Alsazia, 2021erako elkarturik

Frantziako Asanblea Nazionalak lege proiektu bat eztabaidatu du Rhin Garaia eta Rhin Beherea kolektibitate batean berriz batzeko. Estatuaren eskumen berriak jasoko ditu

ander perez zala
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron presidentearen agintaldiaren bigarren zatiko helburuen artean dago Frantziaren eremuko eskualdeen deszentralizazioan sakontzea, hein bateraino bada ere. Korsikari autonomia estatusa ukatzen dion bitartean lurralde kolektibitate bat da iaztik—, eta Kaledonia Berrian bigarren independentzia erreferenduma egiteari oztoporik jartzen ez dion honetan, prest agertu da Alsaziari estatuaren eskumen batzuk emateko, 2016an François Hollanderen berrantolaketaren harira galdu zuen batasuna berreskuratze aldera.

Iazko urrian jakinarazi zuten Edouard Philippe lehen ministroak eta Jacqueline Gourault Lurraldeen Kohesioaren eta Lurralde Kolektibitateen ministroak Rhin Garaia eta Rhin Beherea departamentuak Alsaziako Kolektibitate Europarra deituriko kolektibitatean elkartzeko asmoa, eta egunotan igaro da Asanblea Nazionaletik hori egia bilakatzeko lege proiektua, Senatutik bidalitako testuari ezarritako 487 zuzenketak aztertzeko —bart gauerdi aldera ziren saioa amaitzekoak—. Remy Rebeyrotte Errepublika Martxan-en (LREM) diputatuarentzat, «Alsaziak jakin izan du leiho bat irekitzen», eta, testua lege bilakatzean, alsaziarrek egiaztatuta ikusiko dute euren etorkizuna: 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera Alsaziak batasuna berreskuratuko duela.

Estatus politiko berriari esker, kolektibitate berriak estatuaren eskumen batzuk jasoko lituzke, batzuk estreinakoz: hala nola hizkuntzaren, turismoaren, errepideen edota mugaz gaindiko harremanen arloan, Alemaniarekin eta Suitzarekin harremanak handitzeko. Baina askorentzat «mugatuegia» da lege proiektua; tartean, Errepublikanoak taldeko (LR) diputatu Laurent Furstentzat: «Urrutitik gatoz, baina ez goaz oso urrutira», adierazi zuen herenegun, lege proiektuaren azterketa hasi aurretik.

Hain justu, saio hori Parisen nahien eta ezarri dituen mugen erakusle bilakatu zen, Carole Bureau-Bonnard (LREM) Asanblea Nazionaleko presidenteordeagan irudikatuta: «Hemizikloan ezin da eskualdeko hizkuntzarik erabili», esan zien Fursti eta Thierry Michels diputatuari (LREM) alsazieraz entzun zituenean.

Adostasun zabala
Alsazian adostasun zabala dago ezkerreko eta eskuineko alderdien zein herritarren artean eskualdearen batasunaren inguruan. Horren erakusle da 2014ko azaroaren 9an Asanblea Nazionalean gertaturikoa: Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna (UMP) zenaren diputatu alsaziar batzuek Ez ezazue Alsazia hil zioen banderaxka bat zabaldu zuten, gobernua lurralde antolaketa aldatzear zegoela.

Hollandek 22 eskualdetik 14ra pasatzea proposatu zuen, eta azkenean Asanblea Nazionalak 13ra aldatzea erabaki zuen. Alsaziak zatituta ikusi zuen bere burua 2016tik aurrera, eta Frantziako mapan are desagertuago agertu zen, lau departamendu batu zituen Ekialde Handia eskualdean.

Izan ere, 1982tik 2015era Rhin Gorena eta Beherea eskualde bakar batean egon ziren elkartuta, eta epe horretan ugaritu egin ziren lurraldearen batasun politikoan sakontzeko saiakerak. Esaterako, alsaziarrak izan ziren lehenak, 2013ko apirilan 7an: Frantziako metropolian estreinakoz, herritarrek galdeketa baten bidez erabaki ahal izan zuten beren lurraldearen egitura.

Lurralde elkargoa lortzeko, honako baldintza hauek ezarri zituen gobernuak: bi departamenduetan boto emaileen gehiengoa alde izatea, eta bakoitzean gutxienez erroldaren %25 baiezkoaren alde agertzea. Baiezkoak irabazi zuen arren, ez zen parte hartzearen baldintza bete.

Rhin Beherea departamenduan, boto emateko eskubidea zutenen %67,53 agertu ziren alde, eta Rhin Garaian, %55,74 aurka. Hortaz, bi emaitzak batuta, lurralde elkargoaren aldeko botoa izan zen nagusi: %57,65. Baina Rhin Beherea departamenduan ez zen bete parte hartzearen baldintzetako bat: erroldaren %22,9k soilik parte hartu zuen, Alsazian denera, %35,96k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.