Ospitaletik kartzelara itzuli dute Patxi Ruiz, eta egarri greba utzi du

Herenegun gauean eraman zuten Murtziako Virgen de la Arrixaca erietxera; berak eskatu du ospitalea uzteko. Kartzelako medikuak txosten batean idatzi du egoera larrian dagoela

Autobus bati egindako pintaketa, atzo, Azpeitian. BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Espetxe Erakundeek BERRIAri baieztatu diotenez, auto judizial baten eskariz eraman zuten Patxi Ruiz euskal presoa ospitalera, ortzegun gauean. 23:00ak aldera eraman zuten Murtzia II espetxetik Murtziako (Espainia) Virgen de la Arrixaca erietxera, eta atzo han iragan zuen eguna. Amak bisita egin ahal izan zion arratsaldean. Ospitalean seruma eman zioten, eta egarri greba utzia duela jakinarazi zion amari. Berak eskatuta, iluntzean atera zuten ospitaletik, eta kartzelara itzuli zuten. Bertako erizaindegian sartu dute; koronabirusaren aurkako protokoloa jarraituz, berrogeialdian egon behar du orain.

Efe albiste agentziak atzo epaitegiko iturriak aipatuz jakinarazi zuenez, kartzelako medikuak analisiak egin zizkion ortzegun arratsaldean Ruizi, eta horien emaitzen arabera ondorioztatu zuen «gose grebaren ondorioz» haren egoera fisikoa pixkanaka okertuz joana zela azken egunetan. Presoaren osasuna hobetzeko tratamendua hastea galdegin zuen espetxeko medikuak, «bizia galtzeko arrisku berehalakoa» zuelakoan. Efek epaitegiko iturriak aipatuz erraten duenez, medikuak agiri bat gehitu zion osasun txostenari, zeinak azaltzen baitu Ruizek bere kabuz ospitalera joateari uko egin ziola.

Ruizen sendia eta konfiantzazko medikua Murtziara joan ziren atzo. Maiatzaren 11n abiatu zuen Ruizek gose eta egarri greba, espetxean koronabirusaren krisia kudeatzen ari diren moduagatikhainbat protesta egin eta kartzelari batzuengandik mehatxuak jaso ondoren. Ortzegunean, Ruizen aldarrikapenak biltzen dituen sei puntuko ohar bat kaleratu zuen AEMk: euskal presoak Euskal Herriratzea aipatu zuen «bizirik ateratzeko baldintza» gisa, ohar horretan.

Protesta gehiago

Atzo goizean Itsasu eta Luhuso (Lapurdi) arteko bidea hetsi zuten hainbat ekintzailek, eta su eman zioten bideari. «Patxi Ruiz S.O.S» zioen pankarta atera zuten, eta prentsa ohar baten bidez adierazi zuten euskal presoaren egoera salatu eta «haren borrokarekin» bat egiten zutela. Suhiltzaileek itzali zuten sua. Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek Patxi Ruizi elkartasuna adierazteko manifestazio batera deitu dute gaurko, 17:00etan, Baionako herriko etxearen aitzinean.

Pintaketa gehiago egin zituzten atzo, bertzalde, Gipuzkoan. Azpeitian, burua estalitako lagun batzuek pintaketak egin zituzten Lurraldebusen autobus batean, amnistiaren eta Patxi Ruizen alde. Azpeitiko udal taldeak (EH Bildu) «desadostasuna» agertu zuen: «lekuz kanpokoa» eta «guztiz salagarria» iritzi zion: «Azpeitiko udal gobernuak bizikidetzaren eta normalizazio demokratikoaren alde lanean jarraituko du. Herritar guztien giza eskubideak oinarri hartuta. Eskubide urraketa guztiak salatuz, presoen eskubideen aurka egiten ari diren giza eskubide urraketak barne».

Donostian ere egin zituzten pintaketak, EAJren bi batzokiren paretetan. EAJren GBBk salatu egin zuen, eta ezker abertzaleari erran zion gaitzespena behar dutela halako ekintzek. Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak ere pintaketak salatu zituen. Ezker abertzaleari eskatu zion «erasoak» gaitzesteko eta «dinamika hori» amaitzeko. Anduezaren arabera, PSE-EEk ez du«inongo dudarik» ekintza horiek «ezker abertzale barnetik» datozela: «Sektore bati edo besteari ez zaio gustatzen EH Bilduk garai berri hauetan hartu duen bidea: Espainian eta Euskadin politika egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.