Atxiloaldi prebentiboa ezarri diote Navalniri, Errusiara itzuli orduko

Hilabetez preso egon beharko du, auzitegien aginduei entzungor egiteagatik. Mendebaldetik gogor salatu dute atxiloketa, eta Moskuk adierazi du kritiken xedea «arreta desbideratzea» dela

Aleksei Navalni Errusiako oposizioko kidea atxilotuta, atzo, Moskun. SERGEI ILNITSKY / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Berlin eta Mosku artean igandean eginikoak etxerako bidaia izan behar zuen Aleksei Navalni Errusiako oposizioko kide ezagunarentzat, baina, ezta hurrik eman ere, kartzelara eraman du. 30 eguneko espetxealdi prebentiboa ezarri zion atzo Moskuko auzitegi batek Navalniri. Otsailaren 15ean izango du antzeko beste saio bat, eta orduan erabakiko dute epaileek Navalniri kartzela zigorra ezarriko dioten, 2014an ustelkeria kasu batengatik jarri zioten zigorra betetzera behartuz.

Navalni abuztu amaieran izan zen azkenekoz Errusian; aireportu batean orduan ere, baina oso bestelako egoera batean. Siberiatik Moskura zeraman hegazkin bidaia batean gaizki sentitzen hasi zen politikaria, eta hegazkina Omsk hiriko aireportuan lur hartzera behartu zuen. Navalniren osasun egoerak okerrera egin zuen, ordea, eta, haren familiak behin eta berriz eskatu ondoren, Berlingo erietxe batera eraman zuten. Koman izan zen bi astez. Arma kimikoak ekoizteko erabiltzen den novitxok substantziarekin pozoitu zutela adierazi zuten Alemaniako medikuek, eta Putinen gobernuari leporatu zion Navalnik hala egin izana.

Akusazio horri uko egiteaz gain, Navalni pozoitu izana ere auzitan jarri zuen Moskuk. Hori baieztatzeko nahikoa frogarik ez dagoela uste du gobernuak, eta Alemaniak kasuaren inguruan emandako informazioak ez duela gertatutakoa argitzen.

Bere aurkako prozedura Errusian zabalik izanik ere, itzultzeko asmoa zuela esan izan du Navalnik sendatzen hasi zenetik, eta igandean bete zuen esandakoa, baina lur hartu zuen toki berean atxilotu zuten, Moskuko Xeremetievo aireportuan. Putinen gobernuak ohartarazia zuen Navalni atzemango zuela, eta igaro behar izan zuen lehen kontrolean geratu zuen Poliziak. Atzo ezarri zioten hilabeteko espetxealdi prebentiboa.

Navalnik berak eman zuen erabakiaren berri, auzitegitik. «Ilegaltasunaren maila gorena da hau», salatu zuen saioaren aurretik, sareetan eskegitako bideo batean, eta, behin atxiloaldia ezarri ziotela jakin zuenean, txio batean eman zuen horren berri. Bere jarraitzaileei mintzatu zitzaien, eta mobilizatzeko deia egin zien: «Apo horri [Putini] ez zaio beldurrik izan behar. Atera zaitezte kalera; niregatik ez bada ere, zuengatik, zuen etorkizunagatik».Haren abokatuek, berriz, erabakiari helegitea jarriko diotela jakinarazi zuten.

Yves Rocher auziarekin lotuta zigortu zuten Navalni, duela zazpi urte, bere anaiarekin batera. Tamaina handiko iruzur bat egitea eta dirua zuritzea egotzi zieten. Sententziak zioenez, Yves Rocher enpresari 26,8 milioi errublo errusiar —300.000 euro baino gehiago— lapurtu zizkieten bi zigortuek, eta 4,5 milioi errublo —50.000 euro inguru— auziarekin lotutako beste enpresa bati.Hiru urte eta erdiko zigorra jarri zioten Navalniri, baina epai hori baliogabe utzi zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, 2018an, haren atzean arrazoi politikoak zeudela argudiatuta.

Abendu amaieran, zigor hura berrikusteko saiora agertu ez izana egotzi zion SPF Errusiako Espetxe Zerbitzu Federalak Navalniri, eta erakundeak Moskun duen egoitzan deklaratzera deitu zuen. Alemanian zegoen orduan politikaria, baldintzapeko askatasunean, eta ez zionmen egin aginduari. SPFk, horren aurrean, kartzelatzeko eskatu zuen, bere legezko eginbeharrak «sistematikokieta hainbatetan» alde batera uzteagatik. Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra jar diezaioke Errusiako justiziak orain politikariari; hain justu, bere aurkako sententziak zehazten zuen urte kopurua.

Mendebaldetik kritikak

Uda amaieran gertatu bezala, nazioarteko auzi bilakatu dira Navalniren Errusiarako itzulera eta ondorengo atxiloketa. Mendebaldearen eta Errusiaren arteko salaketa trukerako bazka da kasua, eta hala erakutsi zuten atzoko bateko eta besteko adierazpenek.

Brusela izan zen lehenetarikoa atxiloketa eta ondorengo espetxeratzea salatzen. «Errusiako agintariek Aleksei Navalni atxilotu izana gaitzesten dut. Berehala askatu behar dute, eta haren segurtasuna ziurtatu. Oposizioko politikariak atxilotzea Errusiaren nazioarteko konpromisoen aurkakoa da», adierazi zuen Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Von der Leyenen hitzekin bat egin zuten Europar Kontseiluko buru Charles Michelek eta David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak.

Estatu kideen adierazpenak ere errenkadan iritsi ziren. Baltikoko herrialdeek —Estoniak, Letoniak eta Lituaniak—, Poloniak eta Ukrainak, atxiloketa gogor kritikatzeaz gain, Errusiaren aurkako zigorrak eskatu zituzten. Vladimir Zelenski Ukrainako presidenteak, esaterako, Errusiarekiko harremana berrikusteko eta herrialde hori zigortzeko «neurri erabakigarriak» hartzeko eskatu zion nazioarteko komunitateari. Berlinek ez zuen balizko zigorrez hitzik egin, baina Steffen Seibert Alemaniako Gobernuko bozeramaileak aitortu zuen kasua Errusiarekin izan beharreko harremanerako «oztopo bat» dela. Navalni libre uzteaz gain, haren hilketa prestatu zutenak ikertzeko eskatu zion Seibertek Kremlineri, azken hilabeteetan egin duen moduan.

Itsasoz bestaldetik ere, AEBetako Estatu idazkari Mike Pompeok Navalni «berehala eta baldintzarik gabe» libre uzteko eskatu zuen, eta Joe Biden presidente hautatuaren aholkulari Jake Sullivanek «giza eskubideen bortxaketa» salatu zuen.

Moskuren erantzuna

Kremlinek, ordea, argudiatu zuen, agindu judizial bati erantzun, eta epaileek ezarritako baldintzak ez betetzeagatik atxilotu zutela Navalni. Mendebaldetik egindako kritikei erantzun zien Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, eta nabarmendu Mendebaldeko politikariek «pozik» jaso dutela atxiloketaren berria: «Pentsatzen dute arreta desbidera dezaketela garapen eredu liberala bizitzen ari den krisi sakonetik». Gaineratu zuen Mendebaldeko «eliteen joera» dela euren helburuak lortzeko atzerrian «etsaiak bilatzea». Adibidetzat jarri zituenErrusiako, Txinako, Irango, Ipar Koreako, Kubako eta Venezuelako kasuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.