Pentsamendu kritikoaren eta neoliberalaren arteko talka

G20koek goi bilera egingo dute Buenos Airesen, gaurtik igandera. Bileraren kontrako protestak daude antolatuta. Autoritarismoaren kontrako batasuna aldarrikatu dute

G20koak salatuz. Goi bilera egingo dutela eta, kontrako pintaketak egin dituzte Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Gaurtik igandera G20koek goi bilera egingo dute Buenos Airesen. Hantxe bilduko dira munduko potentziarik industrializatuenetako estatuburuak eta gobernuburuak, baita urteen joanean gehituz joan zaizkien herrialde batzuetakoak ere; besteak beste, Latinoamerikako hiru herrialdetakoak: Argentina, Brasil eta Mexiko. Brasilen eta Mexikon gobernuak aldatu berri dituzte —urtarrilaren 1ean eta abenduaren 1ean, hurrenez hurren—, baina zeharo bestelako gobernuak eratu dituzte.

Bestalde, azaroaren 19tik 23ra, Pentsamendu Kritikoaren Nazioarteko I. Foroa egin zuten Buenos Airesen. Hor, hainbat presidente ohi bildu ziren, hala nola Dilma Rousseff eta Cristina Kirchner, bai eta mundu zabaleko beste hainbat ministro, intelektual eta buruzagi sozial ere, zeinek G20koen arteko diskurtso gailenaren bestelako jarrerak proposatu baitzituzten, argi eta garbi. Izena emandakoen kopuruaren arabera, 50.000 pertsona inguruk parte hartu zuten topaketan. Aste honetan, G20koen kontrako protesten ingurumarian, haien goi bileraren kontrako bilera batera deitu zuten ehunka erakunde sozialek: Ekintza Globalaren Astea, Alde G20koak eta NDF izenekoa; jarduera ugari dituzte antolatuak, eta, buruenik, mobilizazio handi bat egingo dute azaroaren 30ean.

Bai Gizarte Zientzien Latinoamerikako Kontseiluaren —Clacso ere esaten diote— zortzigarren konferentzia eta bai Pentsamendu Kritikoaren Nazioarteko I. Foroa antolatzeaz arduratzen direnek kontrako goi bilera bat zela gezurtatu izan dute ahal izan duten aldi guztietan, topaketa bera hierarkizatzeko modu gisa —berez duen izaeragatik eta ez zerbaiten kontra joateagatik—, baina komunikabide gehienetan hala zela nabarmendu dute. Kontuan izanik bi topaketek ere pentsamendu kritikoaren alderdirik entzutetsuena biltzen dutela, batetik, eta pentsamendu neoliberalean gehien aipatzen den alderdia, bestetik, eta kontuan izanik bi topaketak ere hiri berean gertatzen direla astebeteren aldearekin, ia ezinezkoa da ez ahalegintzea instantzia bien artean loturarik egiten behin-behineko izendapenetatik harago.

Pentsamendu Kritikoaren Foroa azaroaren 19an hasi zen, Ferroren kantxan, eta parte hartzaileen kopuruek erruz gainditu zituzten antolatzaileen aurreikuspenak: 26.000 argentinar eta 24.000 atzerritar. Estadioko ateak zabaldu baino ordu batzuk lehenago, jendearen eman etengabeak mukuru beteak zituen ingurumariak; batzuk zelaira sartu ahal izan ziren, baina beste batzuek horrexetarako jarritako pantailetatik ikusi behar izan zuten jardunaldiaren bilakabidea. Roussefarduratu zen irekieraz , eta handik ordu batzuetara Fernandez de Kirchnerrek —hark bere erara— egin zuen moduan, hauxe hartu zuen ardatz: «Autoritarismoaren kontra dauden guztien batasuna». Fernandez de Kirchnerrek, gero, ideia jakin baten inguruan harilkatu zuen eztabaidagai nagusia, presidentetza utzi eta senatari hasi zenez geroztik ohi duenez: bere egin zuen «fronte sozial, zibiko eta patriotiko bat» sortzeko premia.

