Tigrayko gatazka nazioartekotu egin da

Etiopia iparraldeko eskualdeko indarrek Eritreako hiriburua bonbardatu dute. 25.000 herritarrek baino gehiagok Sudanera ihes egin dute; gerran sartuko den hurrengo estatua bihur liteke

Tigrayko gatazka nazioartekotu egin da.
ander perez zala
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak hitzeman zuen operazio militar «azkar bat» egingo zuela iparraldeko Tigray eskualdean, baina, ia bi asteren ostean, hark espero baino gehiago zaildu da gatazka. Tigrayn agintean dagoen TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteak nazioartekotu egin du gobernu federalarekin duen liskarra, herenegun Eritreako hiriburua bonbardatuta. Sudanek ere zeresana izan lezake gatazkan, milaka herritar herrialde horretan sartu baitira erasoetatik ihesi; eta, zeharka bada ere, gerrak eragina izan lezake Somalian ere, batez ere Al-Shabaab milizia islamistaren aurkako borrokan. Finean, Afrikako Adarraren egonkortasuna dago jokoan.

Getachew Reda TPLFren bozeramaileak Twitter sare sozialaren bidez eman zuen gatazkaren noranzkoa alda dezakeen erasoaren berri: «Tigrayko Defentsa Indarrek Tigrayn erasoak egiteko erabili dituzten Eritreako instalazioak jo dituzte, Asmarako [hiriburuko] aireportua tartean». Lau leherketa zenbatu zituzten Asmaran, baina oraingoz inork ez du eman hildakoren berririk. Etiopian bertan ere, liskarrak Tigraytik kanpora zabaldu dira, TPLFk Amhara eskualdea ere bonbardatu baitu asteburuan; zehazki, Bahir Dar eta Gonder hirietako aerodromoak. Azken horretan hamar lagun hil dituzte, osasun iturrien arabera. Eraso horiei erantzuna eman zien atzo gobernu federalak, Tigrayko hiririk handiena bonbardatuta.

Egoera militarra bestelakoa den arren, Etiopiako lehen ministroak uste du bere soldadu federalak «gai» izango direla «beren kabuz helburu militarrak lortzeko». Abiyek hilaren 4an eman zuen Tigrayren aurkako operazioaren berri, argudiatuta TPLFk armada federalaren base bati eraso ziola; Etiopiako Gobernuak salatu zuen Tigrayn egiten ari diren ekintza «oldarkor eta ilegalek» «arriskuan» jartzen dutela konstituzioa eta ordena konstituzionala, baita herrialdearen subiranotasuna mehatxatzen ere.

Horren harira, gobernu federalak sei hilabeteko larrialdi egoera ezarri zuen iparraldeko eskualdean, eta parlamentuak, Tigrayko Gobernua desegin, eta legealdia «legez kanpokotzat» jo zuen hilaren 14an eginiko saioan; horren ordez trantsiziorako gobernu bat eratzea onartu zuten diputatuek.

Gatazkak egunotan izan duen bilakaera ikusita, badirudi TPLF bere burua defendatzen ari dela. International Crisis Grouperen arabera, Tigrayko alderdiak 250.000 miliziano mobilizatzeko gaitasuna luke, eta horri gehitu behar zaio armada federalaren Iparraldeko Komandoko militarren erdiak aliatu egin zaizkiela, Foreign Policy aldizkariak jakinarazi duenez.

Eritreak harreman txarra izan du historikoki TPLFrekin, eta Isaias Afwerki herrialde horretako presidenteak harreman ona du Etiopiako lehen ministroarekin, bi estatuen arteko bake akordioa lortu zutenetik; Abiyek horren harira jaso zuen Bakearen Nobel saria, iaz.

Halere, Asmarak adierazia du ez duela gatazkan parte hartu; kontrako iritzia du, ordea, TPLFren buruzagiak, herenegun adierazi baitzuen «hainbat frontetan» ari direla borrokan Eritreako soldaduen eta tankeen aurka. Horrekin batera, NBE Nazio Batuen Erakundeari eta AB Afrikako Batasunari eskatu zien Etiopiako lehen ministroaren erasoaldia salatzeko: «Abiy Ahmed da giza sufrimendua eragiten ari dena, Tigrayko herritarren aurkako gerra elikatzen ari dena».

Al-Faxqako muga

Mendebaldeko mugan, Etiopiaren eta Sudanen arteko mugan dagoen Al-Faxqaren egoera izan liteke gatazka are gehiago nazioartekotu dezakeen auzia. Egun, Addis Abebak Sudanen subiranotasuna aitortzen du eremu horretan, baina praktikan ez du pausorik eman muga zehazteko, eta horrek gatazka diplomatikoak eragin ditu.

Horri begira, Etiopiako lehen ministroak Amhara eskualdeko gobernuaren babesa espero lezake Tigrayko gerran, Al-Faxqa bere eskualdearen partetzat baitauka. Baina Etiopiako lehen ministroak jarrera horri eusteak bizilagunaren haserrea eragin lezake, Al-Faxqako Triangelua deituriko eremuaren kontrola nahi baitu.

Alde horretatik, Khartumek estu har lezake Addis Abeba, Tigrayko mugan armen eta elikagaien joan-etorriak ahalbidetuz eta, zeharka bada ere, gatazkan TPLFren aldeko jarrera hartuz.

Gatazka hasi zenetik, 25.000 herritarrek baino gehiagok egin dute ihes Sudanera, NBEren arabera, eta litekeena da datozen egunetan are gehiago iristea herrialde horretara. Hildakoen kopuruaz ez dago xehetasunik, ehunka izan direla jakinarazi da, baina errefuxiatuek aire erasoak deskribatu dituzte, eta matxeteak erabili dituztela aipatu; Amnesty Internationalek, gainera, salatu du mugako Mai Kadra herrian «zibilen sarraski bat» izan dela.

Eraso horretaz, Michelle Bachelet NBEren Giza Eskubideen Batzordeko goi mandatariak iragan asteburuan adierazi zuen «egoeraren kontrola galtzeko arriskua» dagoela, eta horrek ondorio larriak eragingo lituzkeela herrialdean. Horregatik, eraso horiek ikertzeko eskatu zuen, eta «gerra krimenak» izan daitezkeela adierazi. Etiopiako giza eskubideen batzordeak, iragan astean jakinarazi zuenez, Tigrayra talde bat bidaliko du hilketa horiek ikertzeko.

Somalian, berriz, beldur dira Tigrayko gerrak eragina izango ote duen Al-Shabaab milizia islamistaren kontrako borrokan. Izan ere, Etiopiak milaka soldatu ditu bi herrialdeen arteko mugan milizia horri aurre egiteko, baina dagoeneko 600 inguru handik atera ditu, bere iparraldeko eskualdera bidaltzeko.

Muqdishoren kezka da inguruan soldadu gutxiago izateak Al-Shabaabi balioko diola bere burua berriz antolatzeko eta indarra berreskuratzeko, nahiz eta ABren misioak han jarraitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.