COVID-19ak munduan hemezortzi milioi kasuren langa gainditu du

OMEk ohartarazi du kasuak bikoiztu egiten direla sei astetik behin. Erakundearen arabera, baliteke inoiz ez egotea sendabiderik. Uztailean inoiz baino kasu gehiago hauteman dituzte munduan

Errepidea blokeatuta Manilan, kasu kopuru handiaren ohartarazpena egiten duen kartel batekin. FRANCIS R. MALASIG / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
COVID-19aren hedapenak ez du etenik, eta goraka jarraitzen dute kasuek: munduan hemezortzi milioi positibotik gora atzeman dituzte dagoeneko, eta 690.000 hildako baino gehiago. Hala, ez dira onak zabaldutako azken datuak. The Guardian-ek atzo jakinarazi zuenez, zortzi milioi kasu inguru hauteman dituzte uztailean, eta herrialde gehienentzat pandemiaren hilabeterik latzena izan da azken hori.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak argitaratu berri duen txostenak ere birusaren arrasto hori baieztatzen du. Otsailaren 1etik ekainaren amaierara arte pandemiak izan duen bilakaeraren eta horri eman zaion erantzunaren inguruko txosten bat osatu dute, eta horrela dio Tedros Adhanom Ghebreyesus erakundeko zuzendari nagusiak: «Pandemiak dagoeneko prezio ikaragarria ordainarazi du. 2020ko ekainaren amaieran, OMEk ia hamar milioi kasuren eta milioi erdi hildakoren datuak bildu zituen. COVID-19aren hedapena bizkortzen ari da oraindik ere; gaur egungo erritmoan, kasuak bikoiztu egiten dira sei astetik behin, gutxi gorabehera. Arrisku handiko garai bati egin behar diogu aurre».

Ekainera arteko datuek kezka eragin zuten, baina uztaileko errepasoak utzitako datuek alarma piztu dute. John Hopkins Unibertsitatearen arabera, AEB Ameriketako Estatu Batuetan inoiz baino kasu gehiago atzeman zituzten uztailean: 1,87 milioi —aurretik, apirilean zegoen ezarrita langa: 860.000 positibo—. Hain justu, AEBak dira kutsatu gehien dituen herrialdea: 4,67 milioi.

Birusaren hilgarritasun tasa oraindik ere «oso altua» dela ohartarazi dute OMEko adituek. Tasa hori %0,6koa da egun. Maria Van Kerkhove Gaixotasun Emergenteen Departamentuko buruak azaldu duenez, hasiera batean zenbakiak baxua irudi dezakeen arren, ez da hala, gaixotasunak hedatzeko duen ahalmen handia aintzat hartuta.

Indian ere kasuen gorakada nabarmena izan da azken hilean. Pandemia hasi zenetik, 1,8 milioi positibo baieztatu dituzte herrialdean, eta horietatik 1,1 milioi baino gehiago uztailean erregistratu dira. Munduan kasu gehien hauteman dituzten herrialdeen zerrendan hirugarrena da.

Brasilgo egoera ere ez da samurra, eta pandemia ez daukate kontrolpean, inondik ere. Hain zuzen, kutsatuen kopuruak goranzko joera du oraindik, eta denera hauteman dituzten 2,7 milioi kutsatuetatik 1,2 azken hilean atzeman dituzte.

Hori ikusita, OMEko zuzendari nagusiak atzo nabarmendu zuen txertoen ikerketak aurreratuta doazela, baina balitekeela horiek guztiz eraginkorrak ez izatea: «Hainbat txerto proba klinikoen hirugarren fasean daude, eta espero dugu horietatik txerto eraginkorrak ateratzea, jendea ez kutsatzen lagunduko dutenak. Baina, oraingoz, ez dago panazearik, eta agian ez da inoiz egongo».

Neurriak zorrozten

Agerraldien eta kasuen gorakaden ostean, neurriak berriro zorrozteari ekin diote hainbat herrialdek, birusa zabaltzea eragozteko. Horietako bat izan da Australia: Melbournen pandemiaren egoerak okerrera egin ondoren, gaueko etxeratze agindua ezarri behar izan dute. Horrez gain, beste neurri murriztaileago batzuk ere hartu dituzte, eta «hondamendi egoera» ezarri dute Victoria estatu osoan.

Filipinetan ere, positiboen azken datuek kezka eragin dute, eta Manilan eta mugakide dituen probintzietan itxialdia ezarri dute, beste olatu baten ondorioz; gaur sartu da neurria indarrean, eta, printzipioz, hilaren 18ra arte iraungo du. Hain zuzen, herrialdeko hainbat mediku elkartek ospitaleak gainezka daudela salatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.