Sanchez eta Torra hilaren 26an bilduko dira Moncloa jauregian

Kataluniako Gobernuak nazioarteko bitartekaritza bat proposatuko du. Torrak aurreratu du lan egutegi bat zehaztea eta «gatazkaren alde guztiak aitortzea» ere galdegingo duela

Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Datorren asteazkenean, Moncloa jauregian: Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko bilerak badu data eta lekua. Bi gobernuek gainditu dituzte elkarrizketa mahaia abian jartzeko izan dituzten zailtasunak, eta lehen bilkura egingo dute otsaila amaitu aurretik, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eta ERCk eskatu bezala. Quim Torra Kataluniako presidenteak aurreratu du bilera horretan nazioarteko bitartekaritza baten parte hartzea proposatuko duela «negoziaziorako baldintza onuragarri» gisa.

Sanchezek hilaren 24an biltzeko proposamena egin zion asteazkenean Torrari, Espainiako Gobernuak asteazkenean bertan jakinarazi zuenez. Torrak atzo erantzun zion ez dela posible izango bilera datorren astelehenean egitea. Arrazoi «pertsonalak eta pribatuak» aipatu zituen, Sanchezentzako eskutitz batean. Kataluniako presidentea prest agertu zen, baina, otsaila amaitu aurretik elkartzeko, eta beste bost data proposatu zizkion.

Dena den, elkarrizketa ez da «modu onean hasi», Torraren iritziz. Sanchezi aurpegiratu dio bilerarako eguna «hedabideen bitartez» proposatzea, aurretik bi aldeen artean eguna adostu gabe.

Generalitateko presidenteak eragile independentistekin adostu du elkarrizketa mahaira eramango duen gai zerrenda: «Kataluniaren autodeterminazio eskubidearen aitorpena eta ariketa», batetik, eta «errepresioaren amaiera, amnistia eta erreparazioa», bestetik. Hala baieztatu dio Sanchezi gutunean. Horrez gain, negoziaziorako «onuragarri» liratekeen hiru baldintza ere zehaztu dizkio: «lan egutegi» bat zehaztea; «gatazkaren alde guztiak aitortzea», «presoak eta erbestea» barne, eta nazioarteko bitartekaritza baten parte hartzea.

Nazioarteko bitartekaritza

Azken asteetan, desadostasunak azaleratu dira JxC, ERC eta Madrilen artean, mahaiak izan beharreko egutegiari eta bitartekari baten beharrari buruz. Torrak adierazidu nahitaezkoa dela bitartekari baten parte hartzea elkarrizketari ekiteko. Madrilek baztertu egin du aukera hori, elkarrizketa gardena izango dela eta herritarrek ikuskatuko dutela argudiatuta. ERCk, berriz, egoki deritzo bitartekari baten parte hartzeari, baina ez du uste mahaia abiatzeko baldintza izan behar denik, eta «autoboikota» ekiditera deitu du JxC.

Azkenean, Torrak biltzea onartu du Espainiako Gobernuak bitartekari bat onartu gabe ere, baina argi utzi du hasieratik jarriko duela proposamena mahai gainean. Ikusi beharko da Sanchezek ezezkoari eusten badio desadostasuna zenbateko eragozpena izango den elkarrizketarekin jarraitzeko. 2019ko otsailean, hura izan zen elkarrizketarako zailtasun nagusietako bat, eta mahaiak porrot egin zuen. Ondorioz, Sanchezek ez zuen aurrekontuak onartzeko babes nahikoa lortu, eta bozetara deitu behar izan zuen. Aurten ere aurrekontuak onartu beharrean da, eta ezinbestekoa izango du ERCren babesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.