Espainiak aberastasun handien gaineko zerga berri bat egingo du

Printzipioz, bi urterako izango da, eta «milioidunek» ordainduko dutela esan du Maria Jesus Montero Ogasun ministroak, baina ez du argitu zer zergapetuko duten zehazki

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa, atzo, Kongresuan. J.J. GUILLEN / EFE.
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun
PPko erkidego batzuen zerga jaitsierari zerga berri batekin erantzungo die Espainiako Gobernuak. Ondare zerga kenduko duela iragarri dute Andaluziako eta Murtziako gobernu eskuindarrek, errenta eta ondasun handiak dituztenek gutxiago ordaindu dezaten, eta talde hori bera da Pedro Sanchezen gobernuak jomugan duena, aberastasun handien gaineko zerga berri batekin. Urtarrilaren 1erako jarri nahi dute indarrean, eta Maria Jesus Montero Ogasun ministroaren arabera, bi urtez egongo da indarrean, 2023an eta 2024an, baina onartu du zabaldu daitekeela.

Koalizio gobernuko kiderik txikienak, Unidas Podemosek, proposatu zuen zerga, apirilean. Hasieran, PSOE bazkidearen ezezkoa jaso zuen, eta Kongresuan zerga horren aurkako botoa eman zuen, PP, Vox eta Ciudadanosekin batera. Baina PSOEn ere bidea egin du proposamenak, egoera aldatu egin baita. Luzatzen ari da Ukrainako gerra, luzarorako daude energia prezio garestiak ere, eta herritarren fakturak apaltzeko hainbat neurri hartu dituzte Europako Batasun osoan, baita ildo liberal argiko gobernuek ere, Bruselaren oniritziarekin.

Nazioarteko aldeko haizeak ez ezik, penintsula hegoaldetik iristen ari denak ere izan du zeresana. Astelehenean, Juanma Moreno Andaluziako Juntako presidenteak (PP) iragarri zuen %100eko hobaria jarriko zuela ondare zergan; hau da, inork ez duela ordaindu beharko. Madrilek aspaldi hartutako bideari heldu dio horrela Andaluziak, eta Murtziak ere iragarri du asmo hori duela. PP dago hiru erkidego horietako gobernuan.

Andaluziaren erabakiak kezka sortu du beste erkidegoetan, Madrilekin gertatu den bezala, beldur baitira herritar aberats asko han erroldatuko direla. Eusko Jaurlaritzak berak kritikatu egin du neurria, baina jakinarazi du ez dela «aberatsen arrantzan» arituko. Bide beretik mintzatu da Nafarroako Gobernua ere: Jose Maria Aierdi lehendakariordearen iritziz, «bidegabea eta onartezina» da Andaluziak bere herritar aberatsenei zergak jaistea eta aldi berean beste erkidegoen funtsak jasotzea, «baita Nafarroarenak ere».

Antzeko hitzak erabili zituen Monterok berak Andaluziako Juntaren eta Murtziakoaren iragarpenak kritikatzeko. «Zentzugabea da, eta sekulako arduragabekeria, Espainiako Gobernuari etengabe finantzaketa handiagoa eskatzea eta aldi berean beren esku dagoen zerga bat kentzea. Are gehiago, herritarren %0,2ri zerga bat kentzea, haren bilketak %99ri mesede egiten baitie».

Monteroren kalkuluen arabera, Andaluziak 120 milioi euro gutxiago bilduko ditu zergetan, eta 6.000 euroko «oparia» egingo die «gehien duten %0,2 horiei». Montero andaluziarrak gogorarazi duenez, haren lurraldea da osasunean eta hezkuntzan biztanlekogutxien inbertitzen duten erkidegoetako bat.

Zehaztu gabe

Ikusteko dago zerga berriak zer zergapetuko duen zehazki, Espainiako zerga sisteman —baita Hego Euskal Herrikoetan ere— jada badagoelako ondare zerga bat. Haren bidez, kopuru jakin batetik gorako ondasunak zergapetzen dira, hala nola etxeak, akzioak eta bankuko kontuak. Tasa berria soilik «milioidunek» pagatu beharko dute, herritarren %1ek baino gutxiagok», Monteroren arabera. «Ahalegin handiago bat eskatu behar diegu aparteko irabaziak dituztenei; hori da konpainia elektrikoen eta bankuen kasua, baina baita geure herriko fortuna handiena ere».

Ministroak azaldu du bere ministerioko teknikariak proposamena «lantzen» ari direla, eta aurki aurkeztuko dutela. Zerga edo tasa berri bat denez, espresuki hura arautzeko lege bat beharko luke, eta ezingo lukete aurkeztu aurrekontu legearen osagarri gisa, kontu horiek zergen moldaketak baizik ez dituztelako onartzen.

Espainiako koalizio gobernuaren asmoa zen zerga erreforma sakon bat egitea, baina asmo horitiraderan utzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.