Errusiak okupatutako lurretan erreferendumak egitekoak dira

Luhanskek, Donetskek eta Khersonek iragarri dute hilaren 23tik 27ra galdetuko dietela herritarrei ea Errusian sartu nahi duten. Zaporizhian ere egin asmo dute galdeketa. Kremlin pozik dago

Donetskeko herri errepublikako lider Denis Puxilin, joan den apirilean, Donetsken. SERGEI ILNITSKI / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Inbasioaren ondorioz Errusiak okupatutako lurrak atzera berreskuratzeko kontraerasoa hasi zuen Ukrainako armadak duela aste batzuk. Azken hilabeteetan kontrolpean izandako eremuetako batzuk galtzen hasi da Errusia Ukraina ipar-ekialdean eta hegoaldean, eta, horiek horrela, Moskuren menpe dauden Ukrainako lurraldeetan erabaki bat hartu dute: erreferendumak egitea galdetuz herritarrei ea nahi duten beren lurraldea Errusiako Federazioan sartzea.

Donetsk eta Luhansk Donbassko herri errepublika errusiazaleek iragarri zuten, atzo, hilaren 23tik 27ra egingo dutela galdeketa, eta, RIA Novosti Errusiako berri agentziaren arabera, Donetskeko lider Denis Puxilinek eskatu dio Vladimir Putin Errusiako presidenteari auzia «ahalik eta lasterren» har dezala kontuan, baldin eta erreferendumeko emaitzan baiezkoa ateratzen bada. «Eta ez daukagu zalantzarik hala izango dela». Errusiak Ukraina hegoaldean okupaturiko Kherson eta Zaporizhia eskualdeetan ere galdeketak egitekoak dira. Kremlinek begi onez hartu ditu. Ukrainako Gobernuak adierazi du, ordea, «xantaia» egiten ari dela Errusia.

Errusiako albiste agentziek atzo kaleratu zutenez, hau izango da Luhanskeko erreferendumean planteatuko duten galdera: «Nahi al duzu Luhanskeko herri errepublika Errusian sartzea Errusiako Federazioko subjektu gisa?». Luhanskeko legebiltzar errusiazaleko presidente Denis Miroxnitxenkok azaldu zuen bost egun beharko dituztela kontsulta egiteko —ostiral honetatik hurrengo asteartera—, bozketarako beharrezko baldintzak bermatze aldera. Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketako legebiltzarrek herenegun onartu zituzten erreferendum bat egitearen aldeko mozioak. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari Jens Stoltenbergek ohar batean salatu zuen «gezurrezkoak» direla erreferendumak, eta Putini leporatu dio «gerra areagotzea».

Kontuan hartu behar da ezen otsailaren 24an, Ukrainako inbasioa hasi baino egun batzuk lehenago, Donetsken eta Luhansken independentzia aitortu zuela Errusiak. 2014az geroztik Ukrainako armadaren kontra Donbassen borrokan aritutako milizia errusiazaleak babestu izan ditu Kremlinek, baina, behin bi herri errepublikak independentetzat jota, aukera zuen, gainera, tropak Ukraina hego-ekialdeko eremu horretara bidaltzeko.

Orduan, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak gogorarazi zuen, atzo, inbasioa hasi zutenean adierazi zutela lurralde horietako herriei zegokiela beren etorkizuna erabakitzea. «Eta egungo egoera honek baieztatzen du beren etorkizunaren jabe izan nahi dutela», nabarmendu zuen Errusiako telebista batean egin zioten elkarrizketan. Errusiako behe ganberako presidente Viatxeslav Volodinek adierazi zuen, era berean, baiezkoak irabazten baldin badu «lagundu» egingo dituztela.

Ukrainako Gobernuko kabineteburu Andri Yermakek Telegramen azaldu zuenez, Errusiak «porrotari dion beldurrak» ekarri ditu deialdiak, eta «mehatxu bat» iruditzen zaizkio. Dmitro Kuleba Atzerri ministroak Twitterren idatzi zuen «sasi-erreferendumak» izango direla, eta ez dutela ezer aldatuko. «Errusia erasotzaile bat da oraindik ere, eta legez kanpo okupatzen ditu Ukrainaren zati batzuk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.