Gerra Ukrainan

Errusia soldadu bila dabil

Viuxkova analista militarraren iritziz, Moskuk ez du gerrarako soldadu nahikoa, eta hori da haren «arazorik handiena». Gerrarako motibazio falta ere nabarmendu du.

Vladimir Putin Errusiako presidentea, soldadu baten atzetik igarotzen, joan den maiatzean, Errusiaren Garaipenaren Egunean, Moskun. MAXIM XIPENKOV / EFE.
Aitor Sagasti
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Vladimir Putin Errusiako presidenteak Errusiako biztanleriaren mobilizazio partzialera deitu zuen atzo. Zurrumurruak baziren ere mobilizazio orokorrera deituko zuela, goizeko 9etan ezeztatu ziren, baina errusiar askoren zalantzak ez ziren erabat desagertu. Istanbulerako eta Erevanerako hegaldiak agortu egin dira, eta gizonen artean beldurra zabaldu da ez ote diren beranduegi ibiliko Errusiatik irten ahal izateko, saihetsezina dena saihesteko: Errusiako armadak deitzea.

Baina nork osatzen ditu Ukrainan dauden Errusiako indar armatuak? Zaila da kopuruak zehaztea, indar armatuekin zerikusia duten gaien berezko sekretismoagatik, baina Ukrainako indar armatuen aurka borrokatzen den kontingentearen profil batzuk jakin daitezke, baita soldadu erregularrarena eta profesionalarena ere. Profil horiek, baina, ez dira nahikoa Errusiak Ukraina ekialdean dagoeneko okupatuta dituen lurraldeak defendatzeko, Maria Viuxkova Free Buryatia erakundeko analista militarrak BERRIAri azaldu dionez: «Argi dago ez dutela nahikoa soldadu, ez dutela giza kapital nahikoa. Eta hori da Errusiaren arazorik handiena». Horregatik erabaki dute Errusiako agintariek erreserbistak partzialki mobilizatzea. Beste arazo bat ere badu: motibazio falta. «Azkenean, [Donetskeko eta Luhanskeko] herri errepublikak deiturikoak dira eraginkorrenak».

Presoak eta mertzenarioak

Errusiak denbora darama presoak errekrutatzen Ukrainako frontera joateko. Ageriko sekretua zen, baina duela gutxi baieztatu zen, bideo bat filtratzearekin batera. Irudietan Jevgeni Prigozhinen antza duen gizon bat ageri da —Putinen sukaldaria ezizenez ezaguna dena, askok presidentearen konfiantzazko gizontzat dutelako, baita Wagner mertzenario taldeko burutzat ere—, Errusiako probintzietako espetxe bateko patioan hizketan, Wagner ordezkatzen duela esanez, eta taldearekin bat egiten du Ukrainako frontera joango dela ziurtatuz. Bideoko gizonak aitortzen du Ukrainakoa ez dela gatazka erraza, eta litekeena dela ez itzultzea, baina agintzen die lehen sei hilabeteetan bizirik irauten badute barkamen ofizial batekin itzuli ahal izango direla etxera.

Prigozhinek behin baino gehiagotan ukatu du Wagner talde mertzenarioko kide izatea. EB Europako Batasunak Afrika Erdiko Errepublikan zibilak bortxatzea eta horiei lapurtzea egotzi dio talde horri, baita Libian, Tripoli inguruan, minak eta beste lehergai batzuk jartzea ere. Talde horrekin lan egitearen truke hileko ehun mila errubloko soldata jasotzen dutela dirudi 1.600 euro inguru, eta edozein desertzio saiakera heriotzarekin zigortuko litzateke. Presoetako batek The Guardian egunkariari azaldu dionez, Wagnerrekoak atxilo bila zebiltzan, edozein iragan zutela ere, betiere osasuntsu bazeuden.

Gutxiengo etnikoak

Errusiako indar armatuen zati handi bat herrialdeko jatorrizko gutxiengo etnikoetako kideek osatzen dute. Gerra hasi zenetik, atzerriko komunikabide batzuk oihartzuna eman diote gutxiengo etnikoak dauden eskualdeetan gerran hildakoek duten proportzio handiari: esaterako, Siberian eta Kaukason.

Siberiako Buriatia errepublikak mongoliar jatorriko gutxiengo etniko bat du, baita erlijio budistaren jarraitzaile den sektore bat ere. Errusian biztanleko heriotza gehien dituen eskualdeetako bat da. Biztanle gutxien dituenetako bat ere bai, baina unitate militar ugari ditu. Gehienak beste eskualde batzuetatik bidaltzen dituzte; bereziki, ofizialak.

Viuxkovak nabarmendu du proportzioan hildako gehiago izateak ez duela esan nahi soldadu buriatiar gehiago daudenik errusiarrak baino: «Hildakoen artean gure soldadu gehiago egoteak esan nahiko luke maizago hiltzen direla. Horrela gertatu zen, adibidez, gerraren hasieran. Komandanteek soldaduak erabiltzen dituzten moduaren araberakoa da hori». Gaineratu du, esate baterako, indar aerotransportatuek, hau da, dibisio baxuenetako batek, beren baseetako batzuk zituztela Buriatian.

Baina ez dituzte Errusiako herritarrak bakarrik errekrutatzen. Joan den asteazkenean atzerritarrentzako errekrutatze zentro bat inauguratu zuten Moskun. Horren truke, kanpotarren nazionalizazio prozesua sinplifikatu du gobernuak. Horrek nazionalitate aitortua ez duten herritarren kopurua handitu du, batez ere Asia Erdialdeko eta Kaukasoko errepublika sobietar ohietan. Errusiaren alde gatazkan parte hartzeko presioa martxotik dator, gutxienez. Valentina Txupik migratzaileen eskubideen aldeko ekintzaileak The Moscow Times egunkariari azaldu zion orduan Asia Erdialdeko dozenaka herritarrek presioak jasan zituztela armadan sartzeko.

Gazteak buru

Hildakoei buruzko datu deigarrienetako bat 27 urtetik beherakoena da, Mediazona —atzerritik lan egiten duen— Errusiako hedabide independentearen estatistikak jasotzen duenez. Kremlinek ziurtatu zuen ez zituztela frontera bidaliko soldadutza egiten ari ziren gazteak. Hala ere, tropa ukrainarrek 18 urte baino ez zituzten soldaduak gatibu hartu dituzte, eta horiek azaldu zuten frontera joatera behartu zituztela. Mediazona-k bildutako 6.219 hildakoetatik heren batek 27 urte baino gutxiago zituen, soldadutza egiteko gehienezko adina. Viuxkovak zehaztu du gazte horiek ez zirela «kopuru handitan» bidali gerrara, baina «esanguratsua» dela frontera bidali izana. «Errusiako mendebaldean zailagoa da gazteak armadara erakartzea, lanerako aukera gehiago daudelako. Han ez zituzten soldadu nahikoa kontratatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.