Moskuk esan dio Bideni bere esku badago ez dela gerrarik piztuko

AEBetako presidenteak adierazi dio Zelenskiri «aukera argia» dagoela datorren hilean Errusiak Ukraina inbaditzeko. Putinen ustez, Washingtonek ez ditu aintzat hartu bere «kezka nagusiak»

Gerraren aurkako protesta bat egin zuten, herenegun, Etxe Zuriaren parean. JIM LO SCALZO / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Joe Bidenen ustez, datorren hilabetean Errusiak Ukraina inbaditzeko «aukera argia» dago. Etxe Zuriak sare sozialetan zabaldu duenez, AEBetako presidenteak hori adierazi zion, herenegun, Volodimir Zelenski Ukrainako estatuburuari, auziaz telefonoz hitz egin zutenean. Horri buruz galdetu zioten atzo Sergei Lavrovi, eta Errusiako Atzerri ministroak nabarmendu zuen Kremlinek ez duela gudarik nahi. «Gure esku baldin badago, ez da gerrarik izango», adierazi zien Errusiako hedabideei, telebistaz zuzenean emandako elkarrizketa batean. Kontrakoa ere ez du baztertzen, ordea: «Ez dugu baimenduko gure interesei jaramonik ez egitea, edo horiek zakarki zapalduak izatea».

Errusiak ez du atseginez hartu segurtasun eskaerei dagokienez AEBek eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak emandako erantzuna. Vladimir Putin Errusiako presidentearen ustez, horretan ez dituzte aintzat hartu Errusiaren «kezka nagusiak». Telefonoz hitz egin zuen, atzo, Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin, eta Kremlinek ondoren kaleratutako oharraren arabera, asteazkenean jaso zuten dokumentua «arretaz» aztertuko dute, eta ondoren erabakiko «zein pauso» eman. Eiseoko iturri batek albiste agentziei adierazi zienez, Macronek eta Putinek auziari buruzko desadostasun «handiak» dituzte.

Hain zuzen, NATOk eta AEBek argi utzi diote Putini jarraituko dutela ekialderantz hedatzen, eta ez diotela atea ixten ez Ukraina ez Georgia —Sobietar Batasuneko errepublikak izandakoak biak ala biak— aliantza militarreko kide bilakatzeari. Moskuk nahi duNATOko tropak, armak eta ekipamendua erretiratzea 1997an kide ez ziren herrialdeetatik; besteak beste, Errumaniatik eta Bulgariatik. Horrekin guztiarekin lotuta, NATO osatzen duten estatuetako Defentsa ministroak otsailaren 16an eta 17an bilduko dira.

Lavrovek zehaztu nahi izan zuen, ordea, segurtasun eske horiek ez direla «ultimatum bat» bere horretan, eta gaineratu Mendebaldearen proposamenak «nahiko nahasiak» direla. Moskuk oraindik ere bide diplomatikoak ibiltzeko asmoa du. Ohartarazpen bat egin zuen, gainera: «Aitortza [Donetsk eta Luhanskeko herri errepublikena] aintzat hartu behar da, Mendebaldeak Kiev behartu dezan Minskeko akordioak betetzera. Hala, dena zuzen egongo da».ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak babestuta Donbassko gerra bukatzeko, menia bat finkatzeko, 2014an sinatutako akordioak inoiz ez dira ezarriak izan.

Txinaren esku hartzea

Ukrainaren bueltan sortutako krisian Txinak «modu eraikitzailean» parte hartzeko eskaera egin dute AEBek. Estatu Departamentuaren bozeramaile Ned Pricek herenegun prentsaurrekoan gogoratu zuenez, gertuko harremana dute Pekinek eta Moskuk, eta, konfrontazioa saiheste aldera, «harreman» hori baliatzera deitu zuen. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak Txinako Atzerri ministro Yi Wangekin hitz egin zuen, asteazkenean. Wangek eskatu die bi aldeei mezuak baretzeko, «lasaitzeko», baina adierazi zion Washingtoni errespetatzeko Moskuren «kezka legitimoak». Kremlinek iragarri du Putin eta Xi Jinping Txinako presidentea otsailaren 4an bilduko direla Pekinen, han otsailaren 4tik 20ra egitekoak diren Neguko Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldian.

Ukrainarentzat, baina, AEBek hartu dute lidergoa «Errusiaren erasoa» eragozteko ahaleginean. Hori adierazi zuen Zelenskik, Bidenekin bildu ondoren. Kieven prentsa ohar baten arabera, hori dela-eta «eskertuta» daude Washingtonekin; batik bat, defentsa arloan, militarki eskaini dion laguntzarekin. Zelenskik ere bide diplomatikoa ibiltzeko beharra nabarmendu zuen, eta jakinarazi ez duela baztertzen laster Normandiako laukoaren formatuaren (Errusia, Ukraina, Frantzia eta Alemania) bileretan berak pertsonalki parte hartzea. Herrialde horietako ordezkaritza diplomatikoa asteazkenean bildu zen Parisen —Moskuk eta Kievek Ukraina ekialdeko Donbass eskualdean 2014tik duten gatazka izan zuten hizpide—, eta bi aste barru berriro batzartuko da, Berlinen.

Zelenskirekin biltzeko prest agertu da Errusiako Gobernua. Lavrovek atzo esan zuenez, prest daude Ukrainako presidentearekin «aldebiko harremanen normalizazioaz» hitz egiteko. Hori bai, Atzerri ministroak zehaztu zuen harreman horiek dauden moduan daudela Ukrainaren «aldebakarreko ekintzengatik».

Eta, aldi berean, sortutako krisiak gas hornikuntzari ere eragiten dio. Errusia da Europaren gas hornitzaile nagusia, eta Alemaniak azpimarratu du Nord Stream 2 gasbidea blokeatzeko prest dagoela —Errusiatik Alemaniara gasa eramateko eraiki zuten azpiegitura hori, Itsaso Baltikoaren azpitik—. Horregatik, EB Europako Batasuna Qatarrekin harremanetan jarri da, gas hornitzaile bihur dadin. Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak jakinarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.