Hondurasko presidente ohia atxilotu dute, AEBetara estraditatzeko

Narkotrafikoa eta ustelkeria egotzi dizkiote Juan Orlando Hernandezi. Hondurasko eta Mexikoko narkotrafikatzaileek milioika euro eman zizkioten eroskeria tarteko, haiek babestearen truke

Hondurasko Polizia Nazionala, Hernandez presidente ohiaren etxe kanpoan, Tegucigalpan. GUSTAVO AMADOR / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Lokatzez zipriztindu da Hondurasko presidente ohi Juan Orlando Hernandez. AEB Amerikako Estatu Batuek presidente ohia behin-behinean atxilotzeko eta estraditatzeko eskatu zioten herenegun Kanpo Arazoetako Ministerioari, narkotrafikoa eta ustelkeria egotzita. Agintari ohia bere burua entregatzera zihoan, haren abokatuak egindako azken adierazpenen arabera, baina herrialdeko epaile batek hura atxilotzeko agindua igorri zuen atzo, hala ere, eta bere etxean atxiki zuten, Tegucigalpa hiriburuaren ekialdeko muturrean, Hondurasko Poliziaz inguratuta zegoela. Eta hori, Xiomara Castrok presidente kargua hartu —urtarrilaren 27an— eta aste gutxira. Castroren aurretik izan zen Hernandez presidente, zortzi urtez.

Hernandezi lau delitu leporatu dizkio AEBek Hondurasko hiriburuan duten enbaxadak, Kanpo Arazoetako Ministerioari atzo bidalitako oharrean azaldu duenez: droga AEBetara inportatzea, arma trafikoa eta ustelkeria. Hernandezek narkotrafiko sare batean parte hartu zuen, Kolonbiatik eta Venezuelatik Hondurasera bidalitako hainbat kokaina tonako kargamentuak jasotzeko, besteak beste. Droga airez eta itsasoz garraiatzen zuten Hondurastik Guatemalara, azkenik AEBetara eramateko. Orotara, 500.000 kilo kokaina garraiatu zituzten 2004tik. Presidente ohiari «milioika dolar eman zizkioten Hondurasko, Mexikoko eta beste herrialde batzuetako narkotrafikatzaileek eroskeria tarteko, haiek babestearen truke».

Horrez gain, estatuburu ohiak polizien eta militarren informazioa ematen zien narkotrafikatzaileei. Segurtasun indarrek droga kargamentuak babesten zituzten, eta, gisa horretara, «presidente ohiak bide eman zuen ondoriorik gabeko indarkeria basatia erabiltzeko», enbaxadak zehaztu duenez.

Hernandezen aurretik, 2010etik 2014ra bitartean presidente izandako Porfirio Lobo Sosaren izena ere ageri da ohar horretan; 2009an, Hondurasko estatuburu izateko kanpaina hasi zuen, eta ordurako Hernandezekin batera ari zen lanean. 1,7 milioi euro inguruko irabaziak izan zituzten, Ardon Soriano narkotrafikatzailearen bitartez.

Kolaboratzeko prest

Presidente ohia justiziarekin kolaboratzeko «prest» dago: «egoerari aurre egiteko eta neure burua babesteko». Bitartean, jende ugari bildu da haren etxe inguruan, estatuburu ohiaren estradizio posiblea ospatzeko. «Joateko garaia heldu zaizu, Juanchi!» edota «narkotrafikatzaileak kanpora!» dira oihu nagusiak manifestarien artean.

Washingtonek iragan astean jakinarazi zuen AEBetan sartzeko bisa bertan behera utzi ziola presidente ohiari, «narkotrafikoa eta ustelkeriagatik». Hain justu, 2021eko martxoan, New Yorkeko auzitegi federal batek bizi osorako kartzela zigorra ezarri zion haren anai eta diputatu ohi Juan Antonio Tony Hernandezi, eta 118 milioi euro ordaintzera zigortu zuen, narkotrafikoagatik, armak edukitzeagatik eta testigantza faltsuagatik. Hori gutxi ez, eta New Yorkeko fiskaltzak jakinarazi zuen estatuburu ohia 2021eko uztaileko iruzurgileen zerrendan zegoela, artean Hondurasko presidente zela.

«Inor ez dago legearen gainetik», zioen Estatuko Departamentuak ohar batean. Zehazki, El Heraldo Hondurasko egunkariak jasotakoaren arabera, Geovanny Fuentes Ramirez narkotrafikatzaileak Hernandezen presidentetzarako kanpaina finantzatu zuen 2013an. Gainera, New Yorkeko fiskaltzak ziurtatu zuen Hernandezek harremana izan zuela Joaquin Guzman El Chapo narkotrafikatzaile mexikarrarekin. Azken zortzi urteetan, Auzitegi Gorenak ustezko 32 narkotrafikatzaile estraditatu ditu gutxienez, AEBek eskatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.