Indiak eta Txinak mugako liskarrak amaitzeko akordioa hitzartu dute

Maiatz hasieratik tentsioa handituz joan da bi herrialdeen artean. Elkarrizketekin jarraitzea adostu arren, bi aldeek militar gehiago bidali dituzte Himalaiako mugara

Manifestariak Xi Jinping Txinako presidentearen argazkiak erretzen, Bangaloren, Indian. JAGADEESH NV / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Himalaian 3.500 kilometroko muga dute Indiak eta Txinak. Arazoa da muga zehaztugabea dela; hau da, ez dagoela herrialde bakoitza noraino heltzen den zehazten duen ikur edo seinalerik. Hala, ohikoak izaten dira bi estatuetako militarren arteko borrokak eremu horretan. Ekainaren 15ean, ordea, Indiako hogei militar eta Txinako bi hil ziren horietan —1975. urteaz geroztik ez zen inor hil bi herrialdeen arteko gatazka batean—. Mugako tentsioa baretze aldera, elkarrizketak hasi zituzten bi aldeek, eta atzo egin zuten lehen urratsa, liskarrak amaitzeko akordioa itxita.

Tentsioa gutxitzeko ahalegina egiteko konpromisoa hartzeaz gain, elkarrizketekin segitzea ere adostu zuten bi aldeek. Egun erdiz luzatu ziren elkarrizketetan, bi estatuek euren eskariak proposatu zituzten. Indiak Ladakh hegoaldeko Pangong Tso eskualdetik erretiratzeko eskatu zion Txinari, baita borrokak izan ziren Galwan bailaran eta inguruetan kokatutako tropa gehigarriak erretiratzeko ere.

New Delhik, ordea, kontrako norabidea hartu du, eta militar gehiago bidali ditu mugara. Zenbait komunikabidek zabaldu dutenez, orotara 4.000 inguru lirateke Himalaiara bidalitako soldaduak. Horiez gain, ibilgailu militarrak ere bidali dituzte Ladakh eta Arunachal Pradesh eskualdeetara —Pekinek Tibeten menpekotzat dauka azken hori—.

Ofizialki onartu ez duen arren, erabaki bera hartu du Pekinek ere. Ibilgailu militar ugari ikus daitezke mugaren bi aldeetan, Ikerketa Estrategikoetarako Nazioarteko Institutuak zabaldutako irudietan. Horrez gain, soldaduak ere bidali ditu Pekinek Aksai Chan eskualdera; normalean 500 militar inguru egon ohi den eremu horretan 1.500en bueltan daudela zabaldu dute hango komunikabideek.

Errepide eta azpiegiturak

New Delhik Ladakh eskualdean egin duen 255 kilometroko errepidea egon liteke azken liskarren atzean. Txinak ez du ondo hartuDepsang lautada, Galwan harana eta Karakorum mendilerroa lotzea helburu duen proiektua; besteak beste, gatazka armatu bat piztuz gero azpiegiturak aukera emango liokeelako Indiari baliabide militarrak azkar garraiatzeko.

Bestelako iritzia du Indiak. Joan den asteko liskarren ostean, New Delhik azkartu egin ditu Himalaiako azpiegiturak egiteko lanak. «32 errepide zati egiteko proiektuak martxan daude dagoeneko», jakinarazi du Barne Ministerioko iturri batek. 2014tik hona azpiegitura berri ugari egin ditu Indiak mugan, besteak beste tunelak eta zubiak.

Txinak berak ere eraikuntza lan ugari bultzatu ditu Himalaia inguruetan azken hilabeteetan. AEBetako Middlebury Nazioarteko Ikerketa Institutuaren arabera, ekainaren erdian ateratako irudietan errepideak eta urtegi berri bat ere ikus daitezke mugaren Txinako aldean.

Indiako komunikabideen arabera, tropak erretiratzeko akordioa egin zuten bi aldeek borrokak piztu baino lehen, baina Txinako soldaduek ez zituzten kendu mugan jarritako kanpin dendak. Hala, Indiako militarrek tiro egin zieten dendei. Pekingo iturrien arabera, ordea, Indiako militarrek, muga zeharkatu, eta eraso egin zieten.

Herenegungo negoziazioen ondoren, ordea, jarrerak baretu dituzte bi aldeek, eta hitz egiten jarraitzeko borondatea agertu dute. Akordioa ez da, baina, denen gustokoa izan. Indiako Kongresu Nazionala alderdiko buru Rahul Gandhik «traizioa» egotzi dio Narendra Modi lehen ministroari: «Txinak dio ez dela ari Indiaren lurrak okupatzen. Baina hori ez da egia, eta, haren hitza onartuta, armadari eta herritarrei traizio egin die lehen ministroak. Amore eman du Pekinen aurka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.