Ezkerra eta eskuina

Presidente izandakoakanalisi harrigarri batzuk azaleratu zituen, hurrengo egunetan ere luze eta zabal aritzeko hizpidea ekarri zutenak. Besteak beste, zaharkitutzat jo zituen ezker eta eskuin kategoriak: «Zatiketarako baino ez dute balio», ondorioztatu zuen. Iruzkin horrek inguruan zituenak ere deseroso sentiarazi zituen, baina baliteke hori ez izatea hain harrigarria ere, kontuan izanik alderdi buruzagi peronistatik datorrela. Gainerakoan, Fernandezek xeheki aipatu zituen gaur egungo gobernuak ekonomia alorrean eragindako triskantzak, eta zera proposatu zuen: aipatua zuen frontea osatzeko, alegia, haren barnean hein berean izan behar zutela lekua bai zapi berdeek (abortuaren aldekoek) eta bai zapi urdin argiek (eskubideen kontrakoek); auzi hori ere luze eta zabal eztabaidatu zen hurrengo egunetan.

Honako hauek ere parte hartu zuten jardunaldietan: Kolonbiako presidente ohi Ernesto Samperrek, Boliviako presidenteorde Garcia Linerak, Fernando Haddadek, Gerardo Pisarellok, Boaventura de Sousa Santosek, Estela de Carlottok, Adolfo Perez Esquivelek, Manuela Davilak, Ahed Tamimik, Susane Georgek, Saskia Sassenek, Rita Segatok, eta abarrek eta abarrek.

Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoa, berriz, G20koen goi bileran parte hartzekoa da. Oraindik ez dute argitu nork hil zuen Jamal Khaxoggi kazetari saudiarabiarra, Riadekin kritikoa zena, baina printze oinordekoa jopuntuan dago. Horren harira, HRW Human Rights Watchek idazki bat argitaratu zuen joan den astelehenean. HRWk jurisdikzio unibertsalerako estatutu bat eskatu die Argentinako auzitegiei, printze oinordekoa gerra krimenengatik eta torturagatik auzipetua izan dadin. Ziurrenik, HRWen eskaera ukatuko dute auzitegiek, baina ikusteko dago G20koen bileran parte hartuko duten buruzagiak Mohamed bin Salmanekin biltzen diren ala ez.

Garraio publikoa, itxita

Bestalde, G20koen eta haien aliatuen kontrako protesten agendan, hainbat erakunde sozialek bat egin zuten, eta Ekintza Globalaren Astera deitu Buenos Airesen, hiriko hainbat tokitan jarduera sorta bat antolatuta; horiek guztiak mobilizazio batekin amaituko dira bihar, egun hori jaiegun izendatua baitu tokiko administrazioak.

Hainbat erakundek salatu dute ezen, G20koen goi bileraren aitzakian, barne arerioak sortzea sustatzen ari dela gobernua, eta zuritu nahian dabilela disidente politikoen kontrako jazarpen gero eta handiagoa, bai eta protesten kontrako errepresio eta kriminalizazio gero eta handiagoa ere. Urrutira joan gabe, aste hauetan zenbait segurtasun neurri iragarri dituzte; besteak beste, zirkulazio baimenak eskatzea hiriko hainbat auzotakoei, zeinak hesitu egingo baitituzte. Buenos Airesko aireportura iristekoak ziren hegaldiak desbideratuko dituzte, gainera, eta hiriburuko garraio publikoaren zerbitzua bertan behera utziko du administrazioak. Are, Segurtasun ministroak berak aholkatu die hiriko bizilagunei alde egiteko hiritik goi bilerak irauten duen bitartean. «Alde egin hiritik, hiria asko zailduko da eta», nabarmendu du Patricia Bullrichek.

Hau da, era berean, beste kezka nagusietako bat: G20koen goi bileraren aitzakian hartu eta hedatu dituzten segurtasun neurri horiek —tartean, telefono bidezko elkarrizketak entzun eta zelatatu ahal izatea, bai eta sare sozialetakoak ere— ez ote dituzten bilera amaitu eta gero ere baliatuko. Halaber, gonbit horrek zalantza ekarriko du, gastu izugarriak ordainaraziko baitizkio herrialdeari, zeina azken garaiotako krisi ekonomikorik txarrena pairatzen ari baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.