Israelek kolonien proiektuak azkartu ditu Jerusalem ekialdean

Givat Hamatos eremuan lurrak desjabetzea onartu du, juduentzako 1.250 etxebizitza altxatzeko. Gainera, bide eman dio Pisgat Zeev kolonia 470 etxebizitzarekin handitzeari

Israelek kolonien proiektuak azkartu ditu Jerusalem ekialdean.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun

Israelek 1967. urteaz geroztik okupatuta dauka Jerusalem ekialdea, eta han kolonoentzako milaka etxebizitza eraikitzeko planekin aurrera egiteko asmoa berretsi du Naftali Bennet Israelgo lehen ministroaren gobernuak. Israelgo Haaretz hedabide israeldarraren arabera, Jerusalem ekialdean bi kolonia berri eraikitzeko urrats bat gehiago egin zuen asteazkenean: Jerusalemgo tokiko planen batzordeak Givat Hamatos inguruko lurrak desjabetzea onartu zuen, eta bide eman zion Pisgat Zeev kolonia 470 etxebizitzarekin handitzeko planari.

 

Litekeena da hilabeteko epean pauso gehiago ematea. Datorren astean, E1 kokagunearen plana eztabaidatuko du batzordeak, eta, abenduaren 6an, Atarot aireportuaren ondoko kolonia erraldoia altxatzeko plana. Azken horrek 9.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du kolono juduentzako.

Lau proiektuak legez kanpokoak dira nazioarteko zuzenbidearen arabera, Palestinaren lurretan egingo liratekeelako. Hori dela eta, nazioarteak presio egin dio Israeli okupatutako lurretan kolonia gehiago eraiki ez ditzan. AEBen kontrako jarrerak urteetan geldiarazi ditu Tel Aviven asmoak; bereziki, Barack Obama AEBetako presidente ohiaren agintaldian. Donald Trump Etxe Zurira iritsi zenean ere Israelek ez zuen urratsik egin Jerusalem ekialdeko eremu horietan eraikitzeko.

Trumpen agintaldiaren amaieran ekin zion Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministro ohiak prozesua bizkortzeari, eta Bidenek agintea hartu baino egun gutxi batzuk lehenago itxi zuen Givat Hamatos kolonia eraikitzeko prozesua. Bulldozerrak eremua prestatzeko lanetan hasi ziren orduan.

Bennet azkar ari zaio segida ematen Netanyahuk ireki zuen bideari, eta, oraingoz, ez du AEBetako Gobernuaren kritika zorrotzik jaso, publikoki. Hala ere, Israelgo hainbat hedabidek adierazi dute Etxe Zuria presio egiten ari zaiola elkarrizketa pribatuetan, proiektu horiek geldiarazi ditzan.

Nazioartearen kezka da Tel Avivek kolonia horiek eraikiz gero ezinezkoa izango dela Israelen eta Palestinaren arteko gatazka gainditzeko bi estatuen irtenbidea gauzatzea. Ildo horretan, Givat Hamatos eta E1 koloniak jotzen dituzte, bereziki, arduragarri. Givat Hamatosek —1.250 etxebizitza baino gehiagoko proiektua da— eten egingo luke Jerusalem ekialdearen eta beste herri palestinar batzuen arteko lotura. Kolonia israeldarrek guztiz inguratuko lukete Palestinako hiriburua. E1 koloniak —3.500 etxebizitza—, berriz, bitan zatituko luke Zisjordania, eta oztopatu egingo lituzke iparraldeko eremuaren eta hegoaldekoaren arteko joan-etorriak.

Ataroteko koloniak ere eragozpen handiak eragingo lituzke etorkizunean Palestinak estatu propio bat izan dezan. Atarot aireportu abandonatuaren eta izen bereko inguru industrialaren ondoan eraiki nahi dute kokagunea, eta palestinarrek Jerusalemen garapenerako duten eremu libre bakarra hartuko luke.

Oreka bila

Yair Lapid Israelgo Atzerri ministroa Washingtonen dago egunotan, bisita ofizial batean. Anthony Blinken AEBetako Estatu idazkariarekin bildu zen asteazkenean, eta bi agintariek hiruko bilkura bat egin zuten ondoren Arabiar Emirerri Batuetako Atzerri ministro Abdullah bin Zayedekin.

Bilkuraren ostean, Estatu idazkariak ez zion aipamenik egin Israelen kolonizazio politikari. Bestelako gaiak izan zituzten hizpide Lapidek eta Blinkenek: Iran, Israelen eta hainbat herrialde arabiarren arteko itunak, eta AEBek palestinarrentzako Jerusalemen ireki asmo duten kontsulatua, besteak beste.

AEBetako Gobernuak kolonien gaineko aipamenik egin ez zuenez, pentsa daiteke gai hori ez dela Etxe Zuriaren lehentasun bat Ekialde Hurbilean, edo prest dagoela kolonizazio politika hori onartzeko, haren aliatuarekin harreman ona mantentzearren. Hainbat adituren iritziz, ordea, baliteke oreka politiko kontu bat izatea. Horien arabera, Bidenek ez du Bennetekin errepikatu nahi Obamak eta Netanyahuk elkarrekin izan zuten aurrez aurreko talka. Gainera, Bennetek koalizio gobernuan duen egoera ezegonkorrari ere erantzungo lioke isiltasun horrek, kolonien gaineko kritika publiko batek lehen ministroaren agintea kolokan jar dezakeelakoan. Hala gertatuko balitz, Netanyahu bera litzateke Benneten aurkaririk handiena.

Kolonoentzako milaka etxebizitza eraikitzeko proiektuak aipatu gabe, Blinkenek adierazi zuen Bidenen gobernuak bi estatuko irtenbidea babesten duela Palestinaren eta Israelen arteko gatazka gainditzeko. Zeharka uler daiteke ez dituela begi onez ikusten Jerusalem ekialdean koloniak eraikitzeko urratsak, irtenbide hori zailtzen duten neurrian.

Bennetek, berriz, adierazia du Palestinak bere estatu propioa izatearen kontrako jarrera. Aste honetan bertan, Angela Merkel Alemaniako jarduneko kantzilerra Israelen bisitan zela, ziurtatu zuen Palestina independente bat «estatu terrorista» bat izango litzatekeela, eta Israelek ezin du onartu «mehatxu» hori.

Adierazpen publikoak alde batera utzita, Etxe Zuria Israeli elkarrizketa pribatuetan presio egiten ari bazaio kolonia gehiago eraiki ez ditzan, argi dago oraingoz ez duela lortu Tel Aviven planak geldiarazterik. Ikusi beharko da Jerusalemgo tokiko planen batzordeak zer erabaki hartzen dituen datozen asteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.