Gerra Ukrainan

Atzeratu egin dute Mariupolgo altzairutegiko zibilen ebakuazioa

Ukrainak salatu du Errusiako tropak oldartu egin zaizkiola ehun bat zibil erreskatatu ondotik. Erdoganek dei egin die beste behin Putini eta Zelenskiri mahai berean esertzeko, Turkian

Mariupolgo Azovstal altzairutegitik herenegun ebakuatutako zibil talde bat, atzo, Orikhiv herriko kontrol gunean, Zaporizhiara bidean. ROMAN PILIPEY / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Ez aurrera eta ez atzera geratu zen atzo Errusiako tropek Ukrainako Mariupol hirian setiatua duten Azovstal altzairutegian gotortutako mila bat zibilen ebakuazioen bigarren txanda. Tokiko agintariek ez zuten zehaztu ebakuazioa zergatik atzeratu zen, baina ziurtatu zuten herritarrak 07: 00etatik zeudela aurreikusitako ebakuazioaren zain. BBC hedabidearen arabera, hiriko alkatearen laguntzaile batek lehenago adierazi zuen autobusak goizean atera zirela Mariupoldik, baina, geroago, bere adierazpena zuzendu, eta ebakuazioa atzeratu zela baieztatu zuen. Handik gutxira, udaleko funtzionario batek salatu zuen Errusiako tropek berriro ekin zietela altzairutegiaren aurkako erasoei, eta, beraz, ezin izan zutela korridore humanitario bat zabaldu; «oztopoak jartzea» egotzi zion Kievek Moskuri.

Herenegun, Ukrainak adierazi zuen gutxienez 101 haur, emakume eta adineko erreskatatu zituztela altzairutegitik —hirurogei egun baino gehiagoz ilunpetan egon ostean—, NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen bitartekaritzaz. Atzo ziren iristekoak Zaporizhiara, Mariupoldik 200 kilometrora dagoen hirira. Errusiako Defentsa Ministerioak, ordea, beste zenbaki batzuk aipatu zituen: haren arabera, laurogei pertsona ebakuatu zituzten, eta horietatik 69 lagunek Ukrainak kontrolatutako eremuetara joatea erabaki zuten; gainerakoak, Donetskeko Herri Errepublikan geratu ziren.

Mariupolen geratzen diren erresistentzia gune bakarretakoa da Azovstal altzairutegia; zibilez gain, Ukrainako 2.000 bat soldadu daude han gotortuta, besteak beste, Azov batailoi paramilitarrak —eskuin muturreko talde armatu bat da, 2014ko estatu kolpean eta Donbassko gatazkan parte hartu zuena—, baita militar «profesionalak» ere, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik atzo zehaztu zuenez, ERT News telebista kateari emandako elkarrizketa batean. «Boluntarioen lana eskertzen dugu, baina militar profesionalek bakarrik defenda dezakete eremua».

Gerra frontean, Errusiako armadak Ukrainako gerra hegazkin bat eraitsi zuen atzo, Donbass eskualdean. Hego-ekialdean ez ezik, erasoak hego-mendebaldean ere areagotu dituzte azken egunotan; Odesako «zubi garrantzitsu bat» suntsitu zuten atzo, eta hiriko udalak Telegram bidez jakinarazi zuenez, «hildakoak eta, zaurituak» eragin zituen Errusiak hiriko etxebizitza eraikin baten aurka jaurtitako misil batek. Kremlinek Ukrainari Itsaso Beltzerako sarbidea blokeatzea du helburu, eta, horretarako, besteak beste, Odesa eta Mikolaiv oblastak ezinbestean okupatu behar ditu.

Errusiaren erasoei erantzunez, berriz, Ukrainako tropek bi gerraontzi jo zituzten atzo Itsaso Beltzean. Halaber, Belgoroden, Errusia mendebaldean —Ukrainako mugatik gertu—, drone bidez eraso egitea lortu zuten. Moskuren arabera, Kieven oldarraldi horrek kalte materialak soilik eragin zituen. Bestalde, Ukrainako agintariek atzo salatu zuten 150 gorpu topatu zituztela, Kiev inguruan, «Errusiako tropak iparraldetik erretiratu ondotik». Orotara, 1.200dik gora aurkitu dituzte.

Gatazkan bitartekari izateko ahaleginean ari da Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan, eta atzo dei egin zien Putini etaZelenskiri mahai berean esertzeko, aurrez aurre, Turkian. Erdoganek jakinarazi zuen Putinekin bilera telematikoa izango duela aste honetan.

Bien bitartean, errefuxiatuen ihesak ez du etenik, eta jada 5,5 milioi lagun baino gehiago atera dira Ukrainatik, Errusiak duela bi hilabete pasa inbasioa hasi zuenetik, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Horietatik erdiak baino gehiago Poloniak hartu ditu: hiru milioi; Errumaniak, 825.000; Errusiak, 681.000; eta Hungariak, 530.000. Bestalde, NBEk jakinarazi duenez, Errusiako eta Ukrainako tropek 3.153 zibil hil dituzte otsail amaieratik; zehazki, aurreko ostiralean baino 254 pertsona gehiago.

Olaf Scholz, jopuntuan

Alemaniak oso denbora gutxian berrantolatu behar izan du bere politika energetikoa, baita militarra ere, eta Ukrainari arma astunak bidaltzeko erabakiak hautsak harrotu ditu Alemaniako gizartean. Maiatzaren Leheneko protestetan, esaterako, manifestariek Olaf Scholz kantzilerraren aurkako oihuak egin zituzten. Kievi armak bidaltzearen aurka dauden alemaniarrek ez dute onartu gobernuak hartutako bira militarista. Kritikak kritika, Scholzek Moskuri leporatu zion «inperialismoa» dela herrialde bateko mugak aldatzen saiatzea,eta ukrainarrek armekin defendatzeko «eskubidea» dutela nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.