Euskaraldirako prestatzen. Ariguneak

Euskaraz arituz, haritu

Euskaraldiak beste pauso bat eman du aurten. Banakoen hizkuntza ohiturak aldatzetik harago joan nahi izan dute: ariguneak sortu dira, taldeetan eragiteko.

Euskaraz arituz, haritu.
jone arruabarrena
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Euskaraz aritzea. Hizkuntza ehuntzeko hariak sortzea. Euskararen babesgune izatea. Hortxe ariguneen helburuetako batzuk. Euskaraldia entitateetara zabaltzeko asmoan, aurtengo ariketako berrikuntza nagusia dira, baina zer dira zehazki ariguneak? «Euskaraz eroso aritzeko guneak dira», azaldu du Elhuyarreko aholkularitza saileko koordinatzaile Maddi Etxebarriak. «Nik badakit beste horrek euskaraz dakiela; beraz, ariguneetan badaukagu legitimazio eta babes bat biok euskaraz aritzeko». Ariguneen figuraren sorkuntzan lanean ibili da Etxebarria, eta nabarmendu du ariguneen barruan ere rol bat baino gehiago egon daitezkeela: «Eremu horretan egon daiteke euskaraz egin nahi duena edo euskarara egokitzen dena, hitz egiten ez badu ere ulertzen duelako».

Banakoetan ez ezik, taldeetan ere eragitea da aurtengo Euskaraldiaren xedeetako bat, eta horren harira, ahobizi eta belarriprest figurei gehitu dizkiete ariguneak. Eremu horien ezaugarrietako bat adostasuna da, parte hartzaile guztiak egongo baitira ados epealdi batean beren hizkuntza ohiturak aldatzeko. Hori baita Euskaraldiaren helburu nagusia: hizkuntzaren praktikan indarrean dauden ohitura batzuk aldatzea. «Ez gaude ohituta batek euskaraz egin eta besteak erdaraz erantzutera, eta bakoitzak berean jarraitzera». Baina, Etxebarriaren esanetan, kultura soziolinguistiko berri bat sortzea zen Euskaraldiaren asmoa, zerotik ehunera «beste 99 aukera» daudela ikusaraztea: «Dena euskaraz eta dena erdaraz egitearen artean badaude gris asko».

Banakotik kolektibora

Lehenengo Euskaraldian ere ohitura aldaketa hori sustatu zuten, baina modu indibidualean. Orain, ordea, hautua kolektibizatu nahi izan dute, ariguneen bidez. «Gu ez gara gizabanako bakartuak: taldean bizi eta komunikatzen gara. Horregatik, beharrezkotzat jotzen genuen eremu horretan eragitea». Izan ere, Etxeberriak adierazi duenez, taldeko dinamikek eragin nabarmena daukate ohiturak aldatzean: «Euskara maila txikia daukan pertsona bati euskaraz egiten badiozu, sinpatia prozesu bat gertatzen da, eta hasieran berak erdaraz erantzun arren, pixkanaka, pertsona horrek euskaraz egiten du». Taldean arituta, efektu hori handiagoa da: «Taldeetan, horrelako kateak sortzen dira».

Bada, halako taldeak zabaltzean enpresek daukaten erantzukizuna azpimarratu du Etxebarriak: «Garrantzitsua da benetako neurriak hartzea, erakunde horietan euskara lan hizkuntza ere izan dadin». Dena den, erakundeek ere ariguneak sortu, aktibatu edo babestu ditzakete. «Lantalde batean denek euskaraz ulertzen badute, baina gero enpresak lekualdaketak egiten baditu, egindako lan guztia atzera doa berriro. Erakundeek horrelako gauzak ez gertatzeko jarduerak proposatzea ere garrantzitsua da».

Baina ariguneak ez dira soilik enpresetara mugatzen: gune antolatu orok dauka espazio horiek aktibatzeko aukera. Entitate bakoitzak, gainera, bi arigune mota sortzeko aukera izango du: kanpo ariguneak eta barne ariguneak. Lehenengoa entitatean herritarrekin harremana daukaten pertsonek osatzen dute. Bigarrena erakunde barneko kideen artekoa izango da. Izan ere, ariguneak sortzeko aukerak askotarikoak dira, Etxeberriak adierazi duenez. Elkarte oso batek har dezake parte, edo soilik elkarte horren zuzendaritzak. Futbol talde bat ere izan daiteke arigune bat, baita udal bat ere. «Kasu horretan, bi arigune ere egon daitezke: udalaren barne arigunea, eta beste kanpo arigune bat, herritarrei arreta eskaintzeko orduan».

Euskal hiztunik ez denean

Egon badira, hala ere, ariguneak sortu nahi baina hiztun euskaldunik ez daukaten erakundeak. Horientzat, bi aukera eskaintzen ditu Euskaraldiak: batetik, datozen edizioetara begira, ariguneak aktibatzeko baldintza egokiak sortzea, langileek euskara ikasteko baliabideak jarriz; eta, bestetik, entitate barruan ahobizi edo belarriprest gisa parte hartuko duten kideen jarduna babestea. «Gauza asko egin daitezke Euskaraldian zuzenean parte hartzeko aukera ez badago ere», azpimarratu du Etxeberriak.

Aurten, ordea, ariguneek erronka handi bati egin beharko diote aurre: «Garai zail batean gaude taldeko hizkuntza ohituretan eragiteari begira: telelanaren bidez egiten dugu lan, tabernak itxita daude...». Horregatik, Etxebarriaren ustez, garrantzitsua da ohitura horiek denboran irautea: «Hamabost egun horietan ariketa egin badute eta ondo funtzionatu badu, jarrai dezatela egitasmo horrekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.