Albistea entzun

Hezur-haragizko 79 langile noiz kaleratuko dituzten zain

Garberako Zara Home eta Eibarko Stradivarius gehitu zaizkie Inditexek iragarritako itxierei: beste hamahiru langile
Maniki batzuk Zararen saltoki bateko erakusleihoan.
Maniki batzuk Zararen saltoki bateko erakusleihoan. MARISCAL / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2021eko maiatzak 20

Inditex konpainiak aurrera jarraitzen du salmenten laurdenak sarearen bidez egiteko helburuarekin, eta plan hori ondorio latzak eragiten ari zaizkie Hego Euskal Herriko Zara, Pull&Bear, Massimo Dutti, Bershka, Stradivarius, Oysho eta Zara Home dendetan ari diren dozenaka langileri, gehien-gehienak emakumeak. Iazko hondarrean eman zituen ezagutzera Amancio Ortegaren konpainiak zenbat eta zein saltoki itxiko zituen hilabete gutxian; hogei saltoki itxita, 66 langile kaleratzeko arriskuan geratuko ziren lau herrialdeetan. Bada, ELA sindikatuak BERRIAri esan dio Eibarko Stradivarius eta Garberako (Donostia) Zara Home ere itxi egingo dituztela, eta, hortaz, beste hamahiru langile gehitu dira enplegua kolokan dutenen zerrendara: Eibarko bederatzi eta Garberako lau. Inditexek 2022rako egin nahi du salmenten %25 sarearen bidez egiteko plana , eta dendak ixteko azeleragailuari sakatu dio.

Itxierek ez dituzte zertan kaleratzeak ekarri derrigor, multinazionalaren arabera, CCOOrekin eta UGTrekin egindako akordioan konpromisoa hartu baitu saltzaileari beste nonbait lanpostu bat emateko. Alabaina, ELA sindikatuko Merkataritza ataleko arduradun Amaia Pintadok garbi azaldu du «ezkutuko kaleratze erregulazio bat» dela Inditexen gertatzen ari dena: «Donostiako langile bati Sevillan enplegua eskaintzea edo lanaldi murriztu bat eskaintzea zer da ba?».

Primarken zain Bilbon

Enplegua kolokan duten behargin horiek noiz jakingo dute, orduan, zer eskaintzen dien arropa konpainiak? Bada, enpresak denda itxi aurretik jakinarazi behar die non dituen lanpostuak libre haientzat, eta, horren arabera, hautu bat egin beharko dute: lanpostu berria onartu ala langabeziara joan. Gertatzen dena da lanpostu berriaren aukera ez dela «benetakoa» sarri askotan, baldintzak ez direlako bideragarriak, lanpostua urrunegi dagoelako.

«Komertzio tradizionala aldatzen joateko plana oso pentsatua dute Inditexek eta beste hainbatek, eta aspaldian ari dira bezeroa horretara bideratzen. Pandemiak azkartu egin du plan hori, argi dago, baina online salmentak bultzatzeak ez du zertan ekarri guztiz errentagarriak diren dendak ixtea». Pintadok H&M jarri du horren adibide gisa. Suediako enpresak 56 langile bota nahi ditu Euskal Herrian: lau Nafarroan, beste lau Araban, hamasei Gipuzkoan, eta 30 Bizkaian.

Bien bitartean, Irlandako low cost-eko erraldoi Primarkek saltoki handi bat zabalduko du gaur Bilbon. Bilbao Dendakeko presidente Rafa Gardeazabalek esan du «onartu» egin behar dutela irekiera hori: «Negozio gisa ez dugu ezer esateko, baina eredu komertzial gisa ez da ona hiriarentzat».

Donostiako COS H&M dendan ari dira pairatzen eredu horren ajeak: «Hilero hilero iristen da kateak ezarritako gutxieneko salmentara», dio ELAko kide Pintadok, eta, hala ere, hango hamalau langileak kaleratzea erabaki du konpainiak. Emakume langile horiek greba mugagabean daude maiatzaren hasieratik. «Itxiera horren atzetik ez dago arrazoi ekonomiko jakin bat, online salmentak bultzatzeko estrategia oso bat baizik». Denden alokairua eta pertsonal gastuak kentzen dituzte, baina inbertsio berriak egin behar dira sarerako.

Pintadoren ustez, pertsonal gastu horiek ez dute pisu handirik konpainia handientzat: «Hamalau lanpostu kentzeak ez die askorik eragiten; estrategia zabal baten barruan ulertu behar da kaleratze kolektibo hori, eta, aurrerantzean, gehiago iritsiko dira». Inditexek Txinan itxitako denda mordoa gogorarazi du. «Joera hori indar handiagoarekin iritsiko da hona, eta, Inditex bezala, beste kate handiak ere badakigu norantz doazen», ohartarazi du ELAko Merkataritza ataleko arduradunak.

Eta, horrelako egoera baten aurrean, zer proposatzen du ELAk irtenbide gisa, langileen lanpostuak salbatzeko? Digitalizazioaren itzalean egiten ari dira itxierak eta digitalizazioak berak lanpostuak sortzen dituela uste du Pintadok: «Enpresek konpromisoa hartu behar dute ixten dituzten denda horietako langileak digitalizazioak sortuko dituen horietan jartzeko. Arrisku handia baitago atal digitalean azpikontratazioak egoteko, eta lanpostu prekarioak sortzeko. Lan hitzarmena alda dezakete, eta arreta telefonikoa atzerritik egin. Zenbat diru aurrezten dute horrela?».

Pintadok badaki batek edo bestek lor dezakeela digitalizazioarekin lotutako lanpostu berria, baina Inditexeko asko langabeziara joango direla ere bai, «40 orduko lanaldia edukita 24ko batera aldatzea, urrutira joanda, adibidez, ez delako bideragarria».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iberdrolaren Wikinger parke eolikoa, Alemaniako uretan. ©IBERDROLA

INDUSTRIA KRESAL HAIZETAN

Irune Lasa

Energia berriztagarriak behar dira, gero eta gehiago, ahalik eta gehien. Argindar 'garbia' lortzeko itxaropena itsasoko haize errotetan dago neurri handi batean, eta, bereziki, haize errota flotagarrietan. Eta hor dago euskal industria.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU
Bretainiako hainbat arrantzalek sorgailu eolikoen oinarriak jartzen dituen itsasontzia inguratu zuten maiatzean. ©BERRIA
Artxiboko irudian, laneko heriotza bat salatzeko elkarretaratzea Iruñean ©Inigo Uriz / Foku

Behargin bat hil da Bergaran

Irune Lasa

Markinako behargin bat hil da Bergarako Fagor Ederlanen lantokian «lan istripu ez traumatikoan», salatu du LAB sindikatuak. Beharginak 44 urte zituen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.