Nafarroak 253 milioi gastatu ditu orain arte izurriari aurre egiteko

Nafarroako Kontuen Ganberak ondorioztatu du pandemian «arrazoizko gestioa» egin dela. 6.800 kontratazio egin dira, eta klinika pribatuek 8,6 milioi euroko faktura utzi dute

Osasun arloan kontratatutako hamar langiletik zazpi erizain eta erizain laguntzaileak izan dira. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Parlamentuaren aginduz, Nafarroako Kontuen Ganberak COVID-19aren pandemiak lurraldeko kontu ekonomikoetan utzitako lorratza aztertu du, eta datuetan jarri du arreta. Ikuskaritza batez ere iazko kontabilitatean oinarritu bada ere, aurtengo martxora arteko datu batzuk ere eguneratu ditu, eta ondorio nagusia da gaur-gaurkoz COVID-19ak 253,3 milioi euroko gastua eragin diola Nafarroari: 224,9 milioi iaz izan ziren, eta 28,4 milioi, aurten. Ganberak ondorioztatu du «arrazoizko kudeaketa» egin dela, eta «salbuespenak kenduta» legediaren arabera egin direla langileen eta zerbitzuen kontratazioak.

Fakturari aurre egiteko, Espainiako Gobernuak 187,1 milioi eurorekin finantzatu du Nafarroako Gobernua, batik bat erkidegoentzako funtsetik 175 milioi euro banatuta. Azterketan nabarmentzen denez, herritarrek 189.000 euro eman dituzte borondatezko donaziotan. Azkenik, zor merkatuetan 648 milioi euro lortu zituen iaz Nafarroak, baina ganberak ezin izan du zehaztu kopuru horretatik zenbat bideratu den COVID-19ari aurre egitera.

LAN KOSTUAK
6.800 kontratazio


Iaz, 225 milioi euroko faktura eragin zuen izurriak, eta kopuru horretatik 45 milioi (%20) lan kostuetara bideratu behar izan zituen administrazioak. Batik bat, behin-behineko langileak kontratatzeko (23,4 milioi) eta gaixo jarritako langileen ordezkapenak egiteko (4,7 milioi) erabili zuen diru hori. Halaber, pandemiari aurre egiteko langile publikoek egindako esfortzuak isla izan du bestelako kontzeptuetan. Adibidez, produktibitate osagarria ordaintzeko 3,7 milioi euro erabili ziren. Jai egunak, aparteko orduak, gaueko sariak, txandak eta guardiak ordaintzeko, 4,4 milioi euro behar izan zituen.

Gastu horren erdia kontratazio berrietarako izan da. Orotara, 6.800 kontratazio egin behar izan ditu gobernuak: batik bat, Osasunbidean (%72), hezkuntzan (%18), eta zahar etxeetan eta mendekotasuna dutenentzako egoitzetan (%10). Behin-behineko kontratuok iraupen motzekoak izan ziren, eta, horrenbestez, berez, 3.400 langile kontratatu ziren: Kontratu horien laurdenek hiru eta sei hilabete arteko iraupena zuten; %31k, hilabete eta hiru hilabete artekoa; %34k, hilabete baino gutxiagokoa, eta %8k baino ez sei hilabetetik gorakoa.

Kontratuen erdiak baino apur bat gehiago (%52) Nafarroako Ospitale Gunearen beharrak asetzeko erabili dira, eta beste %25 lehen arretako osasun etxeen sarerako. Tuterako Reina Sofia eta Lizarrako Garcia Orkoien ospitale publikoek 708 eta 155 kontratazio egin zituzten, hurrenez hurren. Oro har, kontratatutako hamar langiletik zazpi erizainak edo erizain laguntzaileak izan ziren —3.391, guztira—. Gainerako kontratazioen artean, batik bat zeladoreak (%9) eta administrazio arloko langileak (%7) nabarmentzen dira. Lehen arretarako 29 mediku kontratatu ziren, eta larrialdietarako, hamar mediku laguntzaile.

