Urkulluk dio ETA «oker bat» izan zela «hasieratik amaieraraino»

ETAren armagabetzeari eta desegiteari buruzko txosten bat aurkeztu du Sabino Arana fundazioaren mintegi batean. Bost lagunek indarkeriari buruzko lekukotasunak eman dituzte

J. A. Rodriguez Ranz, Edurne Portela, Joaquin Gimenez, Juan Maria Atutxa, Juan Maria Uriarte, Maixabel Lasa eta Carmen Torres. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Sabino Arana Fundazioak ETAren bukaerari buruzko mintegi bat antolatu du, Begiradak ETAren amaieraren aurretik eta ondotik izenburupean, eta bost lagun gonbidatu ditu gaiaren inguruko ikuspegia emateko. Baina albistea Iñigo Urkullu lehendakariak ekarri du; ekitaldia ixteko hitzaldia baliatu du txosten bat aurkezteko, ETAren armagabetzean eta desegitean Eusko Jaurlaritzak egindakoaren deskribapena eta balorazioa, non Jaurlaritzak prozesu horien inguruko bere bertsioa ematen duen. «ETA oker bat izan zen hasieratik amaieraraino; ez zuen inoiz existitu behar», esan du, ondorio gisa.

Urkulluren arabera, prozesuak hiru fase izan zituen: lehenengoaren ezaugarri nagusia Jaurlaritzaren «jarrera irekia» izan zen. Esan duenez, kontaktuak izan zituzten Brian Currinek zuzentzen zuen Nazioarteko Harreman Taldearekin, Jonathan Powellen CHD Elkarrizketa Humanitariorako Zentroarekin, eta Ram Manikkalingamen Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin. Jaurlaritzaren, bitartekarien eta ezker abertzalearen iritziak bat zetozen: «ezinezkoa» zen aldebiko harremana izatea PPren gobernuarekin, eta, beraz, ETAk alde bakarretik egin behar zituen urratsak.

Baina, Urkulluren arabera, ETAn ez zegoen «heldutasun nahikorik», eta horren frogak izan ziren ETAk Jaurlaritzari bidalitako eskutitza, «irainez beterik» zegoena, eta Bilboko Carlton hotelean egindako ekitaldia, «armagabetzerako urrats handi gisa aurkeztu zena eta finean urrats txikia izan zena».

2014ko martxoan zabaldu zen bigarren fasea, Urkulluk «lankidetza exijentea» deritzona. Carltoneko ekitaldiak eragindako «dezepzioaren» ondorioz, Jaurlaritzak erabaki zuen ez zuela inongo ekinalditan parte hartuko azken helburuak bermatzen ez baziren —armagabetzea, ETA desagertzea eta iraganaren azterketa kritikoa—. «Jaurlaritzak bere eragiteko gaitasun guztia erabili zuen hurrengo lau urteetan», eta, diotenez, haiek Espainiako eta Frantziako gobernuekin izandako harremana «gakoa» izan zen armagabetzean, baina «ETAren jokoan» erori gabe.

Hirugarren faseak, «berrespen etikoarenak», prozesu osoan zehar iraun du, eta, horrekin, ETAk «bere iragana ez lausotzea» bilatu dute. Horregatik, «etikoki anbiguoak» ziren ekitaldietan parte ez hartzea erabaki zuten; esaterako, Jaurlaritzak uko egin zion ETAren desagertzea irudikatzeko Kanbon antolatutako ekitaldian parte hartzeari, eta beste bat antolatu zuten Nafarroako lehendakari Uxue Barkosekin, Bertizen.

«Indarkeria edo terrorismoa erabiltzea okerra da, oker larria. Oker etiko, politiko eta demokratikoa», esan du Urkulluk, ondorio gisa; «ETA oker bat izan zen hasieratik bukaeraraino. ETAk ez zuen inoiz existitu behar. Inork ez du beste pertsona batzuen giza eskubideak helburu politikoarekin urratzeko zilegitasunik».

Bost begirada ETAri

Urkullu lehendakariaren hitzaldiaren aurretik, bost gonbidatuk lekukotasuna eman dute ETAren indarkeriaren inguruan. Edurne Portela idazleak salatu du ETA indarrean egon zen bitartean euskal gizartea «lekuko huts» izan zela: «Jende askok horrela jokatu zuen; nik ere bai». Elkarbizitzaren eraikuntzan berdin ez jokatzeko deia egin du: «Bakea denon kontua da, ez da soilki biktimen eta biktimarioen arteko auzia».

«Denok bat egiteko moduko zoru etiko» baten alde agertu da: indarkeriaren «zilegitasunik eza». Hortik aurrera, baina, ez du baztertu memoria desberdinak eraikitzeko aukera: «Behin zoru hori onartuta, hainbat kontakizun egon daitezke, desberdinak eta are elkarren kontrakoak ere bai. Gertatu dena ez da memoria bakar batean sartzen».

Carmen Torres idazle eta kazetaria da, eta, horretaz gain, ETAk hildako Jose Maria Portell kazetariaren emaztea ere izan zen. Senarraren hilketak «biktima» bilakatu zuen, eta bera beti borrokatu da horren kontra: «Mahai inguruetan ez zidaten inoiz deitzen idazle edo kazetari gisa aritzeko; soilik terrorismoarekin lotutako gaiez hitz egiteko. Nik Carmen Torres gisa aldarrikatzen dut nire lekua munduan». Esan du Portell hil zutenak barkatu egin dituela, eta barkatzeko gaitasuna «opari» gisa bizi izan duela: «Barkatzen ez baduzu, ezin duzu bakean bizi».

Maixabel Lasak laburbildu egin du Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoaren zuzendaritzatik egindako lana, eta erantsi du horretaz «harro» dagoela, «nahiz eta leku askotan ez zuten ulertzen lan hori». Berak ere «autokritikaren beharra» nabarmendu du: «Denok egin behar dugu autokritika, den-denok. Memoria orainalditik iragana berreraikitzea da, gu interpela gaitzan. Etorkizunerako balioa da».

Joaquin Gimenez Espainiako Auzitegi Nagusiko magistratu ohiak esan du ETAren indarkeriak, «oinaze iturri eta gorroto eskola» izateaz gain, bestelako «zehar kalteak» ere ekarri dituela: «zuzenbide estatuaren erokeria eta zuzenbidearen suntsiketa». Horren adibidetzat, Parot doktrina izenekoa eta torturak aipatu ditu: «Torturarena errealitate bat izan da. Egia da ETAko kideek beti salatzen zutela torturak jaso izana, baina hori bezain egia da torturak egon direla».

Donostiako gotzain emeritu Juan Maria Uriartek esan du ETA desagertzearekin «zenbait aukera» zabaltzen direla, eta «ekin beharreko lanak» ere zerrendatu ditu bere hitzaldian. Horien artean, eta gainerako hizlariak bezala, espetxe politika berraztertzearen eta presoak sorterritik gertuko espetxeetara ekartzearen alde mintzatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.