Jon Lee Anderson. AEBetako kazetaria

«Venezuelako armada enigma bihurtuta dago, eta inork ez daki hor barneko berri»

Anderson munduko hamaika gatazkatan izan da berriemaile, baina Latinoamerika du jakintza eremu nagusia; Venezuelan dago egun hauetan. Uste du Juan Guaido oposizioko liderra sendo dagoela.

JON ARTANO IZETA.
Jon Artano Izeta.
Caracas
2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
«1983ko udaberrian iritsi nintzen lehenengoz. Grenadatik nentorren, Maurice Bishop elkarrizketatzetik —azken elkarrizketa izan zuen hura, sei astera Reaganek [AEBetako presidenteak]eraitsi egin zuen eta—, eta Surinamera nindoan. Caracas oparoa eta aspergarria iruditu zitzaidan, Miamiren oihartzun bat bezalakoa. Cerro-etako auzoak ere gogoan geratu zitzaizkidan. Oso gertu zeuden erdigunetik, baina ez zuten bat egiten; Chavezek [1999-2013 arteko presidenteak] aldatu zuen hori». Kontakizuna oroitzapenekin gatzpipertzen abila da Jon Lee Anderson (Long Beach, AEB, 1957). Sarritan itzuli izan da Venezuelara estreinako aldi hartatik; oraingoan, bi aste inguru daramatza Caracasen, The New Yorker aldizkariarentzat lanean. Hamaika gatazka eremutan aritutakoa da erreportajegintzan, baina Latinoamerika du lan eremu naturala. Harena da Che Guevara: A Revolutionary Life (Che Guevara: bizitza iraultzaile bat; 1997), Argentinan jaiotako gerrillariaz idatzi den biografiarik entzutetsuenetako bat —lan horri esker aurkitu zituzten Cheren gorpuzkinak Bolivian—.

Itzalaldia bertatik ezagutu duzu; zer gorputzaldi utzi dizu?

Izua lurruntzen hasi da argindarra asfaltokoei [erdi mailako klasekoei] berriz martxan jarri dietenean, baina latza izan da. Argirik gabe fortunatu izan naiz lehen ere; beti gerratan, ordea, bi aldiz izan ezik: Port-au-Princen lurrikararen ostean, eta New Orleansen Katrina pasatu eta gero.

Zertan da duelu politikoa?

Guaidok [oposizioko buruak] mugan [laguntza sartzeko saiakeran] galdu zuen indarra, baina, herrialdera itzultzean, adoretsu jokatuz, atzera irabazi du galdutakoa.

Iniziatiba berreskuratu du…

Bai. Pertzepzio borroka bat da hau: bi buruzagien gaitasun dema imajinario kolektiboan. Objektiboki, Venezuelak urteak daramatza krisian. Gobernua ez da gauza izan jendearen beharrizanei erantzuteko. Orain, ordea, jokalari berri bat agertu da; abstrakzio bat da, baina erreala ere bai, aldi berean, nazioartean babesa duelako. Denak haren arrastora sartuz gero, krisia konponbidean jar dezakeenaren ziurtasun-antza eman die herritarrei. Horregatik iruditzen zait Maduro [presidentea], existentzialki besterik ez bada, estu hartuta daukala. Madurok, ordea, indarraren erabilera kontrolatzen du; horregatik daude denak indar armatuei begira.

Zer inpresio egin dizu Juan Guaidok?

Aurrez uste nuena baino hobea. Gaztea da, eta hori akatsa edo bertutea izan daiteke. Haren kasuan bertutea dela uste dut, fresko baitator. Potroak ditu, eta hori oso inportantea da hemen. Oso inportantea. Ausardia erakusteak asko balio du Venezuelan. Ahulgunea, berriz, Trumpen administrazioarekiko gehiegizko gertutasunean du. Horrek indarra xurga diezaioke. Google News-en Venezuelari buruzko goiburuak bilatuz gero, bakanen batean agertuko da Guaido, baina gehienetan Elliot Abrams, John Bolton, Mike Pence eta Marco Rubio agertuko zaizkizu; haien txotxongiloa dirudi.

Irakurri dizugu «maniobratze politiko bikaina» izan dela Guaido agertu izana oposizioa batzen eta herrialde askoren babesa lortzen. Maniobratze horretan, zer meritu du Guaidok berak?

Mugimendua ez da, noski, espontaneoa izan, baina ezin zaio protagonismo osoa kendu; zeitgeist-a gorpuztu duela uste dut. Abila da. Berezko trebezia politikoa du, karisma, jendetasuna; nabarmena da hori. Eta azkar eboluzionatzeko gaitasuna ere badu, agian gaztea delako, edo venezuelarra delako; venezuelarrak oso argiak dira, eta showman ezpalekoa dademagogiarako joera ere badu, dena esanda. Hemengo kreolek duten estrako dohain bat da hori, Andeetako menditarrek ez dutena, adibidez. Chavezek bazuen. Madurok ez du Chavezek adina karisma, baina magnetikoa da buruz buru.

Nicolas Maduro aipatu duzunez, gobernu kabinetean aldaketak iragarri ditu. Zer etorkizun barrundatzen diozu?

Hara, New Yorkeko downtown-era joaten bazara, arrakeroak ikusiko dituzu hiru karten jokoa egiten, zenbait kale bazterretan mahaitxo bana hartuta. Objektiboki, badakizu timatzaileak direla, baina urtez urte hara joan eta han jarraitzen dute. «Nola arraio hel diezaiokete amu horri?», pentsatzen duzu. Hemengo gobernuak bere burua berrasmatzeko antzeko gaitasuna duela uste dut. Zenbat erreferendum? Zenbat batzar konstituziogile? Zenbat hauteskunde asmatu dituzte? Ez dakit zer egin dezakeen Madurok. Txisteratik untxi bat ateratzen badu...

