Egunean mila hildakotik gora eragiten ari da COVID-19a Errusian

Moskun, oinarrizkoak ez diren zerbitzuak ixteko agindu dute azaroaren 7ra bitartean. Erresuma Batuan beste 40.000 kasu baino gehiago zenbatu dituzte hamargarren egunez

Gazte batzuk koronabirus proba egiteko zain, Moskun. MAXIM SHIPENKOV / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Udazkenak aurrera egitearekin batera tenperaturak beherantz joan dira, eta ohikoago bilakatu da leku itxietan biltzea ere, eta kutsatzeak eta, horrekin batera, hildako kopuruak handitu egin dira. Errusia da azken egunetan daturik okerrenak eman dituen Europako herrialdea. Atzo, laugarren egunez jarraian, mila hildakotik gora jakinarazi zituen Moskuk.

Iazko martxoan lehen kasua atzeman zutenetik, 228.400 pertsona hil dira Errusian koronabirusak jota. Hura da pandemiak gogorren jo duen Europako herrialdea, besteak beste, jendea ez delako fidatzen Errusian egindako lau txertoez, ez eta gobernuaren aholkuez ere. Ondorioz, herritarren %30ek soilik hartu dute txertoa. «Agintariek dute erantzukizunaren zatirik handiena. Informazio kontrajarriak zabaldu dituzte: batzuek diote txertatu beharra dagoela, eta besteek gezurrezko pandemia dela. Horrez gain, konspirazioaren teoriak ere ez ditugu falta izan, eta komunikabide handiek bozgorailu lanak egin dizkiete», kritikatu du Denis Volkovek, Levada Center ikerketa etxeko soziologoak.

Vladimir Putin presidenteak ez du itxialdiaz hitz egin nahi oraindik. Baina bestelako neurriak bultzatu ditu, kurba apaltze aldera. Besteak beste, funtzionarioei astebeteko oporrak eman dizkie, hasi urriaren 30etik eta azaroaren 7ra, eta, osasun krisiak hobera egin ezean, epe hori luzatzeko askatasuna eman die eskualdeetako agintariei. Mosku hiriburuan neurri gehigarriak ere hartu dituzte, eta alkateak 11 eguneko oporrak eman dizkie herritarrei, eta oinarrizkoak ez diren zerbitzu guztiak itxi ditu urriaren 28tik azaroaren 7ra bitartean. Neurriak gogorragoak dira 60 urtetik gora dituzten eta txertorik hartu ez dutenentzat, izan ere, eskatu diete etxean geratzeko lau hilabetez, otsailera arte.

Errealitatea datuek erakusten duten baino okerragoa izatea da, hala ere, adituen kezka nagusia. «Koronabirusak eragindako arnas aparatuko arazoekin hiltzen den gaixo bat gaitzarekin zerikusirik izan gabe hildakoen zerrendan sailkatzen dute maiz, eta horrek ezinezko egiten du pandemia noraino heldu den jakitea», ohartarazi du Vasili Vassovek, Errusiako epidemiologo eta OME Osasunaren Mundu Erakundeko aholkulari izandakoak. «Erietxeek gainezka egin dute eskualde askotan, eta ez dirudi kutsatzeak goreneko puntura heldu direnik». Erietxeen ezinaren adibide bat da Oriol eskualdea, non Andrei Klitxkov gobernadoreak iragarri duen ez dutela koronabirusak jotako gaixo gehiagorentzako tokirik: «Saiatuko gara, noski, oheak ahalik eta azkarrena libre uzten, eta bestelako alternatibak aurkitzen, baina, gaur-gaurkoz, hori da egoera».

Alemanian, neguaren zain

Udazken eta neguan kutsatzeek gora egitea espero dute Alemanian. Azken asteetan frogatu da aurreikuspen horiek badutela funtsik, izan ere, goranzko joera hartu dute kasuek: duela astebete, metatutako intzidentzia 100.000 biztanleko 68,7 zen; atzo, berriz, 95,1ekoa zen. Robert Koch Institutuak bildutako datuen arabera, joan den irailean hasi zen goranzko joera adin tarte guztietan, 5 eta 9 urte bitarteko haurretan izan ezik. Gainera, intzidentziak 100.000 biztanleko 59 kasuren muga gainditu zuen maiatzetik lehen aldiz, 90 urtetik gorakoen artean.

Negua beltz dator Erresuma Batuan ere. Atzo beste 49.000 kasu atzeman zituzten han, uztailaren 17tik izandako daturik okerrena; eta hamargarren egunez beste 40.000 kasu baino gehiago atzeman zituzten. Kutsatzeekin batera, hildakoek ere gora egin dute: asteartean 223 hildakoren berri eman zuen Londresek, martxotik izandako kopururik handiena. Orotara 8.000 gaixo daude erietxean COVID-19ak jota. Horiek hala, osasun alorreko aditu ugarik Boris Johnson lehen ministroari eskatu diote B plana deritzona abian jarri eta neurriak gogortu ditzala, besteak beste, maskararen derrigorrezko erabilera ezarriz.

A plana deritzona dago oraingoz indarrean, eta, haren arabera, hirugarren dosia txertatzeari eman diote lehentasuna agintariek, baita 12 eta 17 urteko gazteak Pfizer konpainiaren dosi bat jartzera bultzatzeari ere. Bien bitartean, baina, kalean gero eta gutxiagok erabiltzen dute maskara, baita leku itxietan ere. Gauza bera gertatzen da beste neurriekin ere. Hala, B planak neurri horiek guztiak sustatuko lituzke Ingalaterran —Eskozian, Galesen eta Ipar Irlandan dagoeneko indarrean daude neurriok—.

Gobernuburuak ez du oraingoz neurriak gogortzeko asmorik iragarri, eta are gutxiago etxeratze agindurik ezartzeko, baina herritarrei eskatu die txertatu daitezela: «Neguko aurreikuspenek argi erakusten zuten pandemiak okerrera egingo zuela garai honetan, eta datuek berretsi egiten dituzte gure aurreikuspenak. Segurtasun neurriei eutsi behar die jendeak, eta errefortzu txertoa hartu». Hitzak hitz, Londres aztertzen ari da hirugarren dosia sei hilabetera jarri beharrean bostera jartzeko aukera, goranzko kurba apaltze aldera.

Europako beste hainbat herrialdetan ere kezka da nagusi. Belgikan, esaterako, azken urteko daturik okerrenak utzi ditu urriak, hilaren 18an beste 68.000 kasu atzemateraino, iazko azaroko datuen pare —handik gutxira etxeratze agindua ezarri zuen gobernuak—. Belgikako Gobernuko kide Pedro Falconek atzo gogorarazi zuen txertoak gai direla infekzioen %70 eta ospitaleratzeen %90 eragozteko, eta egun erietxean daudenen gehiengo handi bat txertorik hartu ez duen jendea dela. Joan den ekainetik lehen aldiz, koronabirusak jotako mila gaixo baino gehiago daude ospitaleetan, eta egunean beste ehun gaixo gehiago heltzen dira, batez beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.