Koronabirusa

COVID-19aren kutsatzeak arakatzeko aplikazioen eraginkortasuna, kolokan

«Normaltasun berrira» heldu bidean, koronabirusaren zabaltzea geldiarazteko tresna gisa aurkeztu dituzte zenbait 'app'. Herrialde askotan ez dira lortu hasiera batean aurreikusitako emaitzak

LUKAS COCH / EFE.
2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Birusaren kontrola hizpide izan da itxialdia bukatu eta neurriak lausotzen hasi zirenetik. Helburu horrekin hasi ziren munduko herrialde asko kutsatzeak arakatzeko aplikazioak sortzen. Hala ere, orain arte ez da emaitzaase positiborik izan inon.

Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) argitaratutako txostenean zioen mota horietako aplikazioak kutsatzeen kontrola errazten dutela. Lagun gehiagorengana iristea ahalbidetzen du, «ez baitzaio kutsatutako pertsonen memoriari» erreparatu behar. Gainera, arakatzearen «garrantzia» nabarmentzen du, itxialdiak amaitu eta neurriak murriztuz doazen heinean «kontrola» mantentzeko.

Eredu bateragarriak sortzea alde positiboa litzateke ECDCren ustez, mugez haratago heldu ahal izateko. Esaterako, Ipar Irlandak duela astebete aurkeztu zuen birusa arakatzeko erabiliko duten aplikazioa, NearForm konpainiak sortutakoa; Irlandako Errepublikan ere enpresa berberak sortu du app-a. Horregatik, irla osoan jarraitu ahalko diote arrastoa birusari, erabilera bateratua adostu ondoren, administrazio desberdinek kontrolatzen dituzten eremuak badira ere. Eskoziako Gobernuak ere adierazi zuen software bera erabiliko dutela.

Dena den, hasieran tresna erabilgarri modura ikusten zenak erantzun desberdinak izan ditu zenbait herrialdetan; haietako askok pribatutasunarekin zerikusia izan dute. Aplikazioek bluetooth bidez funtzionatzen dute, eta erabiltzaileak COVID-19an positibo eman duen jakinaraz dezake bertan. Orduan, haren sakelakoarekin bluetooth bidez elkartutako gailu guztietara abisua bidaltzen du app horrek. Eredu zentralizatuan gobernuek telefono bakoitzean sartutako informazioa eta erabileraren datuak eskura izango lituzkete, eta, hortaz, erabiltzaileen identitatea zein den jakin dezakete. Deszentralizatuan, aldiz, aplikazioan jasotako informazioa telefonoan geratzen da; erabiltzaileak soilik izan dezake informazio hori. «Aplikazio horien erabilera borondatezkoa» izan behar dela dio ECDCk.

Erresuma Batuan maiatzean hasi zuten programaren probaldia eta hasieran proposatutako aplikazioa eredu zentralizatukoa zen. Hala ere, eredu deszentralizatuaren ideia hobesten hasi ziren Europan, bi ereduen arteko lehia sortuz. The Guardian-en arabera, maiatzean hasitako probaldia herrialde osora zabaldu behar zen hil horretan, baina ez zen horrela gertatu, eta gutxinaka atzeratuz joan ziren data hori. Azkenean, Osasun Zerbitzu Nazionalak proposatutako app-a bertan behera geratu zen.

Bestalde, arakatze aplikazioa ez da Hego Korean erabili duten tresna bakarra. Pandemiaren hasieran datu base publiko bat sortu zuten, eta pertsona kutsatuenadina, sexua eta nazionalitatea agertzen ziren bertan. Gobernuaren datu base horrek Corona 100m izeneko tresna sortzea erraztu zuen. Hala ere, datuak eguneratzeko zaintza kameren irudiak, kreditu txartelen mugimenduak eta historia medikoak erabiltzen dituzte. Zaila litzateke halako kontrola mendebaldeko herrialdeetan onartzea.

Pribatutasunaz haratago

Edonola ere, pribatutasuna ez da izan agertu diren arazoetako bakarra. TraceTogether izan zen erabiltzen hasi ziren lehenengotariko aplikazioa, Singapurrek proposatutakoa. Agintariek esan zuten 2,1 milioi lagunek deskargatu zutela; herrialdeko populazioaren %35 inguru izango litzateke. Gobernuaren arabera, etxeratzeak azkarrago agindu ahal izan zituzten, baina onartu zuten app-ak ez zuela lortu uste bezainbesteko arrakastarik. Tresnak une oro egon behar du funtzionatzen, bigarren mailan bada ere, eta horrek sakelakoen bateria azkar xahutzen du, BBCren arabera. Ondorioz, erabiltzaileetako askok aplikazioa kentzea erabaki zuten.

Australiak jarraitu zion Singapurri, COVIDSafe-ekin, eta, hasieran erreakzio positiboak nagusitu ziren. Dena den, oposizioaren arabera, aplikazioak «huts egin» du Victorian; alarma egoera ezarri zen uztailaren 2an, agerraldiengatik. Kasu gehienak ez dira foku ezagunetatik eratorriak, eta, hain zuzen ere, horietan lagundu beharko luke app-ak, oposizioaren arabera, «baina ez da behar bezala ari».

Eskuragarritasuna da beste faktore bat. Kanadan duela astebete jarri zuten martxan Covid Alert izeneko aplikazioa, eta deskargatu ahal izateko baldintzetako bat da azken bost urtetako Apple edo Android sakelako telefono bat izatea, sistema operatibo berriarekin. Baldintza hori dela eta, kritiko agertu zen Christopher Parsons Citizen Lab laborategiko ikertzailea. Haren ustez, tresnaren eskuragarritasuna murrizten da; batez ere, talde baztertuentzatedo herritar helduenentzat.

«Immuni aplikazioak ez du lortu hasieran aurreikusitako zenbakietara heltzea», esan zuen Dominico Arcurik, pandemiari aurre egiteko izendatutako Italiako arduradunak. Izan ere, ekainaren hasieran ateratako baliabide horrek 4,1 milioi erabiltzaile inguru zituen uztailaren hasieran, Paola Pisano Berrikuntza Ministroaren hitzetan; populazioaren %7 inguru. Oxfordeko Unibertsitatearen arabera, gutxienez herritarren %60k deskargatu beharko luke app-a, eraginkorra izan dadin, eta, Enrico Bucci biologoaren arabera ,oraindik eta gehiagok: %70ek. Deskarga kopuru murritzak, beraz, zail egiten du tresnaren funtzionamendua.

Handiagoa izan zen deskarga kopurua Alemanian: Corona-Warn-App gutxienez 16,2 milioi aldiz deskargatu zuten uztailean, Robert Koch Institutuaren arabera. Herritarren %20k deskargatu izango lukete, beste herrialdeetan baino gehiagok. Hala ere, Bild Alemaniako egunkariak argitaratu zuen aplikazioa ez zela behar bezala ibili milioika erabiltzaileren gailuetan bost astean zehar, eta, hortaz, ez zituela kutsatzeak arakatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.