FVEMek dio sindikatuek ere «amore eman» behar dutela

Patronalak sindikatuei leporatu die borondate gutxi dutela Bizkaiko metalgintzako ituna lortzeko, eta ohartarazi du greba gehiago egitea kaltegarria izango dela sektorearentzat

Jose Luis Lopez Gil, atzo, FVEMen egoitzan Industria egunaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
«Negoziazioa ezinezkoa da alde bietako batek horretarako borondaterik ez badauka». Jose Luis Lopez Gil FVEMeko presidenteak lehen agerraldi publikoa egin zuen atzo maiatzean Bizkaiko metalgintzako gatazka piztu zenetik. Sindikatuek proposamen bateratua aurkeztu zuten orduan, eta hamar greba egun egin ostean ere patronalak ez zuen prentsaurrekorik eman, eta ohar bidez eman izan dute euren iritzia. Baina Industria Eguna aurkezteko ekitaldian sektorean bizi den egoeraren inguruan hitz egitea beste erremediorik ez zuen izan Gilek, eta patronalaren jarrera defendatu zuen. Orain arte mahai gainean bederatzi proposamenjarri dituela esan zuen, eta sindikatuei eskatu zien euren jarrera aldatzeko.

Maiatzean lau sindikatu nagusiek —ELA, CCOO, LAB eta UGT— proposamen bateratua egin zuten, eta ESK, CGT, CNT eta USO zentralek eskaera horiekin bat egin zuten ondoren. FVEMek salatu zuen ordutik ez dutela euren jarrera aldatu, eta aldaketak hortik etorri behar duela. Areago, duela bost hilabete sindikatuek egindako proposamen horiek «onartezinak» direla zehaztu zuen, martxan jarriz gero enpresa askoren geroa zalantzan egongo zelako. «Eta horrekin batera baita lanpostu ugari ere».

Negoziazioak aurrera egingo badu, «bi aldeek mugitu behar dute». Gilek esan zuen sektoreko lan hitzarmenak «akordio askoren batasun bat dela», eta horretara iritsi nahi baldin bada negoziazio mahaian alde biek amore eman beharko dutela. Ez zuen zehaztu patronala zertan amore emateko prest legokeen ; izan ere, aste honetan federazioko enpresekin biltzen ari dira azken greben balorazioa egin eta hurrengourratsak adosteko.

Sindikatuen jarrera kritikatzeko aprobetxatu zuen agerraldia. Datozen egunetan adostuko dute langileek zein izango diren etorkizuneko mobilizazioak: «Normalean, negoziazio mahaian esertzen gara lehenik, eta han hitz egiten denarekin ados ez badaude egiten dute greba deialdia; ez orain arte bezala, negoziatzera eseri direnerako eginak zituzten greba deialdiak». Aurrera begira,sindikatuek ez dute grebarako aukerarik baztertu, eta horrek kezka sortzen dio Gili. «Sektorean greba gehiago egiteak kaltegarria izango litzateke».

Industria eguna

Agerraldia beste zerbaitetarako zen, ordea. Gazteak industria sektorera erakartzeko Industria Egunaren bigarren edizioa antolatu du FVEM patronalak. Izan ere, industriak langile kualifikatuen beharra edukiko du aurrera begira ere, eta etorkizuneko beharginak izango direnak erakarri guran sektoreko 33 enpresa bisitatuko dituzte 23 ikastetxetako 1.000 ikasle inguruk. «Estereotipoak baztertu nahi ditugu, eta emakumeak ere erakarri behar ditugu, gaur egun langileen %15 besterik ez baitira emakumeak».

Alde horretatik, sektoreko enpresek pertsona kualifikatu gehiago beharko dituztela esan zuen Gilek. Noiz, eta aste honetan Orkestra lehiakortasun institutuak argitaratu duen txosten batean langileen gehiegizko kualifikazioaren inguruan hitz egin duen honetan. «Ez dakit zeren arabera egin duten ikerketa, baina gure afiliatuen artean inkestak egiten ditugu, eta asko kezkatuta daude kualifikatuen faltarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.