Bost mila enplegu berreskuratu ditu Hegoaldeko lan merkatuak

Lanbiden eta Nafar Lansaren 151.214 langabe zeuden otsailean, urtarrilean baino 307 gutxiago. Emakumeen langabezia tasa gizonena baino lau puntu handiagoa da

Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Urtarrileko gordintasunari otsaileko epeltasunak jarraitu dio Hego Euskal Herriko lan merkatuan. Urte hasieran desagertutako 13.544 enpleguen herenak baino gehiago (%37) berreskuratu ditu otsailean. Langabezia tasa ere jaitsi egin da, baina pixka bat baizik ez (-307). Guztira, 151,214 langabe azaltzen dira Lanbiden eta Nafar Lansaren, duela urtebete baino 2.488 gutxiago. Langabe horietatik %57 dira emakumeak, eta haien kopurua handitu egin da, otsailak ez dielako berri onik ekarri. ELAk nabarmendu duenez, urtarrilean baino 156 emakume gehiago zeuden otsailean lanik gabe. Haien artean %13,3 daude lanik gabe. Gizonen langabezia tasa lau puntu txikiagoa da, %9,3. Europan askoz txikiagoa da arrakala hori: Eurostaten atzoko datuen arabera, urtarrilean euroguneko gizonen %7,1 zeuden lanik gabe, eta emakumeen %7,7.

LANGABEZIA
Erritmoa galtzen


Bi hilabetez igo ondoren, berriro beheranzko bidea hartu du langabeziak Hego Euskal Herrian. Ohikoa izan da azken urteetan langabe kopuruak behera egitea otsailean —azken zazpi urteetan egin du—, neurri handi batean urtarrila beti delako oso txarra, eta ez delako hain zaila izaten kaltearen zati bat konpontzea. 2020a ez da salbuespena izan, baina erakutsi du indarra galtzen ari dela hobekuntza. Horrela, 308 langaberen jaitsiera iazko erdia da, eta apalena 2016. urteaz geroztik. Erritmo galera are nabarmenagoa da urte arteko konparazioak egitean: 2019ko otsailean baino 2.488 langabe gutxiago daude, baina 9.261ekoa izan zen aldea duela hamabi hilabete. Berez, 2014az geroztik ez zen urte batetik bestera hain alde txikirik izan.

Sektoreei dagokienez, nabarmena da industriak eta eraikuntzak jarraitzen dutela enplegua sortzen, oso poliki bada ere. Azken urteotako hilabeterik okerrenean ere, enplegu bulegoetan industriako langabe gisa agertzen zirenak urritu egin ziren urtarrilean (-188), baina baita otsailean ere (-214). Eraikuntzak ere joera hori du oraindik ere (-418 eta-107). Zerbitzuek, berriz, urtarrilean 4.482 langabe gehiago gehitu zituzten —Gabonetan dendetan eta ostatuetan lan egiteko kontratatutakoak eta gero kaleratutakoak—, baina 233 baizik ez dira lanera itzuli. Egoera are okerragoa da aurretik enplegua ez zutenen artean, 500 langabe gehiago batu dituztelako urtarrilaren 1etik.

Bizkaian txikitu da gehien langabe kopurua, 244 lagun, alegia. Behera egin du Araban (-104) eta Gipuzkoan ere (-62), baina gora egin du, ordea, Nafarroan (+103). Azken lurralde horretan soilik hazi da langabezia azken hamabi hilabeteetan (+136). Bilakaera hobea dute Bizkaiak (-1.358), Gipuzkoak (-933) eta Arabak (-333).

Nafarroako datua «kezkagarria» iruditu zaio ELAri, eta «azpimarratzekoa», berriz, LABi. CCOOk gogorarazi du langabe kopuruak azken bost hilabeteotan egin duela gora. Lasaiago azaldu da, berriz, Maria Txibite lehendakaria, ziurtatu baitu aktibo gehiago daudelako ari dela hazten langabezia.

AFILIAZIOAK
Azaroko markatik urrun


Otsailean, batez beste, 1.261.968 langilek kotizatu zuten Gizarte Segurantzan. Urtarrilean baino 5.068 gehiago dira, baina 2019ko azaroan 9.167 gutxiago. Orduan jo zuen goia afiliatuen kopuruak, 11 urteko gainbeherari azkenean buelta eman zionean.

Afiliazioen igoera eta langabeziaren jaitsiera «nahiko positiboak» direla ziurtatu du Pablo Martin Confebaskeko ekonomia ataleko buruak, eta gaineratu du 2020rako egindako aurreikuspenak betetzen ari direla. Martinek, ordea, onartu du arreta handiz ari direla erreparatzen koronabirusaren hedapena. «Badakigu ez duela lagunduko, baina ezinezkoa da asmatzea zer eragin izango duen».

KONTRATUAK
%8 dira mugagabeak


Otsailean sinatutako kontratuen %7,98 baizik ez ziren mugagabeak izan. Sindikatuen arabera, datu horrek erakusten du prekaritatea oso zabalduta dagoela. ELAk eta LABek eskatu dute azken lan erreformak indargabetzeko.

LANGABEZIA SARIA
Hirutik batek du saria


Pixka bat gora egin du langabezia saria jasotzen dutenen kopurua. Urtarrilean, %30,1 izan ziren, eta beste%16,6k subsidioa eskuratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.