Israelgo indarrek lau palestinar hil dituzte tiroz lurralde okupatuetan

Hildakoetatik hiru Hamasen adar armatuko kideak dira, eta laugarrena, berriz, ustez soldadu bati eraso zion emakume bat. Urtea hasi zenetik, 111 palestinar hil ditu Israelek

Palestinar bat Israelgo armadaren bi ibilgailuren kontra harriak botatzen, atzo, Nablusen. ALAA BADARNEH / EFE.
Mikel O. Iribar - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Israelgo armadak palestinarren aurkako beste sarekada bat egin zuen atzo Nablusen, Zisjordania okupatuan. Erasoan gutxienez hiru palestinar hil zituzten, tiroz, eta beste lau zauritu, Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi zuenez. Hildakoetatik bi ezin izan zituzten identifikatu, «aurpegia erabat desitxuratuta» zeukatelako Israelek jaurtitako balen ondorioz.

Bada, Israelgo armadaren esanetan, hildakoetatik bik apirilaren 7an Jeninen izandako tiroketa batean parte hartu zuten ustez; hiru kolono israeldar hil zituzten eraso hartan. Hirugarrena geroago hil zen, balak eragindako zaurien ondorioz.

Hamasek adierazi du bere adar armatuko kideak zirela hildako hiru palestinarrak. Talde islamistak bere gain hartu zuen apirileko hilketa, eta nabarmendu hildako ama-alabak Jerusalem hegoaldean dagoen legez kanpoko kokagune bateko herritarrak zirela. Orotara, milioi erdi judu bizi dira nazioarteak legez kanpokotzat jotako 200 kokagunetan.

Sarekadan, berriz, Palestinako Ilargi Gorriak esan zuen lau pertsona ospitalera eraman behar izan zituztela, eta gutxienez 150 lagunek negar gasa arnastu zutela, besteak beste zenbait ikaslek. Gainera, Palestinako Wafa berri agentziaren arabera, indar israeldarrek zibilen etxebizitzen aurka tiro egin zuten, eta, hasieran, sartzea galarazi zieten medikuei. Israelen erasoa arbuiatzeko eta horri erantzuteko asmoz, Nablusko alderdi politikoek greba orokorrera deitu zuten atzo.

Israelgo armadako bozeramaile batek, ostera, esan zuen segurtasun indarrek «terrorismoaren» aurka lan egiten jarraituko dutela. Bide horretan, Defentsa ministro Yoav Gallantek armada zoriondu zuen, «eskuadroi terrorista desagerrarazteagatik». Israelgo Ynet hedabidearen arabera, armadako berrehun kidek parte hartu zuten operazioan.

Bestalde, 26 urteko emakume palestinar bat hil zuten eguerdian, Nablus hegoaldeko Huwara herrian. Ilargi Gorriaren larrialdi zerbitzuen arabera, bularrean tirokatu zuten emakumezkoa, eta, ondoren, Rafidia erietxera eraman zuten. Medikuen arabera, oso larri zegoen erietxera heltzean, eta ordu gutxi barru hil zen. Tel Aviven arabera, emakumezkoak soldadu bat zauritu zuen, labana batekin.

Urtea hasi zenetik, Israelgo armadak eta kolonoek 111 palestinar hil dituzte gutxienez; horietatik hogei adingabeak ziren. Palestinak zerrenda horretan sartu du Khader Adnan 44 urteko preso palestinarra ere; Jihad Islamikoko buruzagia 85 eguneko gose greba baten ondoren zendu zen, astelehenean. Palestinarrek Israel egin zuten heriotza horren erantzule, eta zenbait suziri bota zituzten herenegun.

Israelek herenegun gauean erantzun zuen, Gaza bonbardatuz, Israelgo armadak jakinarazi zuenez. Wafa Palestinako berri agentziaren arabera, bota zituzten misiletako bost zibilak bizi diren eraikinetan erori ziren, eta eraso horretan pertsona bat hil zuten, eta beste bost zauritu.

Desjabetzeak

Israelgo armadak Hebrongo udaletxe izandakoan bizi ziren hainbat palestinarri eraikina husteko agindu zien atzo. Lekukoen arabera, militarrek sarreran zintzilikatu zuten desjabetze agindua, jarraian eraikina kolono juduen esku utzi ahal izateko. Hebrongo alkate Taiseer Abu Sneinehk gaitzetsi egin zuen agindua, eta salatu zuen eraikina udalarena dela eta ez Israelgo agintariena. Auzitara joko dutela ere iragarri zuen.

Betleemen, berriz, palestinar batena zen jatetxe bat eraitsi zuten, «baimenik gabe» eraikia zela argudiatuta. Jatetxea zegoen gunea C eremuaren barruan dago, hau da, Israelen kontrolpean —hala daude Zisjordaniako bi herenak—, eta, beraz, Tel Avivi dagokio eraikitzeko baimenak ematea; eskariak palestinarrek aurkezten dituztenean, ordea, erantzuna ezezkoa izaten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.