Baionako etxe bat okupatu dute zentro soziokultural bat sortzeko

Euskal Hirigune Elkargoarekin negoziatu nahi dute, eremu horretarako proiektua gauzatu bitartean alokairu kontratu bat egiteko. Poliziak abian ezarri du kanporatze prozedura

Aturri bazterreko eraikina okupatu duten gazteak, atzo goizean egin zuten agerraldian. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
20 eta 30 urte artean dituzte, eta askotariko soslaiak. Eraikuntza arloan lanean ari dira batzuk, helduen euskalduntzean irakasle edo zahar etxe batean laguntzaile beste batzuk, eta badira langabeak eta ikasleak ere. Arazo berak elkartu ditu: ez dute aukerarik Ipar Euskal Herrian etxebizitza bat eskuratzeko. Baionako geltokitik hurbil, Santa Ursula karrikako 16. zenbakian eraikin bat okupatu dutela jakinarazi zuten atzo goizean. Ekintzaileen hitzetan, 2015etik hutsa da egoitza. EPFL Ipar Euskal Herriko Lurraren Erakunde Publikoak erosiak ditu lurrak, Euskal Hirigune Elkargoarentzat. Okupatzaileek adierazi dute alokairu kontratu bat egiteko asmoa dutela jabearekin, eremu horretarako instituzioek aurreikusia duten proiektua gauzatu bitartean eraikina erabiltzeko baimena izan dezaten. Izaera soziala eta kulturala izanen dituen proiektu bat aurkeztu dute: Maurizia.

Azken hamarkadan, Henri Grenet zubiaren eta Santizpiritu zubiaren artean diren hamar hektareak bereganatzen ari dira botere publikoak, Aturriren eskuin bazterreko hirigintzako berrantolaketa proiektu bat aitzina eramateko. Apiril bukaeran egin zuen prentsaurrekoa Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta elkargoko lehendakariak egitasmoa aurkezteko. Etxebizitza eskuragarriak proposatu nahiko lituzkete bertan, eta Baionako Unibertsitaterako eraikin berri bat eraikitzea ere mahai gainean da. Gainerakoa erabakitzeko, inkesta publiko bat abiatu dute, herritarrek auzoaren bilakaerari buruz iritzia eman dezaten. Gaur egun, eremu horretan dira Pausa migranteentzako harrera zentroa eta Baionako Zizpa gaztetxea.

Anartean, eremu horretako etxebizitzak hutsik dira, leihoak itxiak, ateak betoiztatuak. Ipar Euskal Herrian dagoen etxebizitza larrialdiari begira, kontrastea nabarmena da. Atherbea elkarteak salatu zuen egoera martxoan, etxebizitza eskubidearen aldeko manifestaldira deitzeko egin zuten agerraldian. Eraikin bloke hori aipatu zuten bereziki, eta iradoki zuten «trantsiziozko hirigintzaren» pista aztertu beharko litzatekeela, erabiliak ez diren lur eremu edo eraikinetan behin-behineko bizitegiak sortzeko.

Bide horretan lan egitea da Maurizia proiektua abiatu duten gazteen xedea. Atzo goizeko agerraldia aitzin, Baionako komisariara eta herriko etxera jo zuten okupazioaren berri ematera. Etxegarairekin negoziatzera iritsi nahi dute, baina, edizio hau ixterako, ez zuten lortua harekin solastatzea. 17:00ak aldera, Frantziako Poliziaren bi furgoneta agertu ziren EPFLko ordezkariekin batera. Izialdura momentu bat izan zen, baina eraikina okupatzeko aterik hautsi gabe sartu direnez, ez zituzten gazteak kanporatu ahal izan. Uxer bat deitu zuten okupazioa konstata dezan, eta kanporatze prozedura abiatuko dutela jakinarazi zieten Maurizia proiektuko kideei.

Hala, zenbait hilabetez barnean irauteko aukera izanen dutela espero dute gazteek. Badirudi eraikina oso egoera onean dela barnetik, baina jabeak eta uxerrak abisua eman zieten «arriskua» duela eta «kontuz» ibiltzeko. Gaur-gaurkoz, hamabi pertsonak hartuko dute aterpe okupatutako eraikinean. Hori da ekintzaren lehen helburua: bizitegi soluzio bat ematea hainbat gazteri.

Bizileku bat auzoarentzat

Okupazioan parte hartzen ari da Tom —ez du abizenik eman nahi—; berak eman ditu azalpen orokorrak: «Ipar Euskal Herriko egoera denek ezagutzen dute. Arazoa da bigarren etxebizitza anitz badela, eta prezioak gora doaz etengabe; badira alokairu turistikoak, irailetik udaberrira bakarrik alokatzen dutenak; higiezin agentziek baldintza zorrotzak eskatzen dituzte; pisu partekatu batentzat ere alokairua baino hiru aldiz lansari handiagoa izateko eskatzen dute batzuetan... Biziki konplikatua da. Egia da badirela ekintza politikoak, baina denbora hartzen du, eta gu larrialdian gaude. Ez genuen beste aterabiderik».

Baina auzoarentzat zinezko bizileku izatea ere nahiko lukete, ikuspegi sozial eta kultural batekin. Batetik, eraikinaren barnean dagoen estudio bat urgentziazko bizitegi modura proposatu nahiko lukete. Horretarako, Atherbea eta Diakite bezalako egitura batzuekin elkarlanean aritzeko borondatea dutela adierazi dute. Horrez gain, garbigailu zerbitzua ere eskaini nahiko lukete, behar duena arropak garbitzera joan dadin. Emmausen bidez zortzi bat tresna lortzeko manera dutela erran zuten atzo. Azkenik, birziklategi bat ere ezarri nahiko lukete, jendeak erabiltzen ez duen materialari bizi berri bat emateko. Truke modura funtzionatu nahiko lukete.

Bestelako asmoak ere badituzte: liburutegi bat, musika estudio bat, Internet bidezko irrati bat, erresidentzia artistikorako espazio bat, mintzapraktika tailerrak... Pixkanaka antolatu nahi dute gunea, eta horretan laguntzeko deia egin diete herritarrei. Atzo arratsaldean egin zuten lehen biltzar irekia, eta gaurko ere deitua dute beste batera. Iganderako, herri bazkari bat antolatua dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.