Uigurren zulo beltza azalera

Txinak milioi bat uigur ditu kontzentrazio esparruetan, asimilazio politika anker bat garatzeko. Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak eman du egoeraren berri.

Uigurren zulo beltza azalera.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Geografian ere antzematen da aldea. Basamortu amaigabeak eta mendilerro soilak daude Xinjiangen. Hirietan eta herrietan, zurez eta adobez eginiko etxe zaharrek kale estuetako labirintoak marrazten dituzte lurrean, meskitetako minareteek zeruan egiten duten bezala. Txinako ipar-mendebaldeko punta horretan behinolatik kultura propioa duen herri bat bizi da, uigurra, eta berezko izanaren zantzuak geografiatik haratago doaz. Xinjiangen beste hizkuntza bat mintzatzen da, beste jainko bati otoitz egiten zaio eta begi luzaranen arrastorik ez da hazpegi latzetan. Txina uniformean anomalia bat da Xinjiang.

Pekinek aspaldian ekin zion uigurren kontrako errepresioari, baina azken urteetan gogortu egin da jazarpena, eta orain erabat azaleratu da uigurrak zulo beltz batean bizi direla.

ICIJ Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak hamalau herrialdetako hamazazpi komunikabidetan argitaratutako dokumentuek argazki itzela atera dute. II. Mundu Gerraz geroztik ez zen ezagutzen gutxiengo etniko bat atxikitzeko horren kontzentrazio esparru sare handirik: ehundik gora esparru daude eskualdean, eta horietan milioi bat uigur baino gehiago dago preso.

Satelite bidezko irudien eta lekukoen bidez jakin denez, eraikin itxiak dira, txarrantxaz inguratutakoak, eta barruan ziegak daude, non presoak gau eta egun dauden zelatatuta bideokameren bidez. Zumrat Dawut 37 urteko uigurraren lekukotza jaso du ikerketak: «Ez zegoen oherik, lurrean etzan behar izaten genuen, baina ez ginen denak sartzen; hortaz, txandakatu egiten ginen gau batean lo egin eta bestean esna egoteko. Bainuak zabalik zeuden, eta denek ikus zezaketen. Eskuak eta hankak bilurrez lotuak genituen,eta, kamerekin, bazter guztietan gertatzen zena ikus zezaketen». Zumratek hiru hilabete eman zituen preso harik eta haren senarraren salaketari esker atera ahal izan zuen arte —AEBetan bizi da apiriletik—.

Atxilotzeak, mehatxuak, torturak, sexu-abusuak eta emakumeak antzutzea ohiko praktikak zirela salatu dute preso izandakoek. Nebijan Hojaahmetena da beste testigantzetako bat. Hamar urteko kartzela zigorrra ezarri zioten islamak eguneko agintzen dituen bost errezoak egiteagatik.

Barne auzi bat

Txinak ukatu egin du kontzentrazio esparru sekretuak izatea. Geng Shuang Atzerri Ministerioko eledunaren hitzetan, «trikimailu zeken bat» baino ez da, «terrorismoaren eta erradikalizazioaren kontra» abian jarri duten kanpaina «belzteko». Txinarentzat, «ideologikoki hezteko eta trebatzeko» zentroak dira. Eufemismo horrekin barne auzitzat duen gatazka ezkutatu nahi du.

PCC Txinako Alderdi Komunistak 2014an jarri zuen abian muturreko islamistak atxilotzeko kanpaina. Urumqi hiriburuan urte hartako maiatzean izandako atentatua izan zen abiapuntua, baina, orduz geroztik, ohiko bihurtu du uigurren kontrako sarekadak, epaiketa masiboak eta exekuzioak. 2016an, Chen Quanguo izendatu zuten eskualdeko arduradun politikoa, eta, analisten arabera, errepresio sistemaren ideologoa da. 2017ko ekaina hilabete beltza izan zen: aste bakar batean, 19tik 25era, 24.412 uigur identifikatu zituzten eta horietatik 706 preso sartu. Beste 15.683 kontzentrazio esparruetara eraman zituzten. Horietan asimilazio politika bat ezartzen dute, ideologikoa eta erlijiosoa; izan ere, uigurrek mandarin klaseak jasotzen dituzte, eta islamari uko egin behar diote.

2017koak dira kontzentrazio esparruen inguruko lehen lekukotzak. Nazio Batuen Erakundeko Arraza Bazterketa Ezabatzeko Batzordeak iazko abuztuan ohartarazi zuen gutxienez milioi bat uigur zituztela atxilotuak.

Jazarpena, baina, ez da berria. Alim Seytoff Uigurren Ameriketako Elkarteko presidenteordeak «genozidioa bat» gertatzen ari zela ohartarazi zion duela hamar urte BERRIAri: «Zapalduta bizi dira uigurrak, baztertuta. Gure kulturaren kontra ari dira egunero. Gure arrastoak ezabatzen ari dira. Egiaz egiten ari direna gure nortasunaren kontrako erasoa da».

Etnien arteko tentsioa

Xinjiangen hamabi milioi uigur bizi dira, baina azken urteotan hazi egin da han etniako kolonoen kopurua. Pekinen asimilazio politikaren estrategia horrek bi etnien arteko tentsioa eragin du. 2009an izan ziren borrokarik latzenak; Urumqin 200 lagun inguru hil ziren. Orduz geroztik, egoera gaiztotu egin da. Hiriak militarizatuta daude, miaketak etengabeak dira, eta debekuen zerrenda gero eta luzeagoa da: salam alekum agurra debekatuta dago, hala nola emakumeek gorputz osoko beloa janztea, edo haurrei izen estremistak jartzea.

Uigurrak Turkiar jatorriko etnia bat dira, eta islama dute erlijiotzat. Uigurrek 1933an aldarrikatu zuten Ekialdeko Turkestango Errepublika. Sobietar Batasunak, ordea, indarrez galarazi zuen askatasun amets hura. Txinako Alderdi Komunistak boterea hartu eta sei urtera, 1955ean, eskualde autonomo izendatu zuen Xinjiang. SESBen gainbeherarekin independentismoaren nahia piztu zen, 1990ean, eta iraultza horrek lorratz sakona utzi zuen. Egun ere badira hainbat mugimendu independentista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.