Theodor Herzlen ideiak lege

Parlamentuak onartu du Israel estatu judua izatea, hebreera hizkuntza ofizial bakarra, eta Jerusalem hiriburua. Oposizioak dio lege arrazista eta diskriminatzaileak direla

Israelgo soldaduak manifestazio batean guardia egiten, Hebronen, Palestinan, artxiboko irudi batean. ABED AL HASHLAMOUN / EFE.
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Atzo, Knesset Israelgo parlamentuak Israelgo Oinarrizko estatu-nazio legea onartu zuen. Legeak estatu judu gisa ezartzen du Israel; besteak beste, Jerusalem hiriburu bilakatu du, eta hebreera hizkuntza ofizial bakartzat izendatu. Alderdi arabiarrek salatu dute lege multzoak arabiarrak eta gutxiengo etnikoak diskriminatzen dituela. Israelgo Estatua sortu zenetik (1948) gobernu bakar batek ere eman ez duen pausoa eman du Benjamin Netanyahurenak.

Aldeko 62 botorekin eta aurkako 55ekin onartu dute legea. Bi legegile abstenitu dira; Likud alderdikoa bata, eta independentea bestea. Israelgo lehen ministro Netanyahuk esan du «oso garrantzitsua» dela juduek «juduen nazio-estatu bat» izatea euren izaera berresteko. Arabiarrek eta oposizioak lege «arrazista» onartu izana leporatu diote, eta «apartheid» ereduan oinarritutako «sistema» ezartzea. «Nahiz eta gezurrezko berriak eta desinformazioa zabaldu dituzten, oinarrizko lege honek ez ditu Israelgo gutxiengoak baztertzen, ez ditu ospakizunak aldatzen, eta, jakina, ez du arabiar hizkuntza mintzen. Izan ere, Israelgo 1,5 milioi biztanleren ama hizkuntza da», esan du Avi Dichter Segurtasun ministroak. Ayman Odeh Zerrenda Bateratuko ordezkariak leporatu dio demokrazia zalantzan jartzea, eta uste du arabiarrak Israeletik botatzeko «beste saiakera bat» baino ez dela.

Israelgo Estatua sortu zenetik, estatuaren izaeraren inguruko legerik zehazteke zegoen, bertako arabiarrekin eta inguruko herrialdeekin gatazka gehiagorik ez sortzeko. Arabiarrak gutxiengoa dira, biztanleen %20 inguru, eta, ondorioz, parlamentuan ere gutxiengoa dira. Theodor Herzl «sionismoaren aitak» juduz soilik osatutako estatua proposatu zuen XIX. mendean, nazionalismo volkistaren printzipioei jarraikiz. Pentsaera horren arabera, nazio bakoitzean etnia jakin batekoek baino ez dute bizi behar. Sionismoaren adar guztiek ez diote printzipio horri jarraitzen, ez eta Israelgo biztanle askok ere. Sionistek 1948ko maiatzaren 15ean Israelgo Estatua sortu zutenean, arabiar asko kanporatu zituzten, eta beste askok ihes egin zuten bertatik. Arabiar gutxi batzuk jarraitu zuten bertan bizitzen, eta Israelgo biztanle bilakatu ziren. Egun, ia bi milioi arabiar bizi dira Israelen.

Hebreera hizkuntza ofizial bakartzat hartu dute. Hizkuntza hura galtzear egon zen, Erresuma Batuaren mandatuak juduentzako hezkuntza-sistema propioa garatu arte. 1920 arte, familia gutxi batzuek hitz egiten zuten. Propaganda sionistak indartu egin zuen, sortzekoa zen estatu juduak hizkuntza propioa behar zuela eta.

Legeak berak daude Israelgo talde etniko guztientzat, baina arabiarrek diskriminatuta bizi direla salatzen dute. «Palestinarrak ez dira onartuak ez politikoki ez kulturalki, ez eta legalki ere beren lurralde propioan», salatu du Rami Hamdallah Palestinako lehen ministroak. Erabakiak kezkatu egin du EB Europako Batasuna, eta gatazkari konponbidea bilatu behar zaiola gogorarazi du Maja Kocijancic Atzerri politiketako bozeramaileak. «Ekialde Hurbilean, Israelek baino ez ditu giza eskubideak errespetatzen. Demokraziaren eredu da nazio-estatu judua», berretsi du Netanyahuk nazioartetik jaso dituen kritiken ostean. Hezkuntza-sistema, etxebizitzarako eskubidea eta segurtasun indarren jarrerak dira, arabiarren ustez, diskriminazio arazorik larrienak. Arabiarrak gehien kezkatzen dituena, berriz, 1948ko errefuxiatuen itzultzeko eskubidea ez errespetatzea da.

Bi herriren artean Jerusalem

Jerusalem ez da osorik Israelena. Ekialdean bizi diren gehienak arabiarra dira; Palestinak hiruburu aldarrikatu izan du. Donald Trump AEBetako presidenteak 2017ko abenduan Jerusalem aitortu zuen Israelgo hiriburu. Ordura arte, Jerusalemen auzia ukitzeke zegoen. Orduan, gatazkak izan ziren arabiarren eta Israelgo segurtasun indarren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.