AEBen Haitiko ordezkariak kargua utzi du, deportazioez kexu

Barne kritikak areagotzen ari zaizkio Etxe Zuriari, Mexikorekiko mugan dauden migratzaile haitiarren aferaren kontura. Nora jo ez dutela daude Port-au-Princera itzulitako asko

Hainbat haitiar Port-au-Princeko aireportuan, AEBetatik deportatuak izan berritan. RICHARD PIERRIN / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Gero eta tamaina handiagoa hartzen ari da AEBen eta Mexikoren arteko mugan pilatuta dauden migratzaile haitiarren afera. Hiru astean deportazio masiboak eginez kendu nahi du gainetik Joe Biden AEBetako presidenteak, baina, lortuta ere, baliteke neurri horrek orbain handi xamarra uztea haren migrazio politikan, Donald Trump presidente ohiarenarekin alderatzen hasiak baitira herrialdeko hedabideak.

Gaiak gobernuaren barruan ere eragin ditu tentsioak. Horren erakusle, Estatu Departamenduaren Haitiko ordezkari Daniel Footeren atzoko dimisioa. «Ez naiz atxikiko milaka iheslari eta migratzaile ilegal deportatzeko AEBek hartutako erabaki inhumano eta kaltegarriari», esan zion Antony Blinken Estatu idazkariari dimisio gutunean. Haren iritziko, Haiti ez da gai «bueltan datozen eta jatekorik, aterperik eta dirurik ez duten milaka migratzaileren fluxuari» erantzuteko, eta halako olatu batek «tragedia saihetsezin bat» eragingo luke.

Footeren dimisioak oihartzuna eman die Bidenen aurkako barne kritikei, baina izan dira halako gehiago ere. Maxine Waters kongresukide demokratak Mexikorako mugan aritzen diren Border Patrol polizia agenteen jokabidea salatu zuen: «Ikusi genuenak ehun urte atzera eraman gintuen. Esklabotzaren garaian ikusitakoa baino okerragoa izan zen». Zaldi gainean zeudela migratzaileak kolpeka urruntzen zituzten agenteen irudiez ari zen Waters. «Haserre eta nahigabetuta nago, baina ez bakarrik haitiarrak harrapatzen eta jipoitzen ari ziren cowboy horiekin; gobernuarekin ere ez nago batere pozik», erantsi zuen. Washington azalpenak ematera behartu zuten irudiok. Jen Psaki Etxe Zuriko prentsa idazkariak mugan gertatutakoa gaitzetsi zuen, baina gobernua horretatik bereizten saiatu zen: «Uste dut garrantzitsua dela jendeak jakitea hori ez dela gu garena».

Iragan igandean hasi zituen deportazio masiboak AEBetako Segurtasun Nazionalerako Departamentuak. Texas estatuko Del Rio hiriko zubipe batean 15.000 migratzaile haitiar inguru pilatu dira egunotan, eta Etxe Zuriak Port-au-Princera bidali nahi ditu horiek hegazkinetan. Egunero halako zazpi hegaldi antolatu nahi ditu. Segurtasun Nazionalerako Departamenduak 1.401 lagun mugituak zituen herenegun gauerako, eta beste 3.206 lagun atxilo zituen, haien kasuak aztertu bitartean.

Haitiko agintariek AEBetako Gobernuari ohartarazi zioten ez direla gai kolpean milaka herritar jaso eta horien behar premiazkoenak asetzeko, eta hala berretsi dute Port-au-Princeko aireportuko irudiek. Behartuta sorterrira eraman zituzten hegazkinetik jaitsi orduko, berriz ere igotzen saiatu ziren dozenaka lagun. Liskarrak izan ziren aireportuko segurtasunaz arduratzen zirenekin, eta zenbaitek oinetakoak bota zizkioten hegazkinari, mespretxu keinu gisa. Bitartean, aireportuaren ingurua hegazkinetatik jaitsi diren horiez betetzen ari dira, ez baitute nora jo, ezta nork lagunduko ere.

Trumpzale bat aurrean

Segurtasun Nazionalerako Departamentuak hitzeman zuen milaka migratzailek AEBekiko mugan eraikitako kanpalekua hustuko zuela, baina eremua gatazkatsua da Bidenen gobernuarentzat, ez soilik Mexikorekin muga egiten duelako, baita AEBen kontrolpeko lurrak Texasen daudelako ere. Hango gobernadore Greg Abbott Trumpen eskolakoa da, eta presidente ohiak Mexikorako mugan egin asmo zuen murruaren defendatzaile sutsua. Haren eskua dago mugako polizien jazarpenaren atzean. Herenegun, ehunka agente eraman zituen autoetan migratzaileak pilatuta dauden eremuaren aurrera, eta ibilgailuak ilaran jarriz hesi bat irudikatu zuten horiek. «Kontrola berrezarri dugu mugan», idatzi zuen jarraian Abbottek Twitterren. Biden erasateko ahaleginean ari da gobernadorea, azpimarratuz presidenteak ez diola behar besteko irmotasunez heldu auziari eta bera dela muga migratzaileetatik salbatzeko bermea.

AEBen atarian jasotako tratu ankerra ez dirudi nahikoa izango denik beste milaka haitiarrek bide bera ez hartzeko. CNN telebista katearen arabera, 30.000 haitiar inguru daude Kolonbian, iparraldera joateko asmotan.

Exodoaren arrazoi nagusietako bat da AEBetako Gobernuak 2023ra arte luzatuko diela TPS Behin-behineko Babes Estatusa herrialdean bizi diren haitiarrei. Hara joan asmo dutenei ez die eragiten neurriak, baina, hala ere, dei efektua izan du askorentzat.

Bestela ere bazen motiborik, ordea. Krisi politiko betean dago herrialdea, eta Jovenel Moise presidentea hil egin zuten uztailean. Ezegonkortasun politikoarekin, pobreziarekin eta muturreko indarkeriarekin gutxi ez, eta 7,6 graduko lurrikara batek astindu zuen herrialdea abuztuan, eta 2.000 hildako baino gehiago eragin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.