanak egiten dituen enpresa bat da, mila behargin inguru ditu, eta 150 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2018. urtean. CAFek iragarri zuen Eskandinavian kontratu gehiago lortuko zituela hari esker, eta hala izan da: otsailean jakinarazi zuen Bergensbanan izeneko trenbidean ibiltzen diren trenak konponduko eta mantenduko dituela datozen bederatzi urteetan, VY konpainiarentzat. Tren horrek Oslo hiriburua eta Bergen hiria lotzen ditu.

Trenak, eskarien %92

Baina, oraindik ere, CAF nagusiki trenak egiten dituen enpresa bat da. Salmenten hiru laurdenak trenen arloan egiten ditu —mantentze lanak, zerbitzuak eta seinaleztapenak barne—, eta gaur egun duen eskari zorroaren %92 atal horri dagokio.

2019a bereziki ona izan da kontratu berriei dagokienez. 4.066 milioi euroren eskariak izan zituen, 2018an baino 1.164 milioi gehiago. Hiru kontratu nabarmendu ditu konpainiak, proiektu integralak direlako, hau da, trenak ez ezik, haien mantentze lanak, seinaleztapenak, telekomunikazioak eta beste batzuk ere hornitu beharko dituela.

Jerusalemgo tranbia

Haien artean dago Jerusalemgo proiektu eztabaidatua, Israelek palestinarrei okupatutako lurraldeak lotuko baitituzte CAFek hiri horretarako egingo dituen 114 tranbiek. Proiektu hori egiteko lehiakide europarrik gabe geratu zen Beasaingo konpainia, besteek uko egin baitzioten Nazio Batuek lurralde okupatuak izendatutakoetan lan egiteari. Langile batzordeak berak eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeak eskatu zioten kontratua alde batera uzteko, baina zuzendaritzak ez du eskaera bete.

2019. urtearen amaieran beste kontratu esanguratsu bat lortu zuen CAFek, Alstom lehiakide handiaren etxean: 28 tren egingo ditu SNCF Frantziako trenbideetako enpresa publikoarentzat. 700 milioi euro jasoko ditu horren truke, baina baliteke gehiago izatea, 75 tren gehiago egiteko aukera zabalik utzi dutelako.

2020. urteari begira baikor azaldu da CAF. Uste du handitu egingo dituela salmentak, eskaera asko dituelako betetzeko eta autobusen adarra gehiago garatu ahal izango dituelako. Horren ondorioz, irabaziak handitzea espero du —Brasilgo auziak luze jotzea espero duenez, haren eragin negatiboak ez luke desagertu behar—.

Eskarietan marka berririk ez du iragarri, baina asko espero ditu, aurreikuspen onak dituelako sektoreak eta «lizitazio bolumen handiak» izango direlako herrialde batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.