MATERIALA
3,4 milioi euro maskaretan


Giza baliabideak alde batera utzita, materiala eskuratzeko 71 milioi euro behar izan ditu gobernuak. Gastu horren herena (23,5 milioi) osasuneko osagaiak erosteko izan da, eta beste hamalau milioi euro, PCR eta antigeno probak egiteko laborategi gastuetarako. Urtebete honetan, maskarak premiazko elementu bihurtu dira, eta 3,4 milioi euroko faktura eragin dute: 2,2 milioi maskara kirurgikoek, eta 1,2 milioi FFP2 motakoek.

Era berean, pandemiak garbiketa zerbitzuen eta materialen beharra handitu du, eta 4,1 milioi euro bideratu da atal horretara. Zahar etxeetan bete-betean eragin zuen pandemiak, eta egoera horri aurre egin behar izateak 4,5 milioi euroko gastua eragin du.

OSASUN HITZARMENAK
Klinikan ohe bat, 4.908 euro; ZIUko ohea, 41.000


Gaixo gehienak ospitale publikoek artatu dituzte, baina zenbait kasutan Nafarroako Unibertsitate Klinikara, San Juan de Dios ospitalera edo San Miguel klinikara bideratu dira. Hiru erakunde pribatu horiei 8,6 milioi euro ordaindu zaizkie. Ganberaren arabera, «kudeaketa egokia izan da, ez delako pazienterik artatu gabe utzi, eta kostua ez delako Osasunbidearena baino handiagoa izan».

Izan ere, parlamentuak agindu berezia eman zion ganberari, faktura azter zezan. Unibertsitate Klinikan eta San Miguel klinikan, gaixo bat ZIUko ohe batean egoteak 40.978 euroko kostua du, eta plantan, berriz, 4.908 eurokoa. Tarifa finkoa da; hots, berdin du zenbat denbora ematen duen pazienteak. Erreserban ohe bat gorde behar izateak, berriz, eguneko 181 euroko kostua du.

San Juan de Dios ospitaleak eguneko tarifa ezarri du. Lehen hamar eguneko ospitalizazioak 519 euroko kostua du eguneko, eta hamaikagarren egunetik aurrera, 298 eurokoa —zenbat eta gehiago izan ospitaleratuta, tarifa murriztu egiten da—.

LAGUNTZA ETA INBERTSIOAK
Autonomoei, 24 milioi euro


Enpresei, udalei, familiei, laborariei eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari ordaindutakoa izan da gastuaren atal nagusia: 72 milioi orotara. Izan ere, konfinamenduak eta ondorengo neurriek hainbat sektore ekonomiko zigortu dituzte, eta, orotara, iaz 39,9 milioi bideratu zituen enpresa pribatuen laguntzetara; gehienbat, autonomoengana heldu zen diru hori (24 milio euro). Laguntza hori jaso ahal izateko, aski zen ahalmen ekonomikoari buruzko adierazpen bat sinatzea, eta ganberak ohartarazi du ez zela hori egiaztatzeko mekanismorik ezarri. Azpimarratu du ondoren ostalaritzarako eta turismorako abenduan eta martxoan egindako laguntza deialdian oker hori zuzendu egin dela.

Larrialdi soziala ere eragin zuen pandemiak, eta familien eta norbanakoen artean 7,7 milioi euro banatu zituen laguntzetan. Udalek 25 milioi euro jaso dituzte, bi helbururekin: 11,5 milioi ezohiko gastuei aurre egiteko, eta 13,5 milioi euro inbertsioetarako.

Guztira, hamalau milioi euroko inbertsioa egin behar izan du administrazioak, eta erdia (6,9 milioi euro) informatika arloko ekipamenduak erosteko baliatu da —eskoletan, adibidez, bost milioi euroko inbertsioa eskatu du—. Mediku ekipamenduetan (arnasgailuak, kasurako), 2,9 milioi euroko inbertsioa egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.