Mendebaldeko Sahararen itsaso zatia bere egin du Marokok

Itsas mugak zabaltzea ere onartu du Marokoko Parlamentuak, eta Espainiarekin negoziatu beharko du Kanaria uharteekin duen erdibitzailea. Mineral baliotsuak daude ur horietan

Mendebaldeko Sahararen itsaso zatia bere egin du Marokok.
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun

Marokok pauso bat gehiago eman zuen atzo Mendebaldeko Saharako okupazioa legitimatzen saiatzeko. Parlamentuak bi lege proiektu onartu zituen: bata, Marokoren itsas mugak ezartzeko, eta bestea, Mendebaldeko Saharako uren subiranotasun juridikoa bere gain hartzeko. Hala, 1975etik, Mendebaldeko Sahara okupatu zutenetik, kosta horri dagokion itsaso zatia lehen aldiz gehituko da, modu juridikoan, Marokorenera. Dena den, parlamentuak onartutako legeak Marokon bertan soilik du balioa.

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ez dio aitortu Mendebaldeko Saharako urekiko subiranotasunik Marokori, baina Rabatek lehendik ere esplotatzen zituen itsaso horretako aberastasunak. Nasser Burita Marokoko Atzerri ministroaren arabera, «lege berriek modua emango lukete itsasguneen ezaugarri izan ohi den hutsune juridikoa betetzeko; Marokok dagokion eremu osoan izango du subiranotasuna, Tangerretik (Maroko) hasi eta La Gueraraino (Mendebaldeko Sahara)». Orain arte, Marokoren itsasgunea Tarfayan amaitzen zen, Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko mugan.

Onartutako legeei esker, Marokok kostatik itsasoaldera 370 kilometro luzatzen den EEES Ekonomia Eremu Esklusibo bat sortu nahi du. Zona horretan, ordea, Kanaria uharteek (Espainia) ere baduten EEESa sartzen da, eta Marokoren egitasmoa ez dute begi onez ikusi uharteetako agintariek. Angel Victor Torres Kanaria uharteetako presidenteak gogor hitz egin zuen atzo: «Marokok gure uren milimetro bat ukitzen badu, parean izango dituzte Espainiako eta Kanaria uharteetako gobernuak».

Nazioarteko araudiak ezartzen ditu halako kasuetan eman beharreko pausoak: nazioartean balioa izan dezaten, Espainiarekin negoziatu beharko ditu mugak Saad-Eddine el-Othmaniren gobernuak. Hala egiten ez badu, Espainiak Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegira jo dezake.

Normalean, bi kosten artean kokatzen den erdibitzaile bat zehazten da, baina Burita ez dator bat : «Kontinenteak 750 kilometroko kosta badu eta uharteak hamarrekoa, ezin da erdibitzaile parekide bat ezarri».

Ur azpiko altxorrak

Kanaria uharteen eta Marokoren arteko urak, arrantzarako gune bikainak izateaz gain, aberatsak dira lehengaietan ere. Marokok iragarri duen EEESan Tropic dago, itsaso azpian dagoen mendi bolkaniko bat —itsasoaren mailatik 1.100 metro azpitik dago gailurra, eta 4.000 azpitik hasten da mendia—. Erresuma Batuko zientzialari talde batek eginiko ikerketa baten arabera, telurio eta kobalto erreserba handiak ditu mendi horrek, eta mineral horiek ezinbestekoak dira auto elektrikoak eta eguzki panelak egiteko, besteak beste. Munduko telurio erreserba handiena izan daiteke.

Dena den, ikusteko dago esplotatzeko moduko meategiak diren ala ez; halako sakoneran egin beharreko meatzaritza lanen industria garatzen ari da oraindik, eta lan horiek ingurumenean eragin dezaketen kaltea ere aztertzeko dago. Besteak beste, txibia erraldoiak hazten dira han.

Tropic ez da, ordea, Kanarietako Amonak deitzen dieten ur azpiko sumendien multzoko kide bakarra, eta beste guztiak Kanaria Uharteen EEESaren barruan daude. Gaiaz galdetuta, Buritak esan zuen Espainiari proposa diezazkiokeela meategi horien «aldebiko kudeaketa eta esplotazioa» egiteko moduak.

Arancha Gonzalez Laia tolosarra, Espainiako Atzerri ministro hautatu berria, bihar helduko da Marokora, gai hori eta beste hainbat lantzeko. Espainiako Gobernuak albistea jakin bezain pronto egin zituen adierazpenak: «Itsas mugak, beti egin izan den bezala, aldebiko akordio batean zehaztuko ditugu; harreman ona dugu Marokorekin».

Espainiak 2014an aurkeztu zuen Nazio Batuen Erakundean Kanaria uharteen plataforma kontinentala 647 kilometroraino zabaltzeko eskaria, baina ez du baiezkorik jaso oraindik. Handik bi urtera, Marokok eskari bera egin zuen. Etorkizun hurbilean diru asko eman dezaketen lehengaiak nola zatitu, ordea, euren artean adostu beharko dutela dirudi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.