Gerra Ukrainan

Neguak gerrari eragingo dio

Elurrak, hotzak eta eguzki orduen urriak baldintzatuko dituzte guda zelaiko mugimenduak eta horien ondorioz sortutako abaguneei eman beharreko erantzunak.

Errusiako armadako tanke batzuk ariketa militarrak egiten Rostov eskualdean, iazko urtarrilaren amaieran. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Napoleon Errusiako Inperioa inbaditzen hasi zen 1812ko ekainean, baina, abenduan, helburuak bete gabe amore eman behar izan zuen; besteak beste, neguak guda zelaian eragindako zailtasunengatik. Ehun urte pasa geroago, 1941ean, Bigarren Mundu Gerran, naziek Sobietar Batasuna inbaditzeari ekin zioten. 1942-1943ko neguaren gorrienean, ordea, atzera egin behar izan zuten Stalingraden —Volgograd da egun—, eta klima baldintza muturrekoek ekarritako sufrikarioek garrantzi handia eduki zuten erabaki hartan. Historialari asko bat datoz: bataila hura inflexio puntua izan zen gerra hartan.

Ukrainakoan, aldiz, ez dirudi hotzak, izotzak, elurrak, edo, esaterako, eguzki orduen urriak gatazka alde baterantz edo besterantz bideratuko dutenik. «Bi armadak oso prestatuta daude neguan borrokatzeko; azken finean, beren eremua da», azaldu du Pablo Del Amo Descifrando la Guerra hedabide digitaleko koordinatzaileetako batek. Nazioarteko politika aztertzen dute, eta uste du Ukrainako gerrak zerikusirik ez duela orain dela 80 urteko batekin: egun teknologia gehiago dute; gaitasun handiagoa soldaduak berotzeko; tankeak eta fusilak hobeak dira; osasun zerbitzuak garatuago daude... «Bestalde, Bigarren Mundu Gerrakoarekin alderatuta, tropen mugimendua askoz ere txikiagoa da orain». Hala eta guztiz ere, neguak Ukrainako gerrari ere eragingo dio.

Hasteko, Del Amoren arabera, jardun militarra aurrera eramateko moduetan. «Teorian», erasoan ari direnei, «ukrainarrei», egin diezaiekete mesede neguko klima baldintzek. «Neguko hilabeteak iristen direnean, lurra izoztu egiten da, eta zorua sendotu, eta horrek erraztasunak ematen ditu tropak eta mekanizatuak hedatu ahal izateko. Gainera, operazioak egiteko eremu gehiago duzu, landan zehar ere egin ditzakezu eta». Erantsi du, hori bai, defendatzen ari direnek ere aiseago mugi ditzaketela erreserbak.

Udazkeneko azken asteetan, neguaren aurretik, bestelakoa da egoera Ukrainako zein Errusiako lurretan. Sasoi horri Rasputisa deitzen diote errusiarrek, udazken bukaerako asteetako euriek asfaltatu gabeko bideak eta beste guztiz lokazten baitituzte. «Orduan, soilik errepideetatik bideratu daitezke erasoak», zehaztu du Del Amok. Fenomeno hori bera errepikatzen da udaberri hasieran, izotza urtzen denean.

Ukrainan, batez beste, hamalau egunetan egiten du elurra abenduan; urtarrilean hamazazpi dira, eta otsailean hamabost; hau da, elur geruza mardul bat osatu ohi dela. Horrek ere berea eragiten du frontean. «Dena zuri egongo da. Hortaz, hori izanik egoera, oso zaila da mugimenduak oharkabean igarotzea; azken finean, kamuflatze on bat edukita ere—eta nahiz eta hala izan zaila da—, tankeen zutabe bat askoz ere gehiago ikusten da».

Eta Kremlinek urri hasieratik Ukrainako energia azpiegiturari egindako erasoek beste kalte batzuk ekar ditzakete neguko hilabeteetan. «Izan ere, burdinbideei ere eraso egin diete, eta horrek, beraz, eragiten dio hornikuntzari berari eta armadaren logistikari». Horrekin lotuta, beste aldagai bat jarri du mahai gainean Descifrando la Guerra-ko kideak: energia urritasunarengatik, Ukrainako agintariek ez dute baztertzen herritarrak ebakuatzea. «Ehunka milaka herritar lekualdatzeko, trenbide bat behar behar duzu. Agian, fronteko lerroak hornitzeko beharko zuketen trenbide hori erabili beharko dute zibilak garraiatzeko».

Izan ere, Del Amoren iritziz, errusiarren helburuetako bat da, batetik, «kaosa» sortzea Ukrainan; eta ukrainarren kemena «txikitzea», bestetik. «Hori lortzen da haien bizitzeko modua birrinduz. Alegia: 'zero azpitik ez dakit zenbat gradutara gaude, eta ezin dut neure burua berotu, ezin ditut neure seme-alabak berotu'». Kremlinek hori lortu nahi duelakoan dago, horrek eragingo zukeelako milaka errefuxiatuk mendebalderantz jotzea, Europarantz, eta, «kaos» horren ondorioz, EB Europako Batasunak «birplanteatuko» lukeelako Ukrainari ematen ari zaion laguntza. «Baina, oraingoz, oso kementsu daude: beren herrialdea defendatzen ari direlako, garaipen batzuk lortu dituztelako azkenaldian...».

Borrokak areagotuko dira

Iruditzen zaio Del Amori oraintxe Ukrainak duela «erasoaldiaren ekimena», baina aintzat hartu behar dela Errusiak, azkeneko bi hilabeteotan, «ustez» 300.000 erreserbista mobilizatu dituela eta frontearekin bat egin dutela horiek. «Esango nuke erasoaldiren bat prestatzen ari direla». Haren iritziz, «Errusiak egoerari buelta emateko beharra dauka, batez ere Khersongo porrotaren ondoren inbasioa hasiz geroztik larriena izan da».

Nolanahi ere, ikusi nahi du ea behin negua igarota su eten baterako, are «bake akordio baterako», aukerarik zabaltzen ote den. Ez du uste hori gertatuko denik. «Posizio maximalistak dituzte biek, eta ez dute bakearengatik interesik azaldu».

Oroitarazi du, era berean, potentzia bakar batek ere ez duela bien arteko bitartekari izan nahi. «Negua igaro ahala joango gara ikusten gerraren ondorioak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.