Merkataritzak 74.388 lanpostu sortuko ditu Eguberrietan Hego Euskal Herrian

Adecco kontsultoreak egindako aurreikuspenaren arabera, aurreko urtean sortutako lanpostu kopuru bera sortuko da. Kontratuek gehiago iraungo dutela espero dute

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Urte amaiera gerturatzen hasi da, eta inguruko herri eta hirietako kaleetan Gabonetako argi eta pinuak jartzen hasiak dira dagoeneko. Erosketak ugaritzen diren garaia da, opariak egitekoa, eta horrek berekin dakar lanpostu berriak sortzea. Adecco kontsulta etxeak urtero egin ohi du Gabonetan sinatuko diren kontratu berrien aurreikuspena, eta aurten iazko lepotik joango da burua: 74.388 lanpostu berri sortuko dira Hego Euskal Herrian. Iazko kontratu kopuruari eutsiko zaio, hain zuzen.

Santiago Soler Adecco taldeko idazkari nagusiaren arabera, lanpostu sorrerari eustea bere horretan «albiste ona da», nahiz eta ez den hazkunderik egon. Iazko kanpainarekin alderaketa egiterakoan balorazio positibo bat jarri du mahai gainean: «Gabonetako kontratuak, oro har, behin-behinekoak izaten dira; bada, aurten iraupen luzeagoa izango dutela aurreikusten dugu». Kontratuen %15 merkealdi kanpainatik harago luzatu ahalko dela aurreikusi du kontsultore etxeak.

Gabonetako kanpaina, gainera, gero eta goizago hasten da gaur egun. Datorren ostiralean, esaterako, BEZik gabeko Black Friday eguna egingo dute, eta Euskal Herrian gero eta denda gehiagok egiten dute bat kanpaina horrekin. Horregatik, merkataritzako kontratazioak lehenago egiten dituzte dendek. Urtarrileko beherapenetara arte luzatuko dira Eguberrietako enplegu berriak.

Adeccok egindako aurreikuspenen arabera, Nafarroan sortuko dira lanpostu gehien: 28.927. Bizkaian 25.057 kontratu berri sinatuko dira; 10.465 Gipuzkoan; eta 9.939 Araban. Kontsumo handiko dendetan sortuko dira enplegu gehienak, gainera. Hau da, luxuarekin lotutako sektoreetan, gailu elektronikoetan, jostailuen sailetan, perfume dendetan edo kosmetikan. Alegia, urteko sasoi horretan erosleek gehien kontsumitzen dituzten elementuetan.

Sortuko diren lanpostu berri horietan espezializazio «gero eta handiagoa» beharko dela aurreikusi du Solerrek. Hala, gailu elektronikoak, informatikoak, elektrogailuak, edo sakelako telefonoak salduko dituzten saltzaileen postuetan eskatuko den espezializazio maila handiagoa izango dela dio. «Aurretik esperientzia daukaten langileak bilatzen dituzte enpresek».

Aurreikuspen horiek «kontsumoa hazten ari dela» erakusten dute kontsultoriako arduradunaren arabera. Horregatik, datuak ontzat jo ditu.

Goranzko joera

Aurtengo Gabonetako kanpainarako Adeccok Hego Euskal Herrirako egindako aurreikuspenetan iazko datu berberei eusten baldin badie ere, azken urteetan bilakaera goranzkoa izan dela begien bistakoa da. Izan ere, 2012an lurraldeka egin zuten lehen aurreikuspenetatik %88 handitu dira kopuru horiek lau lurraldeetan. Krisi beteko urteetan, Gabonetan 8.800 kontratu berri sinatuko zirela espero izan zuten, eta 2014. urtera arte antzeko aurreikuspenak egin zituzten. Aldaketa handiena 2015. urtean izan zen, jarduera ekonomikoa indar handiagoz suspertzen hasi zen garaian. 55.460 lanpostu berri sortuko zirela aurreikusi zuen Adeccok, eta aurreko urtera arte hazten jarraitu du, 74.388 kontratu berrietaraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.