Calaisen dauden etorkinek jasaten duten jazarpena salatu du HRWek

GKEak kaleratutako txosten baten arabera, poliziek «jazarpena eta umiliazioa» darabilte kanpalekuetako migratzaileen aurka. 2.000 bat lagun bizi dira han baldintza oso kaskarretan

Migratzaile talde bat otordu bat prestatzen, Calaisko kanpaleku batean (Frantzia), iazko martxoaren bukaeran. SEBASTIEN COURDJI / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Zalantzarako zirrikiturik ez du uzten HRW Human Rights Watchek kaleratu duen azken ikerketak: Frantziako Poliziako agenteek Calaisko (Frantzia) kanpalekuetan dauden migratzaileak «jazartzen eta umiliatzen» dituzte, eremu horietatik alde egin dezaten. GKE gobernuz kanpoko erakundeak txosten horren berri eman du, hain zuzen, hilaren amaieran bost urte beteko diren honetan Frantziako Gobernuak Calaisen kanpaleku handi bat hustu zuenetik —6.500-8.000 lagun bizi baldintza oso kaskarretan egon ziren han 2015ean eta 2016an—. Erakundeak salatu du poliziek «abusuzko» jarrera dutela, kanporatzeak masiboak direla, eta, gainera, etorkinentzako giza laguntza oztopatzeko eta murrizteko ahaleginean ari direla agenteak. «Justifikaezina da pertsonak umiliatzea, egunero jazarria izatea», kritikatu du Benedicte Jeannerod Frantziako HRWen zuzendariak, ohar batean.Haren ustez, migratzaileei atzera eraginarazteko politikek «porrot» egin dute «guztiz».

Ikerketaren arabera, 2016ko urriaren amaieran agintariek kanpalekua hutsarazi zutenetik, 2.000 bat etorkinek, besteak beste 300 adingabe inguruk, Pas-de-Calais departamentuan jarraitu dute, basoetan, parkeetan edo, besteak beste, autobideetako zubien azpian kanpalekuak jarrita.

Poliziaren jokabidea gorabehera, HRWek oroitarazi du oraindik ere migratzaileak iristen direla Calaisera, behin Mantxako kanala paperik gabe igarota Erresuma Batura iristeko asmoarekin. Horiek horrela, erakundeak nabarmendu du joan den uztailean inoiz baino papergabe gehiago ahalegindu zirela kanalean barrena itsasoa zeharkatzen. Kontrara, Calaisen eta haren aldirietan baldintza txarretan bizi direnekiko «utzikeria» areagotzen ari da.

Bai iaz eta baita aurtengo lehen erdian ere, txostenak dioenez, Poliziak bi egunez behin egiten ditu kanpalekuak hutsarazteko operazioak. Etorkinei kanpadendak, txabolak, eta, besteak beste, lotarako zakuak kentzen dizkiete, edo horiek erabilezin bihurtzen dituzte. Gainera, behin hori eginda, ez diete alternatibarik eskaintzen iheslariei, nazioarteko zuzenbideak zehazten duen arren eman behar zaiela.

Behartutako miseria: Frantzia iparraldean migratzaile adingabeei eta helduei ematen dieten tratu apalgarria izena jarri diote txostenari, eta 2020ko urria eta abendua bitartean, eta aurtengo ekainean eta uztailean 60 bat etorkin eta Pas-de-Calais departamentuko hainbat iturri ofizial elkarrizketatuta osatu dute. Elkarrizketa horietako batean Irakeko Kurdistango emakume batek 2020ko abenduan esandakoa jaso dute txostenean: «Polizia heltzen denean, bost minutu izaten ditugu dena txikitu aurretik kanpadendatik ateratzeko. Ez da posible bost pertsona, tartean ume txikiak, kanpadenda baten barruan egonik bost minutuan janztea».

Eta polizia horiek beraiek GKEen lana zailtzen dute, argudiatuz giza laguntza ematen jarraituz gero erakartze efektu bat gertatzen dela. HRWekoak ez daude ados: «Kostalde honek duen alderdi erakargarri bakarra da Erresuma Batua 30 kilometrora dagoela». Brexit-az geroztik, ordea, Erresuma Batuak blokeatu egin du adingabe papergabeak familiarekin elkartzeko bidea, esaterako. GKEak Londresi eskatu dio «bide seguruak eta legezkoak» eskain ditzala migratzaile papergabeek hara iritsi eta aukera eduki dezaten errefuxiatu estatusa eskatzeko, ikasteko edo lan egiteko. Erakundeak uste du, gainera, EB Europako Batasunak sistema bat sortu beharko lukeela migrazioari erantzuteko orduan estatu kideek erantzukizunak konpartitu ditzaten, «iritsierako lehen herrialdeetan gehiegizko presioa saiheste aldera».

EBko Barne komisario Yliva Johanssonek migrazioa izan zuen hizpide atzo, HRWen txostena argitaratu eta gutxira, baina ez zuen hitz egin GKEak Bruselari planteatutakoaz. Prentsaren aurrean jakinarazi zuen «oso kezkatuta» dagoela zenbait hedabidek kaleratu dutelako Kroaziako, Greziako eta Errumaniako mugetan migratzaileei tratu txarra ematen dietela —EBko estatuak dira hirurak—, eta atzera bueltan bidaltzen dituztela. «Ikertu egin behar da; onartezina da. Baina, itxura denez, nolabaiteko talde kriminalak daude gure kanpo mugetan». Kroaziako Gobernuak atzo iragarri zuenez, batzorde bat eratuko dute akusazio horiek ikertzeko.

EBren 'Txartel urdina'

Txartel urdin berria onartzeko azken pausoa eman zuen atzo EBk. Txartel horrekin «migratzaile oso kualifikatuak» erakarri nahi dituzte, eta, hortaz, klubetik kanpoko estatuetako pertsonak kontratatzeko burokrazia «arintzea eta malgutzea» dute asmo, Esloveniako Barne ministro Ales Hojsek atzo adierazi zuenez —Eslovenia dago orain Europar Kontseiluko presidentetzan—.

Txartelaren berritasunetako bat zera izango da, adibidez, bat duenak eta bere senideak EBko beste estatu batera mugitzeko moduan egongo direla, aurrez, lehenengo estatuan, txarteldunak hamabi hilabetez lan egin baldin badu. «EBk bere posizioa indartu ahal izango du langile kualifikatuentzako plaza gisa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.