«Indarkeria elikatu zuen»

Trumpen epaiketa politikoko akusazioak argudiatu du AEBetako Kapitolioan gertaturikoa «antolatua» izan zela, presidentetzarako bozak baino «bost-sei hilabete lehenago hasita»

Trumpen jarraitzaileak, iragan hilaren 6an, Kapitolioko eskailerak igotzen, eraikinean sartzeko. WILL OLIVER / EFE.
ander perez zala
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Ezohikoa da epaiketa politikoen egoitza eta delituaren eszena toki bera izatea, baita epaitua izaten ari den politikaria jada karguan ez izatea ere; zer esanik ez gertakariaren lekuko nagusietako batzuk auzitegi bilakatu den Senatuaren parte direla, eta horien esku dagoela Donald Trump erruduna ote den erabakitzea. Ezohikoa ere bada egunotan AEBetako Kapitolioa militarrez eta burdin hesiez inguratuta egotea. Finean, prozesuak izan ezik, iragan hilaren 6an gertaturikoak eta horrek utzi dituen ondorioek dena dute ezohikotzat. Ez hori bakarrik: akusazioaren iritziz, «hau guztia arriskutsua izan da». Trumpek «indarkeria elikatu» zuen, presidentetzarako bozak baino «bost-sei hilabete lehenago» hasita; ez zen egun edo ekitaldi soil bateko kontua izan, haien arabera.

Alderdi Demokrataren kongresukide taldeak zeregin zaila du asteon hasitako epaiketa politikoan. Gutxienez hamazazpi senatari errepublikanoren baiezkoa behar du arrakasta izateko, baina trumpismoak duen pisuak barne zatiketa bat eragin du Alderdi Errepublikanoan, eta, hortaz, euren interesen ikuspuntutik, goi ganberako ordezkari askok ez dute horretatik aldentzeko asmorik erakutsi. Horren ondorio izan da akusazioaren argudioak entzun beharrean senatari errepublikano asko liburuak edo laneko paperak irakurtzen egon direla egunotan beren eserlekuetan.

Eta, hain justu, errealitate horrengatik aritu dira kongresukide demokratak hitzaldi emozionalak egiten, azken hilabeteotan gertaturikoaren larritasunean arreta jartzeko —horietako bat Madeleine Dean da, iragan hilaren 6an ebakuatu behar izan zuten politikarietako bat—.

Trumpen aldeko protestarien artean desberdintasunak daudela nabarmentzeaz ere aritu dira, «batzuk protesta baketsua egitera» joan zirelako Kapitoliora; Mike Pence presidenteorde ohiaren jarreraz hitz onak ere izan dituzte, presidente izandakoaren jarrera kritikatzeko.

Akusazioak Trumpen hiru esaldi oroitarazteko eskatu die senatariei: «Gezur handia»; «Gelditu lapurreta»; eta «Borrokatu infernua bezala lapurreta gelditzeko». Joe Neguse kongresukide demokrataren arabera, azken adierazpen hori «armak hartzeko» dei bat izan zen, presidentetzarako bozen emaitzak aldatzeko asmotan.

Estatuburu ohiak iragan urte ia osoa pasatu zuen bozen ustezko iruzurra salatzen, eta, bere jarraitzaileen aurrean, errealitate eta erretorika zehatz bat eraiki zuen. «Aurreikus zitekeen. [Manifestariek] Uste zuten harengatik [Trumpengatik] egiten ari zirela, beren eginbehar abertzalea zela. Eta hark babestuko zituela»; hori da, Neguseren iritziz, hilabeteotan gertaturikoaren gakoa. Baita honakoa ere, Jamie Raskin kongresukideak esana: «Komandante burua izatetik bultzatzaile burua izatera pasatu zen».

Horixe da presidente ohiari egotzi dioten delitua, «matxinada bat bultzatzea». Ted Lieuren arabera, Trump «biolentoak ez diren aukerarik gabe geratu zen» boterean jarraitzeko.

Akusazioaren hitzek eta tonuek gertaturikoaren larritasuna erakutsi nahi dute, baina kontuan harturik parean dituztenek aurrez aurre bizi izan zutela iragan hilabetean gertaturikoa, egun horretan sentitu zutena oroitarazteko estrategia bideoak, txioak eta esanak pantaila batean erakustea izaten ari da; lehen egunean hamahiru minutuko klip bat izan zen, eta, bigarrenean, besteak beste, aurrez publiko egin ez zen bideo bat, Kapitolioan izandako «muturreko indarkeria» erakusteko.

Egun hartan, manifestariek polizia bat hil zuten, eta Kapitolioko segurtasun indarrek, Trumpen jarraitzaile bat. Talkak amaigabeak ziruditen, Guardia Nazionala iritsi eta etxeratze agindua ezarri zuten arte; Stacey Plasketten arabera, jarraitzaileek «gerran» zeudela uste zuten, presidente ohiak urte erdiz sorturiko errealitateak sustatuta. «Antolatua izan zen».

«Agian ez da itzuliko»

Akusazioa aurkezturiko txio eta mezuen artean, besteak beste, manifestari batek bere seme-alabei esandakoa nabarmendu da: «Elkarrizketa zail bat izan dut haiekin. Azaldu behar izan diet bere aita agian ez dela Washingtondik itzuliko».

Kongresukide demokratek gaur jarraituko dute beren argudioak azaltzen, eta, haien ostean, Trumpen abokatuei egokituko zaie haren defentsa egitea; horren oinarria «adierazpen askatasuna» izango da, asteon jakinarazi dutenez.

Aurtengoa AEBen historiako epaiketa politikorik azkarrena izango da. Etzi Sabatt juduen egun santua da, eta egun horretan prozesua eteteko eskatu zuten; azkenean, ez dute halakorik egingo, eta baliteke aste amaieran edo hurrengo aste hasieran amaitzea. Oraingoz, badirudi Trump errugabea dela ebatziko duela Senatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.