Geratzen al da untxirik?

Ez dut uste, baina auskalo!

Indar armatuak aipatu dituzu lehen. Oposizioak dio 1.000 kidek desertatu dutela; hain garrantzitsua al da kopurua?

Ez, baina bada kontuan hartzekoa. Denok dakigu erakunde armatuak desertzioa galarazteko egituratuta daudela; krisiak pitzadura bat sortu du hor, baina oso txikia.

Geopolitikan ere danbada eragin du Venezuelak.

Bai, ultraeskuineko arrano saldo bat iritsi baita boterera munduaren alde honetan, AEBetan aurrena. Munduko jokalekua serioago jarrita dago.

Prest al daude azkenera arte estutzeko?

Batzuetan, gertakarik larrienak bufoien jolasekin hasten dira; historia hurbilak hori erakutsi digu. 2002an, lagun batek esan zidan: «Jon, Bush junior eta enparauak Irak inbaditzeko azpikerian ari dira!». Afganistanen nengoen ni garai hartan, gutxi-asko helburu logiko batean; Al-Qaedaren erasoa handik heldu zelako. Baina Irak? «No way!» [Ezinezkoa!] erantzun nion lagunari. Urtebetera, Iraken ziren gure tropak. Ordukoak gizartearen zati handi bat jarri du inbasio eta esku hartzeen aurka Mendebaldeko herrialde askotan, baina AEBak ez nituzke saldo horretan sartuko. Trump [AEBetako presidentea] oso belizista da hizketan, baina praktikan, bigun hutsa da. Berehalako gratifikazioan ohitutako tipo bat da, klik eta txio. Agintari horien jokamoldeak espero ez ditugun ondorioak ekar ditzakete.

Militarren jarrera erabakigarria dela esaten da.

Indar armatuen zati bat oposizioaren alde lerratuko balitz, gerra pitz liteke hemen. Hori gertatzeko aukerez arrastorik ez dugu, ordea, Venezuelako armada enigma bihurtuta dagoelako; inork ez daki hor barneko berri. Ikuskizunaren gizartean gaude, iritzi uholdeak ito beharrean bizi gara, baina militarrek, ohiko adierazpen formalez gain, ez dute ezertxo ere esaten; besteek esaten dute ustez militarrek zer pentsatzen duten.

Sinesten duzu Venezuelara mugan barrena laguntza sartu nahi zuen —nahi duen— koalizioaren intentzioen purutasunean ?

Purutasuna? Ez, ez. Kalkulua egin zuten. Okerra, bistan denez. Nik ez dut ezertan sinesten gaur egun; ez dut federik han zebilen inorengan. Erabateko ikuskizuna izan zen.

Hitzez hitz esan du hori Madurok.

Arrazoi du. Kolonbiako mugan jarri duten laguntza humanitario horrekin, zenbat venezuelarri eta zenbat egunez lagundu diezaiekete? Herritarren %20, sei egunez? Herritarren %16, hiru egunez? Mesedez! Benetan venezuelarrei lagundu nahi dienak larrialdi plan serio bat izan behar du; plan handi bat, oso handia. Oso handia. Hau desastre hutsa da, eta milioika venezuelarrek egin dute alde. Mugako ekinaldi hartan ez zegoen seriotasunik. Fenomeno berri baten beste agerpen bat da hau. Botere politikoamediatizatzen ari da, eta hemengo politikan isuri da hori guztia. Mugako ikuskizun mediatiko horrekin, Venezuelako indar armatuen kohesioa pitzatu nahi izan zuten; gerta zitekeen soldaduek armak utzi eta Kolonbiarantz abiatzea anaitasunean, baina ez zen gertatu, hau bizitza erreala delako, arraioa! Dena dela, gogoetan ariko dira armadan, esanez bezala «noren alde egin behar dugu ataka honetatik onik ateratzeko?».

Hemengo opositoreek etaAEBek behin eta berriz diote kubatarrek agintzen dutela Venezuelako barne politiketan. Zer uste duzu zuk?

Ez dela hainbesterako. Ez dira giltzarri, nahiz eta baduten eragina. Irlan eskarmentu handia dute bizirik irauten, eta, Venezuelak ez bezala, kohesioa eta gobernatzen jarraitzeko formula aurkitu dute. Ekonomikoki ez, baina gainontzean herrialde sozialista egonkor bat da.

Kubak etorkizuna du jokoan Venezuelan…

Bete-betean. Eta Marco Rubiok eta enparauek apustu handia egin dute behingoagatik Kuba harrapatzeko. Ez al da harrigarria? Obamak Gerra Hotza atzean utzi behar dugu esan zuenetik hiru urte baino ez dira pasatu.

Barack Obamak jarri zizkion, ordea, lehen zigorrak Venezuelari.

Badakit. Baina Kubarekin ezpata lurperatu zuen, eta orain, Monroe doktrina defendatuz, hor azaldu da John Bolton [Etxe Zuriaren segurtasun aholkularia].

Venezuelan, noren kontra doa denbora?

Oso goitik begiratuz gero, balantzak eskuineranzko joera du. Eskuinak ditu ekimena eta psike kolektiboaren indarra, eta nahi edo ez inguruko herrialdeak horrantz doaz azkenaldian. Gobernua desabantailan dago. Apustu egin behar banu, esango nuke oposizioak aukera gehiago dituela, baina hain da zaila irudikatzea nola iritsiko diren garaipen horretara... Lortuko al dute odolik isuri gabe? Beldurgarria eta kontrolagaitza litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.